Albaitaria, Ilundaingo fauna artatzeko zentroko arduraduna

Adrian Lopez: «Gizakion jarduera orok badu eragin bat gure inguruko animaliengan»

Ilundainen dago Nafarroako Gobernuaren fauna artatzeko zentroa. Iaz zortziehun animalia baino gehiago hartu zituzten han. Adrian Lopez albaitaria da zentroko arduraduna.

(ID_14250981) Adrian Lopez, Ilundaingo fauna artatzeko zentroko albaitaria.
Adrian Lopez albaitaria, Ilundaingo fauna artatzeko zentroko arduraduna, irailaren 13an, Ilundainen. IDOIA ZABALETA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko irailaren 23a
05:00
Entzun

Hiru albaitarik eta hiru albaitari laguntzailek egiten dute lan Ilundaingo fauna artatzeko zentroan; laster lau albaitari izanen dira, Nafarroako Gobernuak lantaldea sendotzea erabaki baitu. Gero eta animalia gehiago hartzen dituztela kontatu du Adrian Lopez albaitari eta arduradunak (Elx, Herrialde Katalanak, 1992). Jendeak zentroaren berri izan dezala nahi du.

Uste duzu ez dela behar bezala ezagutzen?

Ni Alacantekoa naiz, Elxekoa. Duela bost urte etorri nintzen Iruñera, eta hemen ezagutu dudan jendeari Ilundainen lan egiten dudala erran izan diodanean, gehienek ez zuten gure zentroaren berri. Bide luzea egin du, ordea, 1980ko urteetan jarri baitzuten martxan. Kontua da orain ez dela aspaldi bezainbertze inbertitzen ingurumen heziketan, eta jendeak ez gaitu ezagutzen. Irulegiko Eskua agertu zenetik, anitzez ere jende gehiago pasatzen da gure ate aurretik, aztarnategira bidean, baina gehienek ez dakite barruan zer dagoen. Informazioa zabaltzeko kartelak jarri nahi ditugu. Zentroak ez ditu bisitak hartzen, baina uste dut inportantea dela herritarrek gure berri izatea.

Inportantea delako jakitea zauritutako animalia batekin topo egiten badute nola jokatu?

Hala da, guregana jendeak aurkitutako animaliak ailegatzen baitira, batez ere. 112 zenbakira deitzea da bidea. Garai batean, zauritutako animalia batekin topo egiten zutenek ez zuten deus egiten, ez zuten inora deitzen. Orain alderantzizkoa gertatzen da: jendeak zauritutako animalia anitz hartzen ditu; batzuetan, hartu behar ez direnak hartzen dituzte.

«Guregana jendeak aurkitutako animaliak ailegatzen dira, batez ere. 112 zenbakira deitzea da bidea»

Orkatzen kumeak, adibidez?

Bai. Jendeak pentsatzen du bakarrik daudela. Kontua da ama inguruan egoten dela. Onena da ez ukitzea eta bakean uztea, ama kumeaz arduratzen ari baita. Gauza bera gertatzen da txitekin. Hegan egiten ikasten ari diren txiten kasuan gerta daiteke habiatik erortzea, edo lurrean agertzea. Hirian bada, eta txakur batek eraso egiteko arriskua bada, egokiena da txita ondoko zuhaitz batera igotzea, txakurrek ikus ez dezaten. Baina ez da hartu behar, txitaren gurasoak inguruan egonen baitira, adi.

Zuengana iristen diren animaliak nola zauritzen dira?

Artatzen ditugun txita gehienak ahul daudelako ailegatzen dira zentrora. Izan daiteke gaixo daudelako, baina gehienetan kontua da jendeak aurkitzen dituen txita horiek direla habiako ahulenak, eta naturan aukera gutxi izanen lukete aurrera egiteko. Bost txita dituen habia batean litekeena da ahulenak aurrera ez egitea. Umatze garaian hartzen dugu animalia gehien, hain zuzen. Ahul dauden txori horiek hartzen ditugunean, zer edan eta zer jan ematen diegu, indartu daitezen. Bertzalde, kolperen bat hartu duten animaliak hartzen ditugu; auto batek harrapatu dituelako, edo linea elektrikoen kontra jo dutelako, edo, hirietan, eraikinetako kristalen aurka jo dutelako, bertzeak bertze. Finean, gizakion jarduera orok badu eragin bat inguratzen gaituzten animaliengan.

Gizakiek nahita zauritutakoak ere jasotzen dituzue?

Nahita tiroz zauritutako edo pozoitutako animaliak jasotzea ez da batere ohikoa jada. Horrek ez du erran nahi gertatzen ez denik, guk jasotzen dena baino ezin baitugu artatu. Bertze mota bateko intoxikazioak ere gertatzen dira. Nekazariek erabiltzen dituzten hazi batzuek, adibidez, hegaztientzat toxikoak diren osagaiak dituzte; herritarrek lorategietan botatzen dituzten produktu batzuk ere toxikoak dira hegaztientzat.

Hegaztiak artatzen dituzue, batez ere?

Gure zentrora ailegatzen diren animalien %90 inguru hegaztiak dira. Kontua da zaurituta dagoen hegazti bat ezin dela mugitu. Kolpe bat jaso eta hegala zauritua duenak, adibidez, ezin du ihes egin. Ugaztunen kasuan egoera ezberdina da; lau hanka dituzte, eta lurretik mugitzeko gaitasun handiagoa. Hanka batean kolpe bat jaso duen lepahori bat, adibidez, gai da ihes egin eta basoan sartzeko.

Gurelur talde ekologistak salatu izan du Ilundainen ez dituzuela beharra duten sai arre guztiak artatzen. Hala da?

Zentrora ailegatzen diren guztiak artatzen ditugu. Garai honetan, habiatik atera diren sai arre gazte anitzi gertatzen zaie indarrik gabe gelditzen direla, lurrean, berriz hegan egiteko aukerarik gabe. Halakoetan, onena izaten da sarraski zoko batera eramatea, eta animaliok hartzen dituzten basozainek hori egiten dute, anitzetan. Beharra dutenak hartzen dituzte.

«Gure zentrora ailegatzen diren animalien %90 inguru hegaztiak dira. Kontua da zaurituta dagoen hegazti bat ezin dela mugitu»

Urtean zenbat animalia artatzen dituzue?

Urtetik urtera, gehiago. Iaz zortziehun baino gehiago izan ziren; aurten, ia zazpiehun artatu ditugu jada. Jendeak gehiago hartzen ditu; gainera, hiriak eta herriak ari dira zabaltzen, eta mendiko animaliak ere ari dira gehiago hurbiltzen herrietara. Horrek eragiten du gero eta harreman gehiago izatea gizakion eta animalion artean.

Zenbat osatzen dira?

Artatzen ditugun animalien erdiak baino gehiago osatzen dira. Kasu batzuetan, animaliak ez badu naturan bere kabuz aurrera egiteko aukera, eutanasiaren alde egiten dugu. Hiltzen diren animaliak ere inportanteak dira; nekropsia egin eta ikerketa jorratzeko balio dutelako, adibidez. Unibertsitate batzuetako ikasleekin elkarlanean aritzen gara. Bertzalde, Foruzaingoarekin eta Guardia Zibilaren Natura Babesteko Zerbitzuarekin ere aritzen gara, nekropsiak egiten. Linea elektrikoen ondorioz hilda aurkitutako animalien nekropsiak ere guk egiten ditugu. Bada lana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.