URTEKARIA: GIZARTEA

Hainbat eskubide ezbaian

Aroztegiko auzipetuak otsailean epaituko dituzte; manifestaziora deitu dute. Irakasleak mobilizatzen hasi dira. Herritarrak ere bai, osasun publikoaren alde.

Aroztegiko auzipetuei elkartasuna agertzeko agerraldia
Aroztegiko auzipetuei elkartasuna adierazteko egindako agerraldia, azaroaren 26an, Lekarozen. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
2024ko abenduaren 24a
05:10
Entzun

Ez da giro. Protestaz protesta joan da urtea. Herritarrak etxebizitza eskubidearen eta kalitatezko osasun publikoaren alde mobilizatu dira, bertzeak bertze. Irakasleek ere karrikara ateratzea erabaki dute, eta bi greba egun egin dituzte urrian. 2025a ere protestekin hasiko da: manifestaziora deitu dute otsailaren 1ean, Iruñean, Aroztegiko auzipetuen alde. Aurten jakin da epaiketara joanen direla.

Aroztegia

Hogei urteko kartzela zigorra

Baztandarrek mobilizatzera deitu dituzte herritarrak, Aroztegiko auzipetuei babesa erakusteko asmoz. Azaroaren 26an, agerraldia egin zuten Lekarozen, auziaren berri emateko: Baztango zazpi herritar epaituko dituzte otsailean —3tik 7ra—, 2021ean Aroztegiko proiektuko obrak geldiarazteko egin zituzten kanpaldietan parte hartzeagatik. «Talde kriminal antolatu bat izatea eta derrigortze eta bortxa delitu larriak leporatu dizkigute», azaldu zuten auzipetuek, Lekarozko agerraldian. Haientzat eskatutako zigorren bidez, «herrien borrokei zilegitasuna kendu» nahi dietela salatu zuten. Denera hogei urteko kartzela zigorra eta 56.000 euroren isunak eskatu dituzte zazpi baztandarrentzat.

Palacio de Arozteguia enpresak luxuzko 228 etxebizitza, golf zelai bat eta lau izarreko hotel bat eraiki nahi ditu Lekarozen. Baztango herritarrak hasieratik agertu dira proiektu horren kontra.

Hezkuntza

Greba eta protestak

Sare publikoko irakasleen haserreak ere gora egin du, eta grebara deitzea erabaki dute aurten: bi greba egun egin zituzten urrian, 26an eta 29an, mahai sektorialeko sindikatu guztiek deituta —LAB, Steilas, ELA, CCOO, UGT, NPE eta Afapna—. Mobilizazio batetik bertzera sumatu zen jende gehiagok egin zuela bat sindikatuen deialdiekin eta aldarrikapenekin.

Ikasturtea hasi zenetik, lau dira sindikatuek Nafarroako Gobernuari egin dizkioten eskaerak: bat, ikasgela bakoitzean gehienez ere egon daitezkeen ikasleen ratioa apaltzea; bi, irakasleen soldatak igotzea, erosahalmena berreskuratu ahal izateko; hiru, lan gainkarga arintzea; eta lau, lantaldeak egonkortzea, behin-behinekotasuna apalduta.

Abenduaren 12an ere protesta egin zuten hainbat irakaslek, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurrean, Iruñean. 30 langile inguruk eserialdia egin zuten. Amaitu zutenean, tirabirak izan ziren Foruzaingoarekin. Protestan parte hartu zutenak identifikatzen hasi ziren, eta haietako batek uko egin zionez, bortxaz atxiki zuten. Asteon ere egin dute protesta: Nafarroako Parlamentuaren aurrean elkarretaratze bat egin zuten atzo. Sindikatuek, gainera, grebara deitu dute berriz, urtarrilaren 30erako.

Osasungintza

Medikurik gabe

Kalitatezko osasun publiko baten aldeko aldarriak ez dira oraingo kontua; eskualde batzuetan herritarren protestak areagotu egin dira, halere, azken aldian. Baztanen, bertzeak bertze, agerian gelditu da egoera larria dela: Elizondoko osasun etxea medikurik gabe gelditu zen, irailaren 13an. Hiru sendagile dagozkio kontsulta horri, baina bik maiatzean utzi zuten postua, bertze nonbaitera mugitzeko. Maiatzetik irailera bitarte mediku bakarra aritu zen, larrialdi zerbitzuetako lankideen laguntzarekin, baina azken horrek ere kontsulta utzi egin zuen, irailean. Urrian bi mediku hasi ziren Elizondon lanean; beraz, postu bat bete gabe dute oraindik.

Kezkak gora egin du baztandarren artean; Baztango Osasun Plataforma sortu dute, eta hamaika protesta antolatu dituzte Elizondon, kalitatezko osasun publikoaren alde. Haien mobilizazioek eragin dute, neurri batean, hutsik gelditu ziren hiru postuetako bi, behintzat, betetzea. Mediku falta egiturazko arazo bat da, halere, eta Nafarroako Gobernua «neurriak hartzera» premiatu dute herritarrek. Gobernua osasun lege berria prestatzen ari da.

Ingurumena

AHTaren kontrako manifestua

Abiadura handiko trenaren obrak ez dira gelditu, eta azpiegitura horren kontrako mobilizazioak ere ez. Azaroaren hasieran, Stop AHT Zundaketak plataformak mendi martxa bat egin zuen, Iturmendi eta Bakaiku artean, abiadura handiko trenaren obrentzat zundaketak egiten hasi direla salatzeko. Urriaren 24an egin zituzten lehendabiziko zundaketak, Otxobin (Itza). Stop AHT Zundaketak plataformako kideek salatu dute udalak ez zuela zundaketen inguruko inolako jakinarazpenik jaso. Azaroaren 23an, berriz, Iruñeak hartu zuen AHTaren kontrako protesta: Sustrai Erakuntza fundazioak sustatuta, ehunka eragilek eta herritarrek sinatutako AHTaren egitasmoa gelditzeko dei herrikoia izeneko manifestua aurkeztu zuten azpiegitura horren kontra, eta garraio ereduari buruzko gizarte eztabaida baten alde.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.