Gogoak eta denborak bat egiten dutenekoa

Ez da toki bat ere gelditu hutsik: 75 ikasle ari dira NUPeko Esperientziaren Gelako lehen mailan, eta denak, «ilusioz».

NUPeko Esperientziaren Gelako lehen mailako ikasleak, asteartean, ikasgelatiko 129. gelan, eskola hartzen. IÑIGO URIZ / FOKU
NUPeko Esperientziaren Gelako lehen mailako ikasleak, asteartean, Iruñean, 129. gelan, eskola hartzen. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2025eko otsailaren 7a
05:05
Entzun

Pasabidea jendez bete da eskola bukatu denean. Ikasle batzuek hamaiketakoa hartzeko aprobetxatu dute hurrengo eskola hasi arteko tartea; bertze batzuek, berriz, gelan hasitako eztabaida bukatzeko. 129. gelako ikasleak ondoko geletatik atera direnekin nahasi dira, NUPeko ikasgelategiko pasabideetan denak baitira unibertsitateko ikasleak. Adinak bereizten ditu 129. gelakoak, ordea: denak dira 50 urte baino gehiagokoak, NUPeko Esperientziaren Gelako lehen mailako ikasleak. Unibertsitate Hedapeneko Giza eta Gizarte Zientzietako Diploma lortzeko bidea hasi berri dute. 75 dira; ez da tokirik geratu hutsik.

«Bigarren lauhilekoa hasi berri dugu. Irailean hasi genuen ikasturtea, eta oraindik egokitzen ari gara, baina kontent gaude, gogoz eta ilusioz», erran du Isabel Mujikak (Dorrao, 1958). Isabel Saguesekin (Iruñea, 1955) eta Isabel Labianorekin (Iruñea, 1957) elkartu da Iruñean, 129. gelako atearen ondoan, eguerdiko eskola emanen duen irakaslearen zain. Hirurek hartua dute erretiroa, eta formakuntzaren bila eta jende berria ezagutzeko asmoz jo dute unibertsitatera. «Esperientziaren Gelak aktualitatearekin lotzeko aukera eskaintzen digu. Hagitz interesgarriak dira lantzen ditugun gai guztiak, gaur-gaurkoak», nabarmendu du Labianok.

NUPeko Esperientziaren Gelako lehen mailako ikasleak, asteartean, Iruñeko campusean. IÑIGO URIZ / FOKU
NUPeko Esperientziaren Gelako lehen mailako ikasleak, asteartean, Iruñeko campusean. IÑIGO URIZ / FOKU

Saguesek erantsi du NUPen «huts bat» betetzea lortu duela: «Urte anitz eman ditut Iruñetik kanpo; itzultzerakoan, banuen bertzeekin egoteko behar bat, eta hemen lortu dut harreman sare bat ehuntzen hastea», azaldu du. Saguesek Kazetaritza ikasi zuen gaztetan, baina garbi erran du orduko giroa eta Esperientziaren Gelakoa «bertzelakoak» direla. «Ni neu bertze etapa batean nago, urteek emandako ikuspuntua eta esperientzia ditut orain, eta horrek bertzelako bilakatzen du gela barruko esperientzia». Labianok eta Mujikak unibertsitatean lehen esperientzia dute oraingoa, eta hasi berri dituzten ikasketekin, hain zuzen, «arantza bat kendu» nahi izan dute. «Orain garbi dugu zer nahi dugun; kritikoago izan gaitezke eta iritzi propio bat dugu gaiei buruz. Gozatzen ari gara», azpimarratu dute.

Parte hartzea

Carmen Aranburu (Bilbo, 1955) Labianorekin, Saguesekin eta Mujikarekin elkartu da, irakaslea ailegatu baino bizpahiru minutu lehenago. Ez du eskolaren hasiera galdu nahi. Kontent da irakasleen lanarekin, baina nabarmendu du anitz estimatzen dituela bertze ikasleen parte hartzeak ere. «Eztabaida hagitz interesgarriak izaten ditugu. Hainbat arlotan bide bat egina duten ikasleak dauzkagu gelan, eta hori hagitz aberasgarria da. Ikasleok badugu parte hartzeko gogo handia», erran du.

«18 urterekin, anitzek ez dute argi zer egin nahi duten. Kazetaritza hasi nuenean, ehun ginen lehen mailan, eta bigarrenean, berriz, hirurogei. Hori ez da gertatzen Esperientziaren Gelan: ikasketak hasi eta bukatu egiten ditugu, ez du inork uzten», erantsi du Saguesek. Ikasten jarraitzeko gogoz gelditzen direnek Aulexna elkartearekin bat egiteko aukera dutela oroitu du Labianok.

Eskuinean, NUPeko Esperientziaren Gelako irakasle Juan Jose Calvo, lehen mailako ikasleen aurrean, astearteko eskola ematen. IÑIGO URIZ / FOKU
Eskuinean, NUPeko Esperientziaren Gelako irakasle Juan Jose Calvo, lehen mailako ikasleen aurrean, astearteko eskola ematen. IÑIGO URIZ / FOKU

NUPeko ikasgelategiko pasabideak hustu dira eguerdian puntuan. 129. gelan, Juan Jose Calvo eseri da irakaslearen mahaian. Geografia deskribatzaileaz ariko dira Esperientziaren Gelako kideak, bi orduz. Sareak huts egin du eskolaren hasieran, baina ikasle batek lortu du arazoa konpontzea. Ikasleek aurrean dute landu beharreko materiala, eta irakasleari so gelditu dira.

Calvok badu eskarmentua 50 urte baino gehiagoko ikasleekin, duela 25 urte hasi baitzen Esperientziaren Gelan irakasle. Eta ez ditu utzi nahi, «ikasle bikainak» direla adierazi baitu: «Hemen daude benetan nahi dutelako, eta hori baino arrazoi garrantzitsuagorik ez dago ikasten hasteko». Esperientziaren Gelako ikasleak astean hirutan joaten dira NUPera, astearte eta ostegunetan, 10:00etatik 14:00etara, eta asteazkenetan, 10:00etatik 12:00etara. Maiatzean amaituko dute ikasturtea. Ikasleek, baina, ez dute bukatzeko gogorik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.