Musika, argiak eta barre algarak. Horixe da barraketako soinu banda; berdin toki batean edo bertzean. Ezinbertzeko elementu bilakatu dira edozein herritako bestetan. Batzuek gozatzeko, ordea, bertze batzuek lan egin behar dute, eta barraken jabeek herriz herri eta lan eta lan ematen dituzte udako hilabeteak; udakoa da haien sasoi nagusia, eta atseden hartzeko denborarik ere ez dute izaten. Halaxe ibiltzen dira Manuel De los Santos eta Carlos Alberto Trinchete, ezin atseden hartu; Azagrakoa da lehena, eta bigarrena, Azkoiengoa. Apiriletik urrira arte, bestaz besta mugituko dira. Etxean ikasi dute ofizioa, eta garbi erran dute ez luketela aldatuko. Maite dituzte barrakak eta maite dute bestak girotzeko lana.
De los Santos eta Trinchete Nafarroako Barraketako Industrialarien Elkarteko kide dira. «Nafarroan jende gutxik egiten du lan barraketan», erran du elkarteko idazkari Jose Javier Goldarazek. Halere, elkartean bat egin dute zenbaitek. 1984. urtean sortu zuten, eta, orduan, bost kidek jarri zuten proiektua martxan. Egun, hainbat bazkide ditu. Haietako anitz herrialdetik kanpokoak dira, Nafarroako bestetan aritu arren. De los Santosek eta Trinchetek ere herrialdeko eta herrialdetik kanpoko bestetan egiten dute lan. Barañainen egon ziren joan den igandera bitarte, eta Errioxara bidea (Espainia) hartu zuten gero: Larderoko bestetan dira orain, astelehenera arte.
Uda apirilean hasi zen Nafarroako Barraketako Industrialarien Elkarteko kideentzat. «Castejonen, Valtierran, Corellan, Sarrigurenen eta Tuteran egon naiz Barañainera etorri baino lehen, eta Barañaindik Errioxara eta gero Soriara [Espainia] joanen naiz», kontatu du De los Santosek. Sasoia amaitu arte, karabana izanen da Azagrakoaren etxe. Ez dago bakarrik: «Oporrek iraun bitartean, emaztea eta lau seme-alabak nirekin egonen dira».
«Inoiz ez zaigu deus gertatu, eta espero dut inoiz deus ere ez gertatzea. Asegururik onenak ditugu arrisku orori aurre egin ahal izateko»
MANUEL DE LOS SANTOSBarraketako langilea
Hark ere etxekoen eskutik ikasi zuen barraketan aritzea zer den. «Gurasoek barraketako tiro bat zuten. Haiek laguntzen hasi nintzen». Trinchetek ere etxekoekin ikasi zuen ofizioa: «14 urterekin hasi nintzen gurasoak laguntzen; gustura aritzen nintzen», azaldu du. Biek nabarmendu dute barraketako giroa txikitatik ezagutu izana «funtsezkoa» izan dela eurentzat; ikasi dutela barraketako lanari eta barraken bidez bestetan sortzen den giroari duen balioa ematen. «Badakigu jendearentzat gauza handia dela barraketan ibiltzea, eta badakigu barrakak martxan jartzeko lan handia egin behar dela», azpimarratu du Trinchetek. Hark badu bere bidea nork jarraitu: semeak «liluratuta» entzuten ditu aitaren barrakei buruzko azalpenak. «Izugarri maite ditut barrakak; aitak bezala, barraketan egin nahi dut lan nik ere», erran du Carlos Daniel Trinchete Mendesek; harrotasunez betetako begirada itzuli dio aitak semeari.
Segurtasuna
Atrakzioak dituztenentzat 08:00 aldera hasten da lanaldia. «Egunero aztertzen dugu barraka, eta egunero garbitzen dugu dena ongi. Dena txukun-txukun egotea gustatzen zait», aipatu du De los Santosek. Segurtasunari garrantzi handia ematen diola zehaztu du, gainera. Dragoi baten itxura duen tren bat da De los Santosen barraka; umeentzako barraka bat da, eta Azagrakoak erran du «ardura handia» dela haurrekin lan egitea. «Inoiz ez zaigu deus gertatu, eta espero dut inoiz deus ere ez gertatzea. Asegururik onenak ditugu arrisku orori aurre egin ahal izateko».
De los Santosek gaineratu du herritarrek finkatzen dutela lana amaitzeko ordua: «Jendea dagoen bitartean, lan egiten dugu. Gurera umeak etortzen dira gurasoekin, eta, ondorioz, bertze barrakak baino pixka bat lehenago ixten dugu».
Carlos Alberto Trinchetek hiru atrakzio ditu: autotxokeak, haurrentzako scalextric bat eta ohe elastikoak. Autotxokeak dira Trincheteren barraka kutuna. «Oraingo autotxokea duela hamar urte erosi nuen; lehen bertze bat nuen, eta anitzez ere zailagoa zen dena muntatzeko eta desmuntatzeko lana. Piezaz pieza aritu behar genuen. Oraingoa hidraulikoa da, eta tolestu egiten da, kamioi batekin garraiatu ahal izateko», azaldu du Trinchetek. Nerabeak eta gazteak ibiltzen dira, batez ere, autotxokeetan. «Jendea ongi pasatzera etortzen da. Beti bada kexatzen den norbait, halere: bidaiak gutxi irauten duela, autoa poliki doala...; betikoa!».
«Badakigu jendearentzat gauza handia dela barraketan ibiltzea, eta badakigu barrakak martxan jartzeko lan handia egin behar dela»
CARLOS ALBERTO TRINCHETEBarraketako langilea
Trinchetek duela hamar urte erosi zuen oraingo autotxokea; ez du zehaztu nahi izan zenbat ordaindu zuen. Halere, barraketan ari direnen lana «gogorra» dela nabarmendu du, eta udako sasoia aprobetxatu behar dutela urte osoan aurrera egin ahal izateko. «Gabonetan, inauterietan eta gisako bestetan ibiltzen gara neguan, baina anitzez ere lan gutxiago dago».
Elkartearen bidez
Barraketako tiroa, autotxokeak, haurrentzako trena... Aspaldiko barrakak dira egungo bestetan herriz herri ibiltzen direnak. «Betikoa maite du jendeak», nabarmendu dute Trinchetek eta De los Santosek. Aspalditik ezagutzen dute elkar, herri anitzetako bestetan bat egin baitute azken urteotan. «Barraka bakoitzak bere bestak ditu», azaldu dute. Nafarroako Barraketako Industrialarien Elkartea arduratzen da herrialdeko herriz herriko bestetan zer barraka ariko diren zehazteaz. «Barraka herri batean jartzeko hango udalari ordaindu behar diogu; lan hori guztia elkarteak egiten du gure izenean», aipatu du Trinchetek. Barraka bat erosten dutenean, barraka horri dagozkion bestak eskuratzen dituzte barraketako industrialariek. «Zirkuitu itxi samar bat da», onartu du Trinchetek.
125ZENBAT BAZKIDE DIREN
Nafarroako Barraketako Industrialarien Elkarteak 125 kide ditu gaur egun. Elkarteak zubi lana egiten du herrialdeko udalen eta barraketako industrialarien artean.
Atrakzioetako langileak sasoi betean dira. Memorian fresko dute pandemia garaia, dena den. «Bestarik gabe, lanik ez. Batzuek bertze lan bat bilatu behar izan zuten; bertze batzuek administrazioak emandako laguntzari eta aurrezkiei esker egin genuen aurrera. Baina gogorra izan zen...», nabarmendu du De los Santosek. Bazter utzi ditu orduko kezkak: «Lan eta lan ari gara». Lanerako prest da Trinchete ere, udako hilabeteak harat eta honat ibiltzeko gogoz. Barrakek besta eramaten baitute toki batetik bertzera.