Iruñeko Aralar elkarteak 28 urteko bide bat egin du ludopatiaren aurka. Teresa Burgi da koordinatzailea (Legazpi, Gipuzkoa, 1963). Kirol apustuen arriskuaz ohartarazi du; adingabeen artean, batez ere. Nafarroako Gobernuak jokoaren lege berria garatzeko onartutako erregelamenduaz aritu da.
2022koa da legea. Berandu dator erregelamendua?
Bai. Hagitz berandu. 2022ko uztailean berritu zuten herrialdeko jokoaren legea. Alderdiak ez ziren gai izan ados jartzeko zenbait auzitan, eta erabaki zuten kontu horiek erregelamenduan garatzea. Legez, hemezortzi hilabeteko epea zuten gehienez erregelamendu hori onartzeko, baina gehiago kostatu zaie egitea.
Zer gaitan ez ziren ados jarri alderdiak?
Joko aretoetara sartzeko kontrolaren auzian, adibidez. Guretzat hori da inportanteena, uste baitugu kontrola behar dela edozein joko aretotan sartzeko. Legea 2022an berritu arren, segur aski urte bukaerara arte ez dugu izango aretoetan sartzen direnak identifikatzeko sistemarik. Kontrol horren helburua da adingabeei eta joko aretoetan sartzea galarazten dien agiria sinatu dutenei toki horietan sartzen ez uztea.
Legeak jasotzen du kontrolerako behar hori?
Bai, baina ez zuen zehaztu nola egin. Orain, erregelamenduak egin du urrats hori.
Oraindik ez da indarrean, ordea.
Hala da, eta horrek eragiten du epeak luzatzea. Erregelamendua Nafarroako Aldizkari Ofizialean agertu eta gero, enpresek bederatzi hilabete izanen dituzte beren sistemak egokitzeko. Poliki goaz, eta berandu. Aralar elkarteak hasieratik eskatu ditu gisa horretako kontrolak, eta duela 28 urte hasi ginen lanean.
«Txanpon makinak, baina, erregelamenduak ezarritako kontrol horretatik kanpo gelditzen dira. Makinak ostalaritzatik atera ditzatela nahi dugu guk»
Adingabeak eta agiria sinatu dutenak bereziki zaurgarriak dira?
Osatzeko prozesuan dauden pertsonentzat hagitz garrantzitsua da jokatzea galarazten dien agiriak dioena betetzea.
Egun, oraindik ere, erraza da adingabeentzat joko aretoetan sartzea?
Egun, helduek ez dute inolako arazorik; sartzea galarazteko agiria sinatu badute ere ez dute arazorik. Adingabeek ere ez. Gurean diren anitzek erran ohi dute inoiz ez dietela eskatu inon beren adina ziurtatzeko agiririk. Badakigu adingabeak aretoetara sartzen ari direla. Auzo anitzetan ikastetxeetatik hurbil daude areto horiek, eta atsedenaldian sartzen dira. Enpresek adingabeei sarrera galarazten dien kartela jartzen dute, baina sartzen direnei ez diete agiririk eskatzen.
Eta zer gertatzen da ostalaritzaren esparruan?
Ostalaritzaren esparruan ere bederatzi hilabeteko epea izanen dute lokal horietan dauden kirol apustuak egiteko makinen erabilera kontrolatzeko, eta bermatzeko adingabeek eta agiria sinatu dutenek ez dituztela erabiltzen. Nafarroan 70 joko areto inguru daude, baina herrialde osoko tabernetan daude apustuak egiteko makinak. Erregelamendua indarrean sartzen denean, makinak egokitu edo erabiltzailea identifikatzeko gai diren bertze makinak jarri beharko dituzte. Txanpon makinak, baina, kontrol horretatik kanpo gelditzen dira. Makinak ostalaritzatik atera ditzatela nahi dugu guk.
Joko aretoetan, erregelamenduak ezarri du bertze debekurik?
Erregelamenduak debekatu du, behingoz, joko aretoetan maileguak emateko aukera. Orain arte, hori gertatzen zen: enpresek ematen dizute jokatzen jarraitzeko dirua. Maileguak azkar ematen dituzten enpresen iragarkiak ere debekatu dituzte, eta hori pozgarria da. Anitzetan, mailegu horiek abusuzko baldintzetan ematen dituzte, eta jokatzen ari dena betirako zorpetzen ahal duen prozesu batean sar daiteke.
Azken urteotan, adingabeek jokoarekin dituzten arazoak nabarmendu dituzue, batez ere.
Gero eta gazte gehiago artatzen ari gara. Eta gazteak kirol apustuen bidez sartzen dira jokoaren munduan. Adingabeak direnean hasten dira kirol apustuekin, lagun artean. Apustu txikiak egiten hasten dira. Ez dira arriskuaz ohartzen, eta hori larria da. Hagitz gazte hasten dira, gainera.
Zenbat urterekin?
Dirua jokatzen hasteko batez bertzeko adina 15 urtekoa da; eta bost adingabetik batek dirua jokatu du.
«Zenbait ikerketaren arabera, Nafarroan 1.800-2.500 ludopata inguru dago. Inportantea da errealitatearen berri ematea, baliabideak jartzea eta elkarlana sustatzea»
Eta egoera horri aurre egiteko, legea nahikoa da?
Ez. Lege bat behar da, baina ez da nahikoa. Lege on bat prebentziorako tresna egoki bat izan daiteke, baina ezinbertzekoa da bertze zenbait esparrutan ere eragitea. Hezkuntzaren arloan, adibidez. Legeak dio Hezkuntza Departamentuak prebentzioa lantzeko programa bat osatu eta ikastetxeetan ezarri beharko duela.
Egin dute zerbait?
Ez. Hezkuntzaren esparrutik lanean hasteko garaia da, eta osasunaren arloan ere bada beharra. Ludopatia osasun mentaleko arazo gisa jasota dago, eta arazo hori dutenek osasun etxera joan beharko lukete. Kontua da osasun mentaleko zentroen egoera ez dela ona.
Baliabiderik ezaz ari zara?
Bai, baina ez bakarrik horretaz. Osasunbideak urtean 25-35 ludopata artatzen ditu. Datu horiek ez dute arazoaren benetako neurria ematen: guk urtean 110 pertsona inguru artatzen ditugu, eta bertze 25 daude urtero gure programan sartzeko zain; bertzalde, zazpiehun pertsonak sinatu dute joko aretoetan sartzea galarazten dien agiria. Zenbait ikerketaren arabera, Nafarroan 1.800-2-500 ludopata inguru dago. Inportantea da errealitatearen berri ematea, baliabideak jartzea eta administrazioaren eta erakundeen arteko elkarlana sustatzea.