Historia propioaren kontalari

‘Ahotsak eta begiradak’ izenburuko ikus-entzunezko proiektua inauguratu dute asteburuan San Martin Unxen. Silvia Aierra eta Stephanie Chiron artistek garatu dute, herriko Garnatxa emakumeen taldeak sustatuta, andreen memoria kolektiboa osatzeko.

San Martin Unxeko 'Ahotsak eta begiradak' proiektuko argazki bat. Herriko emakumeen inguruko proiektu bat da, eta Silvia Aierrak eta Stephanie Chironek garatu dute. Bertzeak bertze, podcast bat grabatu dute —irudian—. NAFARROAKO HITZA.
San Martin Unxeko 'Ahotsak eta begiradak' proiektuko argazki bat. NAFARROAKO HITZA
edurne elizondo
Iruñea
2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

Presarik gabe egin nahi izan du lan; sorterrian aritu delako, eta sorterrian aritzeak ardura berezi bat eman diola sentitu duelako. «Duela hamar urte egin nituen argazkietako zenbait, orduan jada nire herriko memoria lantzeko gogoa banuelako». Silvia Aierra argazkilari eta artista plastikoarenak dira hitzak. Ahotsak eta begiradak izenburuko proiektua garatu du, Stephanie Chironekin batera, San Martin Unxeko emakumeen memoria kolektiboa osatzeko. San Martin Unxeko Garnatxa emakume taldeak sustatu du egitasmoa, eta Beireko eta Uxueko andreek ere parte hartu dute. Asteburuan inauguratu zuten Aierrak eta Chironek sortutako ikus-entzunezko instalazioa, eta uda amaitu arte ikusi ahal izanen da San Martin Unxen, Beiren eta Uxuen.

30 argazkik osatutako erakusketa ondu dute Aierrak eta Chironek. San Martin Unxeko karriketan zintzilikatu dituzte guztiak. Aierrak eginak dira argazki horietako zenbait. San Martin Unxeko emakumeekin elkarlanean aritu da, eta proiektua «denen artean sortu» dutela nabarmendu du artistak. 2023ko irailetik, asteburuetan egin dute bat, eta elkarri eman diote norbere memorien, esperientzien eta iritzien berri. «Feminismoak irakatsi digu pertsonala politikoa badela, eta hori da herrian garatu dugun proiektuaren oinarria», kontatu du Aierrak. «Emakumeen egunerokotik abiatuta, emakumeok historia propioa kontatu dute; gure proiektuak historia hori zabaldu nahi du, emakumeon memoria hori memoria kolektibo bilakatuz», erantsi du artistak.

Aierrak egindako argazkiekin batera, proiektuan parte hartu duten emakumeek etxean gordetako argazki zaharrekin osatu dute instalazioa. Irudi bakoitzak QR kode bat du, eta, haren bidez, argazkian ageri den emakumearen hitzak aditu ditzake bisitariak. Ibilaldi moduko bat egin dezake, hain zuzen, eta, andreen memoriaren bidez, herriko historia jaso. Garnatxa emakume taldeak duen helburua bere egin dute Aierrak eta Chironek, eta prestatu duten instalazioarekin balioa eman nahi izan diote landa eremuko emakumeen lanari.

Hirian bezala, landa eremuan ere emakume migratzaile anitz ari dira zaintza lanetan, eta haiek ere parte hartu dute Ahotsak eta begiradak proiektuan. Aierrarentzat, garrantzitsua zen memoriaren eta historiaren zati hori jasotzea, eta memoria eta historia hori emakume migratzaileek euren hitzen bidez kontatzea. «Sormen kolektiboaren indarra» berretsi du artistak: «Nik metodologia bat dut, eta hori erabili dut proiektu honetan, baina sormena denona da».

Despopulazioaren kontra

Azken urteotan, anitz izan dira San Martin Unxen herriaren husteari aurre egiteko sortu dituzten egitasmoak. Iazko irailean, bertzeak bertze, Unx jaialdia antolatu zuten lehendabizikoz, musika eta ardoa uztartuz, herria biziberritzeko asmoz. Ardoaren inguruko kultura handiko herri bat da San Martin Unx, eta emakumeak ere kultura horren parte dira. Andreek ardoaren sektorean egin duten lanaren berri ematen du Garnatxa elkarteak Y a la viña también izenburupean egindako dokumentalak, hain justu. Emakume horiek eta, oro har, landa eremuan bizi diren guztiak omendu nahi izan ditu Garnatxak filmaren bidez.

«San Martin Unxen lan handia egiten ari dira despopulazioari aurre egiteko; hainbat sektoretan ari da jendea lanean», erran du Aierrak. Garnatxa elkarteko emakumeak feminismoaren bidetik egiten ari diren urratsak nabarmendu ditu artistak, eta azpimarratu du elkarteko kideak gai izan direla belaunaldi askotako andreak batzeko. Stephanie Chironek lotura horiek baliatu ditu Ahotsak eta begiradak proiektuan, eta Aierraren argazkietan ageri diren emakumeen istorioak haien ahotan jaso ez ezik, zuzeneko podcast bat ere grabatu du andre horiekin, haien kezken, gogoeten, memorien eta esperientzien inguruan.

«Emakumeen egunerokotik abiatuta, emakumeok historia propioa kontatu dute; gure proiektuak historia hori zabaldu nahi du, emakumeon memoria hori memoria kolektibo bilakatuz». 

SILVIA AIERRA Argazkilaria eta artista plastikoa

Herrian sortutako sarea inguruko herrietara zabaldu nahi izan dute, hain zuzen ere, eta ahalegin horren ondorioz lortu dute Beireko eta Uxueko emakumeak ere Ahotsak eta begiradak proiektuan inplikatzea. «Herri bateko esperientzia ondokoetan ere baliatzea da kontua, eta denon artean bilatzea denoi mesede eginen diguten konponbideak», azaldu du Aierrak.

Beiren eta Uxuen ere erakutsiko dute Ahotsak eta begiradak proiektuko ikus-entzunezko instalazioa: maiatzaren bukaeran jarriko dute Beiren, eta Uxuen, berriz, uztaileko bigarren hamabostaldian. Instalazioaren bidez, herriotako emakumeen ahotsak eta begiradak ezagutzeko aukera izanen dute herritarrek eta bisitariek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.