Handituz doa Nafarroako Zentinela Farmazien Sarea: 45 botikak osatzen dute egun, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez. Gobernuko Osasun Departamentuak eta Nafarroako Botikarien Elkargoak sortu zuten sarea, 2019. urtean, botikekin lotutako segurtasun arazoak atzemateko asmoz. Hasieran, 24 botika eta 36 botikari batu ziren sarera; 45 farmazia dira orain, eta 53 botikari.
Osasun Departamentuko arduradunek nabarmendu dute sareko kideek egiten duten lana «hagitz garrantzitsua» dela. Botikariak herritarrengandik «hurbil» daudela azpimarratu dute saileko ordezkariek, eta horrek errazten diela botiken erabilerarekin lotutako segurtasun arazoez ohartzea. Zehazki, zentinela farmazien sarea pazienteen segurtasuna hobetzeko tresna bat izatea nahi dute.
Botikekin lotutako segurtasun arazoak hainbat izan daitezke: botikek ondorio kaltegarriak eragitea, botiken arteko nahasketak kontrako efektuak eragitea, botikak hartzerakoan huts egitea, haiek behar bezala ez erabiltzea edo behar baino gehiago erabiltzea, kalitateari dagozkion arazoak...
Arazo horien guztien inguruko informazioa jasotzea da zentinela botiken lana, informazio hori Nafarroako Gobernuaren esku jarrri ahal izateko.
Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Botikarien Elkargoak 2019ko apirilean sinatu zuten zentinela farmazien sarea osatzeko akordioa. 2020an, baina, hasitako lana bazter utzi behar izan zuten, koronabirusaren pandemiak eztanda egin eta gero. 2022ko martxoan, botikariek eta Osasun Departamentuko arduradunek proiektua berriz martxan jartzeko urratsa egin zuten: 2019ko hitzarmena garatzeko programa adostu zuten. Urte bereko apirilean, Botiken Segurtasun Mahaia osatu zuten, urtean behin biltzeko asmoz.
Farmakozaintza zentroa
Zentinela farmazietako botikariek trebatu egin behar izan dute sarearekin bat egin ahal izateko. Trebatu eta gero, sarearekin bat egiten dutenean, botikariek bi bide dituzte farmazietan atzemandako arazoen berri emateko: atzemandako arazo horrek gaixoen osasunari kalte egin badio, Nafarroako Farmakozaintza Zentrora bidaliko dute horren berri; atzemandako arazoek gaixoen osasunari kalte egin ez badiote eta arazo horiek konpontzeko zer egiterik badago, berriz, Nafarroako Botikarien Elkargoaren webgunearen bidez kudeatuko dituzte. Nafarroako Gobernuak informazio guztia jasoko du, betiere.
Nafarroako Farmakozaintza Zentroa herrialdeko gobernuaren Osasun Departamentuaren barruan dago; zentro horretan jaso eta aztertzen dituzte osasun arloko profesionalek, herritarrek eta botikagintzaren arloko kideek botikek eragindako kontrako efektuei buruz izan ditzaketen susmoak.
Nafarroako Zentinela Farmazien Sareak egiten duen lanaren barruan dago Akatsik ez izeneko kanpaina ere, eta haren helburua da «arrisku handiko» botiken erabilera zaintzea. Botika baten gehiegizko dosi batek kalte larriak eragin baditzake, farmaziek zubi lana egiten dute gaixoek botika hori «behar den bezala» hartu ahal izateko, eta eragin ditzakeen kalte horiek ahalik eta gehien murrizteko.
115 ohe kenduko dituzte udan ospitaleetan
Osasunbideko ospitaleek 115 ohe gutxiago izanen dituzte udan, Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak jakinarazi duenez. 115 ohe horietako 86 Nafarroako Unibertsitate Ospitalean kenduko dituzte; 25, Tuterako ospitalean; eta bertze lau, berriz, Lizarrako ospitalean.
Herrialdeko gobernuak azaldu du udako hilabeteetan behera egiten ohi duela ospitaleetako jarduerak; profesionalen oporrak ere kontuan hartu behar direla erantsi dute Osasun Departamentuko arduradunek. Aipatu dute martxotik 1.154 langile kontratatu dituztela lantaldearen udako oporrei aurre egiteko.