Gela bateko pareten artean

Bost pertsonako familia bat, gela batean. Fawzi Xerif emaztearekin eta hiru seme-alabekin bizi da, Iruñeko Sanduzelai auzoko etxebizitza bateko gela batean. Inork ez dio etxe bat alokatzen.

(ID_14096534) Fawzi Cherifen etxea. Emaztea eta hiru seme-alabarekin bizi da g
Fawzi Xerif, uztailaren bukaeran, Iruñeko Sanduzelai auzoko bere gelan. Familia osoa bizi da hor. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko irailaren 29a
05:00
Entzun

Bilatu eta bilatu. «Eta deus ere ez». Etxe bila eman ditu Fawzi Xerifek azken bi urteak, baina ez du deus ere lortu. Amorrua sentitzen duela aitortu du; etsita dagoela. Bizitzeko toki «duin» bat eskaini nahi die seme-alabei, baina ezinean ari dela sentitzen du. Iruñeko Sanduzelai auzoko etxebizitza batean bizi da orain familia: bostak gela bakar batean. Baldintza hobeak nahi eta merezi dituela aldarrikatu du Xerifek. «Lanean ari naiz; etxebizitza bat alokatu nahi dut, ez bertzerik». Helburu hori «ia ezinezko» bilakatu zaio, eta jasotako arrazakeria salatu du. 450 euro ordaintzen ditu familiak etxe duen gela bakarrarengatik.

Emausko Trapuketariak erakundeko langilea da Xerif. Aspaldi etorri zen Aljeriatik Nafarroara, 2002. urtean. Tafalla izan zuen bizitoki, hainbat urtez, eta Zizur Nagusitik mugitu zen, duela bi urte, Iruñeko Sanduzelai auzora. «Zizurren ere gela bakar batean bizi ginen denak. Egoera beldurgarria zen: labezomorroak zeuden. Zazpi hilabete eman genituen han».

Fawzi Cherif Iruñeko Sanduzelai auzoko etxebizitza bateko gela batean bizi da bere familiarekin. Bost dira, denera. Irudian, haurren jostailuak, etxeko balkoian pilatuta. IÑIGO URIZ / FOKU
Fawzi Xerif Iruñeko Sanduzelai auzoko etxebizitza bateko gela batean bizi da bere familiarekin. Bost dira, denera. Irudian, gelan haurren jostailuak, etxeko balkoian pilatuta. IÑIGO URIZ / FOKU

Sanduzelai auzoko gelan labezomorrorik ez dute, baina familiaren egoera ez da batere samurra. Horixe erran du Xerifek. Haren seme zaharrenak 12 urte ditu; erdiko alabak 9 beteko ditu azaroan, eta gazteenak, etxeko txikiak, azaroan beteko ditu 2. Umeak gurasoekin egiten du lo gelako ohean; seme-alaba zaharrenek koltxoi bana dute lo egiteko. «Gauez, koltxoiak ohearen albo banatan jartzen ditugu. Horrela egiten dugu lo guztiok». Udako hilabeteak «gogorrak» izan direla kontatu du Xerifek. «Bero izugarria pasatu dugu». Leihoa zabalik eman dituzte udako gauak, eta, egunak, berriz, pertsiana jaitsita, ahal izan dutenean. Otorduak gela barruan egiten ditu familiak, eta gela da jolasteko, etxeko lanak egiteko edo irakurtzeko toki bat ere. «Giroa itogarria da, anitzetan».

«Babesgabe»

Bilatu eta bilatu. Saiatu eta saiatu. Halaxe ari dela berretsi du Xerifek; etxebizitza bat lortzeko bide horretan, baina oztopoak baino ez ditu aurkitu orain arte. Azaldu du, halere, Nafarroara heldu berritan ez zuela orain bezainbertze zailtasun izan: «Tafallan etxebizitza bat alokatu nuen. Arrazakeriak gora egin duela iruditzen zait, eta hori dela oztopo nagusia. Ikusten edo entzuten nautenean, ate guztiak ixten dizkidate. Espainiako nortasun agiria dut, eta nire seme-alabek ere bai, baina etxe batera joan eta norbaitek nongoa naizen galdetzen didanean, aljeriarra naizela erantzuten dut. Ez didate galdetzen lanean ari ote naizen; nongoa naizen baino ez dute jakin nahi», salatu du.

Xerifek nabarmendu du «babesgabe» sentitu dela. «Arrazakeria salatu dut, baina inork ez du deus ere egiten». Joan den maiatzean, Iruñeko udaletxean izan zen Xerif, herriko etxeko agintariek Iruñeko SEI Kulturarteko Zerbitzu Sozioedukatiboa elkarteko kideei sari bat emateko egindako ekitaldian. Haren 12 urteko semea SEI elkartean aritzen da, hain zuzen, eta Xerifek ekitaldi hura baliatu zuen Iruñeko Udaleko alkate Joseba Asironekin hitz egiteko. «Bilera bat eskatu nion; idazkariak hartu zituen nire datuak, eta haien deiaren zain gelditu nintzen. Oraindik ez dut jaso».

«Arrazakeriak gora egin du. Ez didate galdetzen lanean ari ote naizen; nongoa naizen baino ez dute jakin nahi»

FAWZI XERIFFamiliarekin gela bakar batean bizi den herritarra

Semeak SEI elkartean egiten duen lana nabarmendu du Xerifek. Elkartearen helburua da haur eta gazte migratzaileak laguntzea, sorterritik Nafarroara ekarri dituen bidean. Bertze haur eta nerabeak laguntzen aritzen da Xerifen semea. «Eskolan ere, ederki ari da, ikasteko baldintza aproposak ez baditu ere», erantsi du aitak, harro. Begirada goibeldu zaio, ordea, seme-alaba zaharrek «lotsa» sentitzen dutela kontatu duenean. «Nahiko lukete lagunak etxera ekarri, ikasteko edo jolasteko, baina ezin dute. Ez dute etxerik lagunei erakusteko. Lagunek gela propioa dutela badakite, eta haiek ere nork berea izan nahi dute. Ezin diet eskaini, ordea».

Dauden bide guztiak saiatu dituela azpimarratu du Xerifek, eta inor ez dela gai izan bere familiari behar duen laguntza emateko. Babes ofizialeko etxebizitzaren bat lortzeko zerrendetan dago; merkatu librean ere saiatu da etxebizitza bat alokatzen, edo erosten, baina «pareta baten kontra» jo bertzerik ez duela egin kontatu du, etsipenez. «Arrazakeria ez da arazo bakarra; prezioek ere anitz zailtzen dute gure egoera».

Administrazioak «gehiago» egin beharko lukeela zalantzarik ez du. «Bost pertsona bizi gara gela bakar batean. Hau da ez toki egoki bat haurrentzat. Nasuvinsako zerrendetan nago, baina zain; larrialdietarako etxebizitza bat lortzeko ere behar adina punturik ez dut. Zerrendan 59.a omen naiz. Horrek erran nahi du bertze 58 familia daudela, gure egoera berean, zain?», galdetu du.

Putre funtsak

Aterpe bat izan daitezke lau pareta. Gehiago behar da etxebizitza bat eraikitzeko, ordea, askatasun eta segurtasun espazio bat izan beharko lukeelako etxe batek, berez. Xerifen familiari hori falta zaio. Gela bakar batean bizitzeak, gainera, arrastoa uzten du kide guztiengan. Xerifen emazteak ez du Nafarroako Hitza-rekin hitz egin nahi izan, «indarrik gabe» dagoelako, etsita, erabat. «Lur jota dago, anitz sufritzen ari da», erran du Xerifek, tristuraz.

Fawzi Cherifen eta haren familiaren gela.Bost pertsona bizi dira espazio horretan. Irudian, koltxoi bat eta mantak. IÑIGO URIZ / FOKU
Fawzi Xerifen eta haren familiaren gela. Bost pertsona bizi dira espazio horretan. Irudian, koltxoi bat eta mantak. IÑIGO URIZ / FOKU

Xerifen familia bizi den Sanduzelaiko etxebizitzak lau logela ditu —egongela zen, berez, haietako bat—, sukaldea eta komuna. «Gure gelak ere badu komuna, zorionez!». Bertze geletan ere pertsona bat baino gehiago bizi dira. «Bi daude bertze geletako bakoitzean. Guk 450 euro ordaintzen ditugu, baina bertze gela horietako batzuek, 500. Guri ere alokairuaren prezioa igo nahi izan zigun etxebizitzako arduradunak, baina aurre egin nion eta ez zigun igo».

Arduradunaz ari da Xerif, Sanduzelaiko bere gela dagoen eraikineko jabea, berez, Madrilgo Testa putre funtsa baita. «Arduradunak 900 euroko alokairua eta etxebizitzako gastuak ordaintzen dizkio putre funtsari; hark ia 500 euro jasotzen ditu gela bakoitzeko. Ezagutzen ditut gela batengatik 700 euro ordaintzen dituzten familiak». Etxebizitza «negozio» bilakatu dela salatu du Xerifek, eta bere egoera berean direnek ordaintzen dutela «preziorik garestiena».

«Seme-alabek nahiko lukete lagunak etxera ekarri, ikasteko edo jolasteko, baina ezin dute. Ez dute etxerik lagunei erakusteko»

FAWZI XERIFFamiliarekin gela bakar batean bizi den herritarra

«Semeak behin baino gehiagotan erran dit: ‘Zertarako balio dizu hainbertze lan egiteak etxebizitza bat ezin baduzu lortu?’. Arrazoi osoa du. Nik ez dut oparirik nahi; nik lan egiteko arazorik ez dut. Nire lanarekin etxebizitza bat lortu nahi dut». 05:00etan altxatzen ohi da Xerif lanera joateko. Emaztea eta seme-alabak ez esnatzen ahalegintzen da, baina zaila zaio, anitzetan. «Ez dugu tokirik gelan. Dena dugu gauzez beteta. Otorduak ere gela barruan egiten ditugu, mahai txiki baten bueltan eserita».

Koltxoiak paretaren kontra, eta, gainean, negurako mantak. Alaba txikiaren jostailuak ohe ondoan, eta zapatak, paretaren kontra. «Saiatzen gara dena ahalik eta txukunen izaten, baina zaila da». Etxebizitzan bizi direnak txandaka aritzen dira sukaldean, eta balkoian txandaka garbitzen duten arropa dute zintzilik. Dena dago gauzez beteta. «Ez dago bertze modurik».

Xerifek bertze etorkizun bat nahi du bere seme-alabentzat: baldintza duinak eskainiko dizkien etxebizitza bat, alegia. Hori lortzeko egiten du lan. Bere egoeraren berri eman nahi izan du, eta agintariei eskatu egin dezatela zerbait etxebizitzarako eskubidea bermatzeko. Badu mezu bat talde politikoetako kideentzat: «Pasa dezatela egun bat euren familiekin gela bakar batean. Ez bi urte, ez aste bat; pasa dezatela egun bakar bat, eta konta dezatela nola sentitzen diren».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.