Iluna da Aritz Ibarra Agirrezabal marrazkilariak Aldaxka pozoituak bere komikiari eman dion giroa, iluna baita Lehen Mundu Gerrak Ipar Euskal Herrian utzitako arrastoa: 6.000 herritar hil zituzten frontean —Ipar Euskal Herriko orduko biztanleriaren %3,2; hildakoen erdiek zituzten 28 urte baino gutxiago—, eta bertze 15.000 inguru zauritu ziren. Herritar anitzek gerrak eztanda egin bezain pronto erabaki zuten frontera ez joatea: 13.000 intsumiso izan ziren Ipar Euskal Herrian, Lehen Mundu Gerran. Bertze mila inguruk, berriz, jasotako baimenak baliatu zituzten frontera ez itzultzeko.
Aritz Ibarra marrazkilariak (Gasteiz, 1992) Beran azaldu ditu datu horiek guztiak, han aurkeztu baitu Aldaxka pozoituak, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak programaren barruan egindako komikia. Hona bostekoa! izeneko liburuan argitaratu du Udalbiltzak, programaren bigarren aldian parte hartu duten bertze lau marrazkilarien lanekin batera. Iñaki Martiarena Mattin, Unai Gaztelumendi, Eñaut Aiartzaguena eta Kote Camacho Koteto irudigileek osatzen dute bostekoa.
Ibarra Beran, Lesakan, Urruñan eta Saran egon zen iaz, Geuretik Sortuak programako bekari esker, bere komikia prestatzen. Lau herriok —Bortzirietako Bera eta Lesaka, eta Lapurdiko Urruña eta Sara— batera hartu dute parte Geuretik Sortuak ekinaldiaren bigarren aldian. Haien arteko sarearen balioa nabarmendu du Berako alkate Aitor Elexpuruk, hain zuzen, eta eskertu egin du herriok, proiektuak sortzeko prozesurako egoitza izateaz gainera, bukatutako lanak erakusteko espazio ere bilakatu izana.
Elizaren pisua
Ibarraren asmoekin bat egin zuten lau egoitzek, Lehen Mundu Gerraren eraginak Ipar Euskal Herritik Hego Euskal Herriko ondoko herrietara eraman baitzituen gerra frontetik ihes egindako herritar anitz. «Behartuta joan ziren gerrara. Frontetik ihes egiten zutenei desertore esaten zieten; nik ez ditut halakotzat, ordea, desertorea baita kausa bati lotu eta gero abandonatu egiten duena, eta Ipar Euskal Herriko herritarrok ez ziren sekula lotu Frantziaren kausa horretara», nabarmendu du Ibarrak.
Garai hartako testuinguruaren berri eman du irudigileak Ipar Euskal Herriak gerrarekin bat egin izana azaltzeko: «Abeltzaintza eta nekazaritza ziren nagusi. Herritarrak oso fededunak ziren. Euskaraz egiten zuten, frantsesa sartu berria baitzen, eskola publikoaren bidez. Abertzaletasuna, baina, ez zegoen hedatua. Frantziako agintariek eta Elizak gerraren alde egin zuten, eta piztutako uholde patriotikoa, nolabait, Ipar Euskal Herrira ere ailegatu zen», kontatu du Ibarrak.
Elizak zuen pisuak azaltzen du, neurri handi batean, Ipar Euskal Herriko bizilagunek gerrarekin bat egin izana. «Garaiko Ipar Euskal Herriko intelektualek ere deitu zuten gerrara; euskaltzaleak ziren, baina gerrarekin bat egin zuten. Haien mezua zen euskal herritarrek Frantziaren babesa behar zutela», erantsi du Ibarrak.
«Esperientzia polita»
«Hasieran, denek uste zuten gerra azkar bukatuko zela; aurreko gerratik, baina, armagintza asko aldatu zen, eta hegazkinen, tankeen eta metraileten erabilerak estrategia militarrak aldarazi zituen. Luze iraun zuen lubaki gerra bilakatu zen», erran du komikigileak. Frontera ez itzultzea erabaki zuten herritar anitzek, ondorioz, eta haien aurka gogor egin zuten: «Pasaportea kendu zieten etxean gelditu ziren senideei, eta mugak zorrotz zaintzen hasi ziren. Espetxea ezarri zieten iheslari eta haien senide askori, eta desertoretzat jotzen zituztenen izenak idazten zituzten herriko etxeetako paretetan».
Ibarrak garbi erran du batez ere frantziarrek hitz egin dutela Ipar Euskal Herriko bizilagunek Lehen Mundu Gerran bete zuten rolari buruz, eta bere lanaren bidez Ipar Euskal Herriko bizilagunei eman nahi izan diela hitza. Hego Euskal Herrian gerrak utzitako arrastoa «ezezaguna» dela nabarmendu du, gainera, eta bere lanaren asmoa dela gertatu zenaz hitz egitea eta gogoeta piztea.
«Desertorea da kausa bati lotu eta gero abandonatzen duena; Ipar Euskal Herriko herritarrak ez ziren sekula lotu Frantziaren kausara». ARITZ IBARRA Irudigilea
Sortzeko prozesuari buruz, dokumentazio lan handia egin duela azaldu du irudigileak. «Lau hilabetez aritu nintzen informazioa jasotzen». Bertzeak bertze, Eneko Bidegainen Lehen Mundu Gerra eta Euskal Herria liburua (Elkar, 2014) baliatu du bere istorioa eta pertsonaiak garatzeko. Herrietan garatu dituen sareak ere nabarmendu ditu marrazkilariak, eta eskertu du Berako, Lesakako, Urruñako eta Sarako herritarren laguntza. «Hasieran pixka bat urduritzen ninduen lau tokitan lan egin beharrak, baina esperientzia oso polita izan da. Luxu bat izan da».
Beran, herriko etxeko osoko bilkurak egiteko aretoa bilakatu zuten Ibarraren lantoki. Elexpuru alkateak kontatu du «polita» izan zela udaletxeko kide eta langileentzat Ibarraren lan prozesua hurbiletik jarraitu ahal izatea. Komikigintzaren esparruan sakontzeko gogoz gelditu dira Beran, hain zuzen, eta herriko ikastetxeetan irudigileen lana jorratzeko zenbait saio antolatu dituzte, Joseba Larratxe Josevisky marrazkilariarekin batera. Apirilerako erakusketa bat prestatzen ari dira, gainera. Helburua da ikasleak ere marrazteko prozesuan murgiltzea.