Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Geure museoak

2024ko maiatzaren 3a
04:55
Entzun

Guk ezagutzen dugun museo hitzak latinezko museum hitzean du jatorria, eta, era berean, latinezko museum hitzak greziera klasikozko mουσείον (mouseion) terminoan du sorburua. Greziera klasikozko hitzak musen tenplua esan nahi du; beraz, horiek musei eskainitako espazioak ziren, non musikaren eta artearen inspirazio ziren figurei lekua eskaintzen zitzaien.

Agerikoa da antzinako eskaintza hori gaur egun, jada, ez dela gurean museo bat eraikitzeko, irekitzeko eta bisitatzeko halabeharrezko irizpide bat. Hori horrela, K.a. 280. urtean, Alexandrian sortutako lehenengo museoa oso urruti geratu zaigu.

Antzinako espazio horiek, oro har, elkarrizketa areto bat, portikoak eta jatorduetarako afaltokia izan ohi zuten. Azken datu hori jakitean, arreta eman dit espazio berberean agertzen ziren elementu horiek, gaur egun, guztiz independenteak izan daitezkeela. Hau da, gaur egun, gure inguruan museo gisa har ez daitezkeen arren, terminoak dakarren mirespena aintzat hartuta, akaso kontrakoa esan daiteke, baina, tira, hainbat espazio ezberdin ditugu: hala nola jateko zein liburuak miresteko aukera ematen duten horiek, liburu dendak.

Dena den, liburu dendak ez dira bakarrak, aspaldi hasi baitziren artearekiko hartu-emana sortzen tabernetan ere, otorduak, dantzaldiak, karta jokoak eta txutxu-mutxuka aritzeko espazioak diren horietan. Horren erakusgarri dira hainbat taberna eta ostatutako paretetan, barran lekua hartzeko edo eserlekua topatzeko ahaleginetan, noizbehinka ikus ditzakegun laminak, koadroak, collageak, muralak, eta abar.

Margolanak ditut berriz ere hizpide, otsailean, Altsasuko Koxka tabernan, Patricia Paats margolariak eta Joseba Salegi zinemagileak sortutako In-Justizia artelana desargertu baitzen. Hori irakurri eta segituan burura etorri zait iazko urrian Artezki kultur egitasmoari buruz idatzitakoa. Espazioari dagokionez, distantzia nabarmena duten bi gertaera lotu ditut nahigabean: batetik, Itoizko suntsipena salatzeko sortu eta ostean desagertu ziren obrak, eta, bestetik, Altsasuko auziaren bidegabekeria salatzeko zein Koxkari errekonozimendua emateko artelanaren desagerpena.

Orduko artikuluan, irudiek egoera lazgarriak eta bidegabekeriak salatzeko indarra eta boterea dutela azpimarratu nuen, baita irudiak sortu, landu eta ontzeko beharra dugula ere. Egia da, guk geurean, erlijioari zuzendutako espazioez gain, memoria bera ere hala moduzko figura bihurtu behar izan dugula eta hainbat direla memoria ahanztura bilaka ez dadin sustatutako espazioak eta obrak.

Haatik, teknologiaz inguraturik gauden eta hura etengabe kontsumitzen gabiltzan honetan, bitxia da gizakiok oraindik, modu natural batean, artera jotzea egoera lazgarriak eta bidegabekeriak salatzeko.

Haatik, teknologiaz inguraturik gauden eta hura etengabe kontsumitzen gabiltzan honetan, bitxia da gizakiok oraindik, modu natural batean, artera jotzea egoera lazgarriak eta bidegabekeriak salatzeko. Bitxia, baina lasaigarria, argi baitago, besteak beste, teknologiak ez duela guztiz asetuko gure behar hori, eta, dirudienez, arriskutsuagoa da artifizialki baino naturalki egiten den hori.

Ez dakit Paatsen eta Salegiren obra agertuko ote den, auskalo, historian etengabe lekukotzen diren arte lapurretek ezusteko amaierak izaten baitituzte askotan, baina, zinez, baietz espero dut. Hala eta guztiz ere, irudiak, musika notak, hitzak, silabak, dantzak eta antzerkiak, besteak beste, sortzen jarraitu behar dugu, urrian esan nuenez, gertakaririk edo egoerarik lazgarriena adierazi eta elkarrekin banatu ezin dena delako, eta, horretarako, salatzeko eta ahanztura ekiditeko, geure museo propioak babesten jarraitu behar dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.