Gobernuak 2025erako nahi du prest Bidean

Osasun garraioaz arduratuko den enpresa publikoa da Bidean. Hura martxan paratzeko, 1,2 milioi euro gastatuko ditu aurten Nafarroako Osasun Departamentuak.

Anbulantzia bat Iruñean
Anbulantzia bat Iruñean, 2020ko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
2024ko ekainaren 16a
05:00
Entzun

Nafarroako Gobernuak zehaztu du 2025. urteko lehen seihilekoan jarriko duela martxan Bidean, osasun garraioaz arduratuko den enpresa publikoa. Hori da, behintzat, Osasun Departamentuko arduradunen asmoa, Fernando Dominguez Osasun kontseilariak Nafarroako Parlamentuan azaldu duenez. Agerraldia egin zuen ekainaren 5ean, Iruñean, parlamentuko Osasun Batzordeko kideen aurrean.

Nafarroako Gobernuaren aspaldiko asmo bat da osasun garraioko sistema publiko bat martxan jartzea. 2017an, orduko agintariek iragarri zuten 2018rako eginen zutela. Ez zuten lortu, ordea. Osasun Departamentuak, dena den, ez du bazter utzi asmo hori, eta Dominguez kontseilariak parlamentuan kontatu duenez, Bidean «martxan jartzeko prozesuan» da. 2023ko irailean sortu zuten enpresa publikoa, eta, geroztik, «enpresaren oinarriak» ezartzen aritu dira Osasun Departamentuko kideak. «Orain arte egindako lana kontuan hartuta, asmoa da datorren urteko lehen seihilekoan Bidean martxan egotea», berretsi du Dominguezek

Kontseilariak onartu du «oztopoak» izan dituztela orain arteko bidean; izan ere, Nafarroako Gobernuko Ondarearen Zerbitzuak enpresa publikoa sortzeko asmoaren kontra egin zuen txosten batean. «Bertze hainbat arlotan, babesa jaso dugu: Nafarroako Enpresa Korporazio Publikoak eta Osasun Departamentuak enpresaren alde egin dute, hasieratik». Dominguezek zehaztu du Ondarearen Zerbitzuak dituen kezkak arlo ekonomikoarekin eta eraginkortasunarekin lotuta daudela, uste dutelako Bidean sortzea eta osasun garraioa zuzenean eskaintzea garestiagoa dela zerbitzua enpresa pribatuen esku uzteko lizitazioa berritzea baino.

Langileen ardura

Osasun Kontseilaria diruaz ere mintzatu da parlamentuan; aurtengo aurrekontuaren berri eman du: Osasun Departamentuak 1,2 milioi euro gastatuko ditu Bidean martxan jartzeko urratsak egiteko. «Inbertsiorik handiena 2025. urtean egin beharko dugu», erantsi du. Batetik, enpresa publiko berriak bere gain hartu beharko ditu egun zerbitzua eskaintzen duten enpresetako langileak (350 inguru). Oraingoz, hain zuzen, Nafarroako osasun garraioa bi enpresaren esku dago: SSG etxearen esku Tutera eta Erronkari-Zangoza eremuetan, eta Baztan Bidasoaren esku gainerako eskualdeetan. Bertzetik, Dominguezek azaldu du Iruñeko eta Tuterako egoitzak alokatu, bertze batzuk egokitu eta anbulantziak erosi edo alokatu beharko dituztela.

«Argitaratuak ditugu jada lehen lizitazioak, behar ditugun ibilgailuak, anbulantzietako materiala eta langileen jantziak erosteko». 

FERNANDO DOMINGUEZ Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko kontseilaria

Kontseilariak uste du bost urtean amortizatu ahal izanen dutela egindako inbertsioa. Hori lortzeko lanean ari direla azaldu du, hain zuzen: asmoetako bat da gidatzea simulatzeko tresna bat erostea, Bidean enpresako langileak trebatzeko eta zerbitzua bertze eragile batzuei eskaintzeko. Formakuntza eskaintzeko aukera ere aztertzen ari dira.

Nafarroako Gobernuko kideak anbulantzien egoitzak dituzten herrietako alkateekin bildu dira azken hilabeteotan, kontratuak berrikusteko eta egoitza horiei eutsi ahal izateko. Iruñeko eta Tuterako kasuetan, berriz, 4.000 metro koadroko egoitza bat eta 1.500eko bertze bat alokatzeko kontratua «ixtekotan» da Osasun Departamentua, Dominguezek ezagutarazi duenez. Gobernuak aurreikusi du 34 anbulantzia beharko dituztela larrialdietarako, eta bertze 72 aitzinetik zehaztutako zerbitzuetarako, bertzeak bertze. «Argitaratuak ditugu jada lehen lizitazioak, behar ditugun ibilgailuak, anbulantzietako materiala eta langileen jantziak erosteko», erran du Dominguezek Nafarroako Parlamentuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.