Tiza elkarteak Bea Lema artistaren brodatu bat baliatu du Nafarroako Komiki Azokaren aurtengo aldia iragartzeko. Lemak (Coruña, Galizia, 1982) Irurtzungo kiliki baten irudia hartu du oinarri kartela osatzeko. Gaur hasi eta irailaren 29ra bitarte eginen dute azoka, hamabosgarrenez. Aurtengo aldiak bi egoitza nagusi izanen ditu: Iruñea eta Lizarra. Lema izanen da parte hartzaileetako bat, eta Nafarroan egonen da irailaren 12tik 14ra.
Tiza elkarteko kideek 2010ean hasi zuten komikigintza sustatzeko bidea; geroztik, sendotzea lortu du azokak. «Frikientzako gauzekin lotzen ziren komikiak, baina, urteak pasatu ahala, jendeak ikusi du istorioak kontatzeko tresna bat direla», esan du Javier Perez de Zabalzak, Nafarroako Komiki Azokako zuzendariak. Komiki egileen alde egin dute antolatzaileek hasieratik, eta egile horiekin antolatutako solasaldiak eta haien obren inguruko erakusketak bilakatu dituzte azokaren oinarri. Bea Lemak egindako kartelaren bidez, zehazki, eskuz egindako lana aldarrikatu nahi izan dute, adimen artifizialaren eta marrazki digitalen aroan brodatua bihurtu baitute azokaren ikur.
Lemak harien bidez marrazten du, eta teknika hori baliatuz osatu du El Cuerpo de Cristo (Kristoren gorputza) bere eleberri grafikoa (Astiberri, 2023). Artistak lan hori osatzeko erabili dituen jatorrizko marrazkiak Nafarroako Komiki Azokan erakutsiko dituzte, hain zuzen. Irailaren 12an, Iruñeko Kondestablearen jauregian izanen da Lema, liburuak sinatzen. 13an, berriz, Lizarran eginen duten mahai inguru batean parte hartuko du: Artaxoako Esther Vital artistarekin ariko da, Karlismoaren Museoan. Vitalek ere ehunak erabiltzen ditu bere obrak osatzeko. Irailaren 14an, azkenik, Lemak brodatuaren inguruko tailer bat eginen du, Iruñean.
Azokak komikigintza sustatzea du helburu; horregatik, solasaldi, erakusketa eta tailer ugari antolatu dituzte. Bederatzi erakusketa egonen dira Iruñeko Kondestablearen jauregian, bat La Morea merkataritza gunean eta beste bat online. «Azokak hilabete iraunen duenez, poliki-poliki bisitatzea gomendatzen dut», esan du Perez de Zabalzak. Hala nola Charlie Christensen, JJ Charles, Riki Blanco, Candela Sierra eta Josefina Altuna artisten lanak egonen dira ikusgai.
Charlie Christensen 1988. urtetik Iruñean bizi den umorista suediar bat da: «Suedian oso umorista garrantzitsua edo garrantzitsuenetakoa izan arren, jende gutxik ezagutzen du hemen, haren lana ez dutelako itzuli gaztelerara. Interesgarria iruditzen zitzaigun bere bizilagunek ezagutzea», azaldu du zuzendariak.
Askotariko tailerrak
Askotariko estiloak eta gaiak lantzen dituzten erakusketak, solasaldiak eta tailerrak izanen dira, bakoitza bere berezitasunekin. Hala ere, azokako zuzendariak argi du Altunarena dela «maitagarriena» eta «hunkigarriena»: «90 urte baino gehiago ditu artista horrek, eta azokan bere lanak aurkeztuko dituztenetan zaharrena da. Oso polita da marrazten jarraitu izana, beste askok ez bezala». Mikel Edortaren, hau da, Altunaren bilobaren laguntzaz, amatxiren marrazkiak berreskuratu dituzte, eta azokan ikusgai egonen dira.
Azokaren mamia solasaldiak eta erakusketak badira ere, geroz eta tailer gehiago antolatzen dituzte. Haurrentzako lego tailerrak eta superheroiz mozorrotzeko tailerrak daude. Horrez gain, Andrea Ganuza artistak Iruñean gustukoen dituen tabernak bisitatu, eta istorioak kontatuko ditu parte hartzaileek marrazten duten bitartean. Tailer guztiak doakoak eta irekiak dira.
Halere, badira bi ikastaro jende talde jakin batzuentzat sortuak. Batetik, belaunaldi arteko ikastaro bat eginen dute Iruñeko Erruki Etxeko erabiltzaileekin eta harrera etxeetan dauden neskekin. Bestetik, beste bat Ilundaingo Adingabeen Behaketa eta Harrera Zentroko gazteekin eginen dute, zuzendariaren arabera: «Baztertuta dauden kolektiboengana iritsi nahi dugu, askotan ahaztu egiten baitzaizkigu».