Ezegonkortasuna da gaztetxeen patua. Noiz arte iraunen du leku horrek? Noiz botako dituzte karrikara? Noiz eraitsiko dute eraikina? Hala ere, ezegonkortasun horren gainean proiektu sendoak eraikitzeko gai izaten dira gazte asanbladak eta gisakoak. Burlata ez da salbuespena: sei urte ditu gaztetxeak, eta behin eta berriro piztu behar izan dute arriskuaren alarma. Berriz egin dute: gaztetxea arriskuan dela salatu du Burlatako Gazte Asanbladak, eta «antolakuntzarako espazioak» defendatzeko deia egin du.
Nogalera 2025programari jarraikiz, gaztetxea eraitsiko dute heldu den urtean. Uholdeei aurre egiteko plana da Nogalera 2025, eta udalbatzak aurreko legegintzaldian onartu zuen, aho batez. Proiektuaren helburua da Arga ibaiak gainezka egiten duenean uholdeen ondorioak arintzea. 2021eko uholdeen ondoren, herria babesteko zerbait egiteko beharra ikusi zuen Burlatako Udalak; deialdia egin eta diru laguntza jaso zuen horretarako. Biodibertsitate fundazioa dago proiektuaren atzean, eta udalak haren zuzenbideei jarraitzen die, Berta Arizkun alkateak azaldu duenez: «Azken hitza ez da gurea, haiena baizik». Besteak beste, Europako funtsak erabiliko dituzte proiektua ordaintzeko.
Gaur egun herriko gaztetxea dagoen eraikina eraitsiko dute planari jarraikiz, eta horri erantzuteko beharra ikusi du Burlatako Gazte Asanbladak. Eraikina duela bi urtetik erabiltzen dute gaztetxe gisa, Navarra Sumarekin egindako akordio bat dela medio, hura baitzen agintean aurreko legegintzaldian. Eraikinean sartu zirenean, bazuten Nogalera 2025 proiektuaren berri, Arkaitz Barburu gaztetxeko kideak onartu duenez: «Bagenekien proiektu horrek gaztetxea kolokan jartzen zuela».
Proiektuari buruzko informazio eske, duela sei hilabete udalarengana jo zutela azaldu du Barburuk. «Momentu honetan ez dugu ikusten alternatiba bat bilatzeko borondate errealik, eta ez dakigu gaztetxea eraitsiko duten edo ez, baina beharra ikusi dugu gaztetxea arriskuan dagoela salatzeko». Burlatako Udalak esan zien baietz, proiektua martxan zegoela eta ez duela atzera-martxarik. «Garai horretan esan ziguten oraindik ez zegoela ezer zehaztuta eta ez zekitela zer eragin izango zuen proiektuak».
Oraindik egitasmoa zehaztu gabe zegoenez, proposamena egin zuen gaztetxeak: proiektua egin behar zuenari gaztetxea egitasmoan txertatzeko aukera azter zezala eskatzea. «Ez dakigu bideragarria den edo ez, baina, gutxienik, saia daitezela eskatu diegu. Arrazoi teknikoengatik ez bada bideragarria, ez gara lekuarekin tematuko». Udalari «borondate falta» egotzi diote, eta «oztopoak» paratzea eta epeak luzatu nahi izatea. «Ez digute erantzunik eman. Guk badakigu epe batzuk daudela, eta eskatu genien informazioa izan ahala guri transmititzeko, baina orain arte jaso dugun informazio bakarra da seguruenik gaztetxea eraitsiko dutela, eta beste bide batzuetatik jaso dugu».
Hurrengo urtean botako dute
Egitasmoaren egoeraz galdetuta, Berta Arizkunek esan du espero dutela abuztu hondarrerako esku artean edukitzea behin betiko proiektua. Gaztetxekoen proposamena aintzat hartu zutela dio: «Proiektua idazten ari zirenean, gaztetxea ez botatzeko aukera planteatu genien, baina haiek argi dute bota egin behar dela». Behin betiko proiektua jasota, irailean proiektua aurkeztea da udalaren asmoa, eta, ondoren, obren lizitazioa egin beharko dute. «Beranduenez, 2025ean hasi beharko dira lanak, urtea bukatu aurretik obrak bukatuta egon behar duelako», esan du Arizkunek.
Gazte Asanbladak esan du ez dagoela Nogalera 2025 proiektuaren kontra, eta, eraikina eraistea ezinbestekoa bada, hitz egiteko prest agertu dira. «Argi dago eraikin horrek sekulako aukerak ematen dizkigula mota askotako egitasmoak antolatzeko, baina hasieratik esan diogu udalari bertan gelditzea bideraezina bada prest gaudela beste aukera batzuk aztertzeko». Eraikinari baino gehiago, proiektuari eman dio garrantzia Barburuk: «Garrantzitsuena da antolakuntza independenterako gure espazio propioak izatea, proiektuak garatzeko eta jardun sozial, politiko eta kulturala aurrera eramateko».
Beste ertzean, Burlatako alkate Arizkunek ez du alternatibarik ikusten: «Beti esan izan dugu: udalak ez du beste lekurik. Ez gaude gaztetxearen proiektuaren kontra, ez dugu arazorik, baina ez dugu beste lekurik eskaintzeko. Navarra Sumak leku hori eskaini zienean, bazekiten eraikina botako zela».
Ezegonkortasuna, patu
Ez dirudi gaztetxearen egoera bideratzea erraza izanen denik. Ohituta daude ezegonkortasun egoerara. Hasieratik ez da bide erraza izan Burlatako Gazte Asanbladarentzat. Duela sei urte, 2018ko ekainaren 9an, herriko zenbait gaztek hondarrezko futbol zelaiko aldagelak okupatu zituzten, eta han abiatu zen gaztetxearen proiektua. Okupatu eta berehala, abuztuan, eraso egin zioten gaztetxeari: barrura sartzen saiatu ziren, svastikak margotu zizkieten eta kanpoan zuten eremua suntsitu zuten.
Garai hartan Burlata Aldatuz eta EH Bildu zeuden agintean, eta gaztetxekoek haiekin akordio bat erdietsi zuten, baina 2019ko maiatzean Navarra Sumak eskuratu zuen alkatetza, eta akordioa deuseztatu zuen. Orduz geroztik, Poliziaren «jazarpena» eta ekitaldiak antolatzeko «trabak» salatu zituzten gaztetxeko kideek. Nolanahi ere, Navarra Sumarekin ere akordioa lortu zuten azkenean, eta gaur egun dagoen eraikinera lekualdatu zen gaztetxea; garai batean hiltegi gisa erabiltzen zen tokira, alegia. «Gaztetxe zaharra bota zuten, kirol instalazioak egiteko, baina azkenean ez zuten ezer egin», kontatu du Barburuk.
Leku berrian egoera ez zen egonkortu. PSNk salaketa bat paratu zuen Nafarroako Administrazio Auzitegian, eta epaileak ebatzi zuen gaztetxearen eta udalaren arteko lagapen hitzarmenak ez zituela «lege irizpide guziak» betetzen. Iazko maiatzean izan zuten ebazpenaren berri, eta berriz ere gaztetxearen aldeko mobilizazioei ekin zieten. Ezegonkortasun egoerari, eraikina eraisteko asmoa gehitu zaio orain.
Egoera hori ikusirik, egonkortasun eske ari dira Burlatako Gazte Asanbladako kideak. Barburuk argi dauka hori dela jarraitu beharreko bidea: «Ezegonkortasun egoera gainditzeko, ezinbestekoa da geroz eta jende gehiago antolatuta egotea, eta geroz eta indar handiagoa izatea. Elkartasun antolatuaren bitartez, aurre egingo diegu kaleratze eta oztopo guziei, indarrak metatuz, erakundeek eta enpresek geroz eta zailagoa izango baitute gure espazioen aurka egitea». Oraingoz, aldarrikapen kanpaina paratu dute martxan. «Antolakuntzarako espazioak bermatzea eta gaztetxearentzat konponbidea bilatzea» dira eskariak. Bestelako uholde batzuk arintzeko tresna ideologikotzat baitaukate gaztetxea.