Nagore Eslava
IRITZIA

Gazi-gozoa

2024ko uztailaren 5a
04:55
Entzun

Zapi gorriz beteko da bihar Iruñea. Batzuen pozarako eta besteen atsekaberako, hiria jai giroan murgilduko da bederatzi egunez; musika, dantza eta jendea, jende asko. Datozen egunen atarian, poza sentitzen dutenen aldean kokatzen dut nire burua, ez naiz maletak egin eta Iruñetik ihes egiten duten horietakoa. Halere, onartu beharra dut ez direla nire festa faboritoak; aukeratzekotan, nahiago herriko festa txikiak.

Sanferminek sentsazio gazi-gozoa eragiten didate, alaitasun eta zuhurtziaren arteko nahasketa bat. Ez dira nahi adina trago hartzeko festak, ez dira hemendik hara bakarrik ibiltzekoak. Kezkak, ardurak eta, une askotan, beldurrak ere ziztatu egiten gaitu emakumeok. Gustatuko litzaidake beste era batera hartu ahal izatea, baina hala sentitzen dut, guztiz erlaxatu eta gozatzerik ez banu bezala.

Aurtengo sanferminetan, hamasei urte beteko dira Diego Yllanesek Nagore Laffage erail zuenetik. Orain hiru urte, Asun Casasola, Nagoreren ama, elkarrizketatzeko aukera izan nuen. Azaroaren 25a zen eta Lizarrako Bigarren Hezkuntzako Institutuan geunden. Orduan kontatu zidan urteak zeramatzala Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean Lizarra bisitatzen, bai eta Nafarroako beste hainbat herri ere. Gogoan dut nola esan zidan esfortzu hura «Nagore gehiago egon ez daitezen» egiten zuela. Izan ere, helburua argi zuen; ikastetxetara joan eta gazteei Nagorek sufritutakoa kontatu, bere dokumentala erakutsi eta kontzientzia har dezaten, gertatutakoa izan zen moduan azaldu.

Martxoan, ahaztua izateko eskubidea aldarrikatuta, Yllanesek berarekin lotutako albisteak ezabatzeko eskatu zion Googleri, Espainiako Datuen Babeserako Agentziari eta Espainiako Auzitegi Nazionalari. Eragindako minaren erakusle den arrastoa desegiten saiatu zen, baina ez zuen lortu, hiruren aldetik jaso zuen ezetza. Eta eskerrak, holako basakeria bat ezin baita ahaztu, memoria kolektiboan iltzatu beharreko zerbait dugu.

Gizartea astindu duten gertakariak izan dira, gogoeta olde bat piztu dutenak. Eta gogoratzea mingarria den arren, haserre kolektibo horrek kontzientzien astintzea ekarri du, eztabaida publikoa piztu du, eta konpromiso irmoago bat agerrarazi du, egiturazko arazo honen aurrean

Gizon horrengan pentsatu eta barrena emozio negatiboz betetzen zait: nazka, amorrua, haserrea. Harritu ninduen, ordea, hainbeste sufrimendu gainean daraman ama batek adierazten zuen zintzotasun eta sendotasunak. Harritu, onerako, noski. Zelako lanketa emozionala egin behar izan duen emakume horrek bizitza izorratu dion gizon horren inguruan hitz txar bakar bat ere ez botatzeko. Jendearekiko esker ona eta itxaropena, besterik ez zuen erakusten.

Argi dago Nagoreren kasua mugarri bat izan dela indarkeria matxistaren aurkako borrokan, 2016ko La Manada bezalaxe. Hortik dator, seguru asko, Asunen kemena. Gizartea astindu duten gertakariak izan dira, gogoeta olde bat piztu dutenak. Eta gogoratzea mingarria den arren, haserre kolektibo horrek kontzientzien astintzea ekarri du, eztabaida publikoa piztu du, eta konpromiso irmoago bat agerrarazi du, egiturazko arazo honen aurrean; astiro bada ere, aurrera egiteko, sentsazio gazi-gozo hori egunen batean gozo huts bihur dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.