Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Gure Aspasia Miletokoak

2025eko otsailaren 21a
05:00
Entzun

Aurreko asteko astelehen edo asteartean, afalostean, burua arintzeko sakelakoan hala moduzko bideoak ikusten ari nintzela, antzinako mitologia grekoari eta kultur grekoari buruzko azalpen bideoak egiten dituen historialari baten bideoa ikusi nuen. Bideo hartan, Sokrates hizpide harturik, Aspasia Miletokoari buruz hitz egin zuen, eta azalpenean Aspasia Miletokoak bai Sokratesentzat, bai Altzibiadesentzat, baita Fidiasentzat ere izan zuen garrantzia aipatu zuen.

Sekula entzun gabekoa iruditu zitzaidan Aspasia Miletokoaren izena eta, zer esanik ez, figura. Haatik, ziur aski, nire ikas-prozesuan noiz edo noiz aipatuko zidaten, baina argi eta garbi dut zeharo ahantzia nuela; halere, ahanztura horrek ez ninduen asko harritu; izan ere, egia esan, derrigorrez erreferente maskulinoz beteriko errealitate honetan, emakumeen zein patriarkatuak zapalduriko norbanako ororen izena gogoratzea egunero mantendu beharreko berariazko hautua da.

Hurrengo goizean, goizean goiz, oraindik zerua beltz zegoela eta usoak txorrotxioka zeudela, ataritik atera eta ni bizi naizen kaleko diseinu eta arkitektura bulegoaren erakusleihoan zientzialariz jantzitako playmobil panpina txikitxo batzuk ikusi nituen; beranduago gogoratu zidaten otsailaren 11 emakume eta neska zientzialarien mundu eguna dela.

Zientzia hain eremu zabala izanik, Aspasia Miletokoa bertan sartuko ote litzatekeen ala genukeen zalantza izan nuen, bai eta erakusleihoko beste playmobil ñimiño bat izan zitekeen. Zalantza horren ildo beretik, zientziaren hedadura zein tamaina ikusteko, Interneten zientzia-ren definizioa bilatu nuen, eta honakoa agertu zitzaidan: «Behaketaren eta arrazoinamenduaren bidez lortutako ezagutzen multzoa, sistematikoki egituratua. Hortik printzipio eta lege orokorrak ondorioztatzen dira, iragartzeko gaitasuna dutenak eta esperimentuen bidez egiazta daitezkeenak».

Erraz aski pentsa dezakezuenez, definizio hark ez zidan korapiloa askatzen lagundu, baina berau bere horretan utzi nuen, askatu gabeko beste hainbat korapilok osatutako kutxatila barruan; halere, ezin izan nuen ahanzturaren afera zokoratu.

Berebat, ez ditut soilik emakumezko izenak entzun, ezagutu eta oroitu nahi; bazterrean nahiz ertzean dauden guztienak nahi ditut

Ez dakit zenbat lanbidek zein espezializaziok duten mundu mailako eguna, eta, halaber, ez dakit zenbat emakumezkok duten erakusleiho batean egoteko eskumena; orobat, ez dakit sekula Matilde Huizi, Tuterako zein Nafarroako zoko-mokoetako garbitzaileak, musikariak, espartingileak, Francisca eta Joaquina de Gages, etorkinak, Isabel Labaien, nekazariak, Dolores Baleztena, emaginak, Josefina Irujo, abeltzainak eta aipatzen ez diren ehunka emakumezko izenek osaturiko zerrendaren parte direnak ikusteko paradarik izanen dugun.

Berebat, ez ditut soilik emakumezko izenak entzun, ezagutu eta oroitu nahi; bazterrean nahiz ertzean dauden guztienak nahi ditut, ez dut playmobil-ik nahi, ez dut panpinarik nahi; liburuak, erakusketak, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak eta horiek guztiak hezkuntzaren eta gure ikas-prozesuaren parte izatea nahi dut.

Aspasia Miletokoa K.a. 470-460. urteetako momenturen batean jaio zen, orain dela 2.494-2.484 urte, eta oraindik orain ez dugu haren izena beste gizonezko askorena bezain barneraturik; oraindik orain, ez dugu zokoraturiko izenak ezagutzeko ahaleginik egin; ezarritako ezezagutzaren zein gure nagikeriaren ondorioz ahazturikoen genealogiak behar ditugu, edozein forma, kolore, izate, gorputz, lanbide eta mailatakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.