Jatorrizko materialei egin diete so, eta harria eta egurra baliatuz zaharberritu dute Artziko jauregia. Nafarroako Gobernuak 2022an hasi zituen lanak, eta urrian amaitu zituzten. Orain, beraz, ibarreko kideek bat egiteko toki bat dute Artzibarren. Hori izan da eraikina konpontzeko helburu nagusia. Bidea ez da erraza izan, Artzibarko Udala hainbat urtez aritu baita obrak hastea lortu nahian. Berez, Espainiako Gobernuari zegokion eraikina konpontzeko ardura, Itoizko urtegiak inguru horretan eragindako kaltearen ordainean. Madrilen deus lortu ez zutenez, Artzibarko Udaleko arduradunek Nafarroako Gobernuko atea jotzea erabaki zuten, eta erakunde horretan aurkitu dute, azkenean, behar zuten babesa. Gobernuko eta Artzibarko arduradunek urriaren 15ean egin zuten jauregia aurkezteko ekitaldia, Artzin.
«Artziko jauregia zaharberritzeko lanak aukera eman digu gure ondare historikoa babesteko eta gordetzeko. Gainera, herritarrek erabiltzeko gune bat sortu, turismo jasangarri bat sustatu eta tokiko garapenaren alde egin dugu», erran zuen Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilari Oscar Txibitek, urriko aurkezpenean. Artzibarko alkate Javier Diezek ere parte hartu zuen ekitaldi hartan; eskertu du jauregia berritzeko lanak egin izana, baina salatu du «geldirik» direla Artzibarko herritarrei «zor» zaizkien bertze hainbat proiektu. Jauregiaren ondoan egin beharreko aterpetxea da horietako bat.
Artziko jauregia Santa Maria elizaren babes eremuaren barruan dago. Eliza hori, hain zuzen, 1983tik da Kulturarako Interesa Duen Ondare. Artziko jatorrizko jauregia XII. mendeko lehen erdiko eraikin bat da. U itxurako hiru eraikinek osatzen zuten, zehazki. Zati bat behera bota behar izan dute, ordea, hagitz hondatua zegoelako. Zati hori bota duten tokian eraikitzekoa da aterpetxea, hain justu. Jauregian kultur jarduerak garatu ahal izanen dituzte, bai eta aisialdiarekin lotutakoak ere. Ermitauaren Etxea ere berritu dute, informazio gune bilakatzeko.
Ura, kamioiz
«Inguruko ondareari duen balioa eman nahi diogu, eta, horretarako, ezinbertzekoa da proiektu osoa garatzea», erran du Diezek, argi eta garbi. Jauregia zaharberritzeko lanak proiektu horren zati bat bertzerik ez dira, eta gainerakoak noiz garatu zain dira Artzibarko Udaleko kideak. «Ematen du Nafarroako Gobernuak ez duela proiektua jarraitzeko asmorik», salatu du Diezek.
Artzibarko Udalak turismoa sustatzeko baliatu nahi du Artziko jauregia. Taberna bat eta jatetxe bat jarri dituzte eraikin berrituan. «Asmoa da eskaintza hori aterpetxearekin osatzea», esplikatu du alkateak. Halere, azaldu du azpiegitura horiek martxan jarri baino lehen ur hornidurarekin lotutako «arazoak» konpondu behar dituztela. Izan ere, gaur-gaurkoz, kamioiz eraman behar dute ura Artziko jauregira. Ebroko Ur Konfederazioak egin behar ditu lanak, baina oraindik ez dituzte hasi ere egin.