Artista

Saioa Ligos: «Genero estereotipoak apurtu nahi izan ditut janzkerari dagokionez»

Saioa Ligos elizondotarrak diseinatu du Baztandarren 61. Biltzarraren kartela. Euskara eta aniztasuna ditu ardatz, eta pertsona guztiak identifikaturik sentitzea nahi du.

Saioa Ligos, uztailaren 13an, Baztandarren Biltzarrerako egin duen kartelarekin. IÑIGO URIZ / FOKU
Saioa Ligos, uztailaren 13an, Baztanen, Baztandarren Biltzarrerako egin duen kartelarekin. IÑIGO URIZ / FOKU
inaki rubio
Iruñea
2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Tradizioak ere apurtzaileak izan daitezke, eta ezin hobeki irudikatu du hori Saioa Ligos elizondotarrak (Bilbo, 2003) aurtengo Baztandarren Biltzarrerako egin duen afixan. Euskara eta genero adierazpenaren askatasuna izan ditu ardatz kolorez eta aldarriz beteriko artelanak; izan ere, besta ereduan normalizaturik diren zenbait jarrera birpentsatzeko deia egin du aurten Baztandarren Biltzarra elkarteak, eta errespetua aldarrikatu dute bestaren erdigune gisa. Bihar izanen da 61. aldia, Baztanen eskuara barra-barra lelopean.

Nork proposatu zizun Baztandarren Biltzarrerako afixa egitea?

Baztandarren Biltzarra elkarteko kide Kattalin Arizmendik proposatu zidan. Lekarozko institutuan harekin ikasi nuen, eta, marraztea-eta asko gustatzen zaidanez, proposatu zidan aurtengo afixa egitea. Asko eskertzen dut nigan pentsatu izana; ilusio handia egin dit.

Zer material erabili dituzu?

Asko erabiltzen dut kalkoa nire lanetan, eta hala egin nituen afixako giza irudiak ere. Eskuz egin nuen dena, eta digitalera pasatu ondoren. Arkatza erabili nuen lehenik, zirriborroa egiteko, eta errotuladorea gero; digitalera pasatzeko, Elizondoko Malmo estudiokoei eskatu nien laguntza, ez dakidalako ondo zertan den digitalera pasatzeko prozesua.

«Nahi dut pertsona guztiak identifikaturik sentitzea kartela ikusterakoan, eta aldarrikatu bakoitzak bere identitatea adierazteko duen askatasuna»

Eskuz sortzen duzu, beraz.

Bai, dena; arkatza lehenik, eta errotulagailua ondoren, garbira pasatzeko. Dena den, esperimentatzea gustatzen zait.

Nolakoa izan da sormen prozesua?

Bozeto asko egin nituen hasieran, eta prozesu luze baten azken emaitza izan da afixa; lehen piezak diferenteak ziren. Marraztu ahala sortu zen ideia: ez nintzen gauza zehatz batetik abiatu; dena batera egin dut, sortuz nindoan heinean. Prozesuaren une batean, argi izan nuen pertsona bat dantzatzen agertuko zela, eskuak gora, euskal jantzi tradizionala jantzita, baina, ondoren, neure buruari esan nion: «Zergatik ez gizonei eta emakumeei esleituriko jantziak nahastu?». Anitz gustatu zitzaidan ideia, eta hola segitu nuen. Mugimenduarekin ere jolastu nahi izan dut.

Zer adierazi nahi izan duzu afixarekin?

Lau pertsona irudikatu ditut jantzi tradizionalekin; bi pertsona gizon eta emakumeei tradizionalki esleituriko jantziekin, eta beste bi nahasturiko arropekin. Nahi dut pertsona guztiak identifikaturik sentitzea kartela ikusterakoan, eta aldarrikatu bakoitzak bere identitatea adierazteko duen askatasuna, epaitua eta diskriminatua izateko beldurrik gabe. Genero estereotipoak apurtu nahi izan ditut janzkerari dagokionez.

Besta inklusiboa da Baztandarren Biltzarra?

Nire ustez, azken urteotan behintzat, inoiz baino gehiago landu da hori. Iragan urtean ere festa seguru eta inklusiboa sustatu zen; egin zuten Gaurko hazia, etziko bizia bideoklipa da horren adibidea.

«Prozesu luze baten azken emaitza izan da afixa; lehen piezak diferenteak ziren»

Iaz Peio Fagoagak eginiko kartelaren iruditeria ere oinarri izan duzu.

Bai. Nolabait, asko begiratu ditut aurreko urteetako kartelak. Peiorena asko gustatu zitzaidan, eta kontuan izan nuen.

Koloreek ba al dute esanahi berezirik?

Bai. Gorriak Nafarroako kolorea irudikatzen du, eta zuriak eta berdeak, Euskal Herrikoak. Karratu zuri-beltzak ere erantsi dizkiot, Baztango armarriaren koloreei keinu eginez.

Izan ere, perspektibaz begiratuz gero, ikurrin bat dirudi afixak…

Bai, apropos egin dut.

Zer-nolako harrera izan du kartelak?

Ona, edo hori espero dut. Momentuz, iritzi onak baino ez ditut jaso, eta asko pozten naiz.

«Elkarteko kideak arras inplikaturik egon dira dena ongi atera dadin, eta espero dut jendeak eskertzea eta festa bizitzea»

Nola definituko zenuke kartela hitz gutxitan?

Alaia, bizia eta euskalduna.

Betidanik gustatu izan zaizu artea?

Txikia nintzenetik. Batxilergo zientifikoa hasi nuen, baina artistikora pasatu nintzen ondoren; orain, berriz, pedagogia ikasten ari naiz. Txikitatik marraztu dut, eskulturak egin… Nahiz eta zerbait esporadikoa izan, noizbehinka egiten dut koadroren bat edo...

Denbora gehiago izaten duzu udan?

Oraingoz, ez dut denbora askorik izan. Baina nire asmoa da zerbait egitea; duela denbora bat, lagun batek marrazki bat eskatu zidan, eta iaz hasi nintzen, baina alde batera utzi nuen; uda honetan marrazkiarekin jarraituko dut.

Gustatuko litzaizuke artea ogibide izatea?

Beti ikusi izan dut artea adierazteko eta gozatzeko modu bat bezala, aisialdian egin dudan zerbait. Baina zergatik ez? Agian, gertuko jendearentzako lan edo enkarguak egiten has naiteke...

Bihar eginen duzue Baztandarren 61. Biltzarra. Dena prest?

Bai. Mundu guztia dabil gogotsu. Elkarteko kideak arras inplikaturik egon dira dena ongi atera dadin, eta espero dut jendeak eskertzea eta festa bizitzea.

«Beharrezkoa da tradizioaren eta errituen bidez gure arbasoekiko loturak indartzea, geroz eta indibidualistagoa den eta kultura guztiak homogeneizatzeko joera duen gizarte batean»

Zein izaten da zure ekintza kutunena?

Lagunekin egotea eta orgen desfilea ikustea. Gainera, nire etxetik ikus daitezke karrozak.

Zer behar du orga batek irabazlea izateko?

Ez dut parte hartzen, baina nik uste dut prozesua kontuan hartzekoa dela: nola sortu den ideia, nola eraiki den...; ez soilik azken emaitzari erreparatzea.

Zer-nolako garrantzia du Baztandarren Biltzarrak ibarrarendako?

Euskal kultura nabarmentzen duen besta bat da, eta urte askoan egin den lana irudikatzen dute herri bakoitzak egindako orgek. Egun berezia da.

Bada zer aldarrikatu oraindik ere?

Zalantzarik gabe, beti dago aldarrikatu beharreko zerbait; esaterako, beharrezkoa da tradizioaren eta errituen bidez gure arbasoekiko loturak indartzea, geroz eta indibidualistagoa den eta kultura guztiak homogeneizatzeko joera duen gizarte batean. Funtsezkoa da historian ibar honetan sortuz joan den tradizioari eta kulturari balioa ematea, despertsonalizazioari aurre egiteko, geroz eta gehiago zabaltzen ari baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.