Elkarte ttipi gisa jaio bazen ere, sortzaileek espero ez zuten tokiraino iritsi da Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkartea, Mikel Bezunartea (Iruñea, 1968) kidearen irudiko. Izan ere, elkarteak 45 urte bete zituen azaroaren 8an, eta milioitik gora erreklamazio eta kontsulta jaso dituzte urteotan. Hasmentan, erreklamazio gutxi batzuk jasotzen zituzten; denda txikietan jazotakoen ingurukoak, nagusiki. Gizartea, alta, aldatuz joan da, eta harekin batera Irache ere bai, eta egun, milaka kexa jasotzen dituzte; argindarrari, gasari, bankuei eta telefoniari dagozkienak gehientsuak. 45. urteurrena ospatzeko hiru hitzaldi prestatu zituzten iragan astean, eta kontsumo gaiei buruzko hogei bideo prestatu, heziketa eta formakuntza ere elkartearen ezinbesteko baitira.
Nola sortu zen Irache Kontsumitzaileen Elkartea?
Elkartea sortu baino urte batzuk lehenago koltza olioaren krisia jazo zen, eta Kontsumitzaileen Legea sortzeko pizgarria izan zen hori. Lege horrek kontsumitzaileen elkarteak sortzeko aukera eman zuen, eta, hori baliaturik, Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkartea sortu zuten Manuel Arizkun eta Mariaxun Biurrun senar-emazteek, lagun batzuekin batera, duela 45 urte. Proiektu nahiko familiarra izan zen hasmentan.
Zertan datza elkartearen lana?
Alde batetik, kontsumoaren inguruko informazioa eta heziketa ematen diegu kontsumitzaileei, bulegoetan egiten dugun aholkularitza zerbitzuaren eta gure aldizkari eta bestelako euskarrien bitartez. Bestetik, kontsumitzaileen aldeko defentsan dihardugu, eta abokatuen bulego baten antzera egiten dugu lan. Udalekin sinatzen ditugun akordioen bitartez tokian tokiko herritarrak artatzen ditugu: erreklamazioak jaso eta horiek bideratu, laguntza juridikoa eman...
Zein da elkartearen lurralde antolaketa?
Lau bulego propio ditugu: Iruñean, Tuteran, Tafallan eta Lizarran. Eta beste 76 udalerritako herritarrei ere ematen diegu arta, haien udalekin eginiko hitzarmenen bidez. Nik Iruñeko bulegoan egiten dut lan, baina beste herrietara ere joaten naiz zerbitzua ematera, mendialdera bereziki.
«Egun jasotzen ditugun kasu gehienak energia sektoreari dagozkionak dira: lautik bat»
Kontsumitzaileen eskaerak eta erreklamazioak asko aldatu dira 45 urteotan?
Bai, asko. Hasieran denda txikietan sorturiko arazoak izaten ziren nagusiki, baina gutxituz joan ziren, eta mendea hasterako erreklamazioen %3 baino ez ziren horiek. Garai hartan ere etxebizitza pila bat egiten hasi ziren Nafarroan, eta maileguen, erosketen eta halakoen erreklamazioak nagusitu ziren. Baina higiezinen burbuilak eztanda egin zuen, eta energia zerbitzua eta halakoak liberalizatu egin ziren ondoren, bestelako erreklamazioei bide emanez: gasa, argindarra... Egun jasotzen ditugun kasu gehienak energia sektoreari dagozkionak dira: lautik bat.
Bada bestelako eskaera nabarmenik?
Telefoniari eta Interneti loturiko auziak ere ugaritu egin ziren mendea hastearekin batera, eta egun erreklamatzen diren kasuen zati handi bat dira horiek: kexa guztien %18: informazio falta eta konpainia aldatzeagatik jasotako penalizazioak izaten dira arrazoi nagusiak. Dena den, azken urteotan bankuei jarritako erreklamazioak ugaritu dira bereziki: jasotzen ditugun kasuen %19k bankuekin dute zerikusia azkenaldian; zoru klausulekin edo maileguekin, besteak beste. Merkatuan edo gizartean gertatzen denari berehalako erantzuna ematen diogu guk. Halaber, egoera berrietara moldatzeko anitz profesionalizatu dira Irache bera eta bertako langileak.
Hainbat ekintza kolektibo ere egin izan dituzue kontsumitzaileen defentsan.
Hala da, bai. Esanguratsuenak aipatzearren, 1985ean sinadura bilketa bat egin zuen Irachek ondasun higiezinen gaineko zergaren igoera salatzeko, eta 2000. urtean, kontzentrazioak egin genituen farmazien liberalizazioa babesteko. Urtebete geroago, behi eroen inguruko hitzaldiak eta txostenak egin genituen, eta legionelak kalte eginiko kontsumitzaileei ere atxikimendua adierazi genien 2006an. Azkenaldian ere hainbat ekintza egin ditugu; zoru klausulen, hipoteka gastuen eta autoen kartelen gehiegikeriak salatzeko batik bat.
«Elkartearen errotze maila oso handia da: bere eremuan gehien ezagutzen den kontsumitzaile elkartea da estatuan»
Preseski, kontsumitzaileak trebatzea izan da zuen egiteko nagusietako bat. Nola egin duzue?
Modu askotan egiten dugu. Hedabide askotan kontsumoari buruzko saioak egiten ditugu eskuarki, baina ikastetxeetara ere joaten gara ikastaroak, hitzaldiak eta bestelakoak ematera. Jakina, egunero-egunero gure bulegoetara etortzen den jendea ere trebatzen saiatzen gara.
Zer ondorio atera dituzue 45 urteren ostean?
Elkarte txiki baten gisan sortu zen Irache, eta asko handitu da. Sortu zutenek ere ez zuten oso argi noraino iritsiko zen, baina denon artean honaino ekarri dugu. Izan ere, Irache gizarteak eta langileok egin dugu; gizartea aldatuz joan da, eta harekin batera Irache ere bai. Elkartearen errotze maila ere oso handia da: bere eremuan gehien ezagutzen den kontsumitzaile elkartea da estatuan. Asko erabiltzen dira gure zerbitzuak, eta oso ezagunak gara Nafarroan. Esan dezakegu Irachek bere helburuak bete dituela, baina horrek ez du erran nahi dena egina dagoenik; izan ere, Iracheren lana ez da soilik eguneroko arazoak konpontzea, gure helburua da gizarte hobe bat lortzea. Milioitik gora kontsulta eta erreklamazio jaso ditugu 45 urte hauetan; are, hasmentan bazkide gutxi batzuk ginen, ehunka batzuk, eta 50.000 gara orain.
Zer eginen duzue 45. urteurrena ospatzeko?
Iragan astean hiru hitzaldi eman genituen Iruñeko Tres Reyes hotelean. Astelehenean, zoru klausulak, autoen kartelak eta halakoak izan genituen hizpide; asteartean, iruzurrak, Internet, banka eta beste hainbat auzi jorratu genituen, eta asteazkenean izan zen azkena, herentzien ingurukoa. Halaber, kontsumo gaiei buruzko hogei bideo egin ditugu, eta gure webgunean daude ikusgai.