Erretiroa hartutako familia medikua

Pilar Arroyo: «Gaixoekin dugun harremana da familia medikuon superboterea»

Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Medikuen Elkargoak Pilar Arroyo medikuak Iruñeko Txantreako eta Uharteko osasun etxeetan egindako lana saritu berri dute.

(ID_14348188) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2024-10-18, Iruñea. Pilar Arroyo, medikua
Pilar Arroyo familia medikua, urriaren 18an, Iruñeko hotel bateko kafetegian. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko urriaren 28a
05:00
Entzun

Pilar Arroyok (Huesca, Espainia, 1956) ez du mediku sena galdu, duela bi urte erretiroa hartu arren. Aspaldiko gaixo batekin egin du topo elkarrizketa egitera bidean; herritarrak Arroyo zoriondu du, Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Medikuen Elkargoak eman berri dioten Sanchez Nicolay sariagatik. Zoriontzeak «biziki» poztu du sendagilea, baina lanbideari buruzko kezka aipatu nahi izan du, deus baino lehen. «Kontsumo ondasun bilakatu da osasuna», erran du.

Uste duzu herritarrak gaizki erabiltzen ari direla lehen mailako arreta?

Joerak aldatu dira. Lehen, jendea behar zuenean joaten zen medikuarengana. Orain, osasun langileak edozein ordutan daude herritarrak hartzeko prest, kontsultan ez bada, larrialdietan, eta anitzek medikuarengana jotzen dute benetako beharra izan gabe. Adibidez, guraso batzuk etor daitezke seme-alaba gaixotu dela uste dutelako; galdetzen diezu sukarra ote duen, eta erantzuten dizute ez diotela termometroa jarri ere egin. Zentzuz jokatu behar dugu, eta beharra dagoenean joan larrialdietara eta kontsultetara.

Hori da lehen arretaren arazo nagusia, edo bada bertzerik?

Hori arazo bat da; gutxiago gertatzen da, gainera, landa eremuan. Baina bada bertze hainbat arazo, noski. Landa eremuan, hain justu, medikuen joan-etorria da arazo horietako bat.

«Ospitalea ez da herritarren alde lan egiteko toki bakarra; anitz egin daiteke lehen arretan ere»

Egungo egoerak zailtzen du gaixoen eta familia medikuaren arteko harremana?

Bai. Medikua ez bada toki batean gelditzen, nekez ezagutu ahal izanen ditu artatu behar dituen herritarrak. Arazo larri bat da hori. Mediku anitz ari gara erretiroa hartzen, baina ez dago hutsik gelditzen diren tokiak nork bete. Uste dut funtsezkoa dela fakultateetatik osasun etxeetara sartzea, harreman hori lantzen hastea. Ospitalea ez da herritarren alde lan egiteko toki bakarra; anitz egin daiteke lehen arretan ere. 

Lehen mailako arretan, lantaldeak zenbateko garrantzia du?

Handia. Erizainen lana, adibidez, funtsezkoa da. Baina ez haiena bakarrik: gizarte langileena, administrariena eta bertze langile guztiena ere bai. Talde lana da gurea; elkarlana ezinbertzekoa da.

Ikasleak lehen arretaren esparru horretan sartzeko beharra aipatu duzu; uste duzu familia medikuak, neurri batean, bigarren mailako medikutzat hartu izan direla?

Neurri batean, bai. Baina ez toki guztietan; landa eremuan rol nagusi bat betetzen dugu lehen mailako arretako medikuok eta bertze langileek. Baina hiriguneetan iruditzen zait bigarren mailan jarri gaituztela anitzetan, ospitaleko medikuen aldean. Guk ezin dugu haiek egin dezaketen guztia egin, noski, baina gure rola funtsezkoa dela iruditzen zait. Bertzeak bertze, nork bere burua zaintzeko bideak sustatzeko. Herritarrei etxean zaintza aringarria emateko lana ez dago gure esku, baina uste dut lan horrek ere gurea beharko lukeela, guk ezagutzen dugulako zaintza behar duen pertsona hori hobekien; arreta behar duena, haren familia, haren egoera, dena ezagutzen dugu. Noski, hori egin ahal izateko, baliabideak behar dira.

Balioa eman behar zaio ezagutza horri?

Polly Morlanden Una mujer afortunada. Historia de una médica rural irakurtzen ari naiz. Protagonistak erraten du bisturia dela zirajau baten lehen lan tresna, eta familia mediku batena, berriz, gaixoekin duen harremana. Erabat ados nago.

Hori da familia medikuen superboterea?

Bai! Hori da, hain justu: superbotere bat da harreman hori! Baina toki batean luze egoteko aukera izan behar duzu garatzeko. Harreman horrek denoi egiten digu mesede, gaixoei, bai eta medikuoi ere. Egia da lan kargak gora egiten badu horrek eragiten diola gaixoei eskaintzen ahal diegun arretari, baina harreman hori funtsezkoa da. Erizainen ezagutza hagitz garrantzitsua da esparru horretan ere.

Lan hori egiteko, lehen arretak baliabide gehiago behar ditu?

Bai, zalantzarik gabe. Baliabide material gehiago behar ditu, bai eta giza baliabide gehiago ere. Ezin ditugu izan 1.600 gaixo eta haietako laurehun izatea 60 urte baino gehiagokoak. Gainera, dauden baliabideak ez dira beti modurik egokienean erabiltzen; anitzetan zaintzako txandetan aritzeko langile anitz daude, eta anitzez ere gutxiago kontsultetan goizez aritzeko, azken horietan lan karga anitzez handiagoa izan arren. Ongi antolatu behar da hori.

«Joan behar den medikuak denbora bat izan beharko luke bere gaixoez hitz egiteko toki hori hartuko duenarekin»

Duela bi urte hartu zenuen erretiroa. Iruñeko Txantreako eta Uharteko osasun etxeetan aritu zinen. Lanaren falta sumatzen duzu?

Kostatu egin zitzaidan uztea. Duela gutxi, medikuen erretiroari buruzko testu bat irakurri nuen, eta bat nator aipatzen zuenarekin: gure agurrak mailakatua beharko lukeela, eta postua utziko duen medikuak eta toki hori beteko duenak bat egin beharko luketela denbora batez, txandakatzea ez izateko egun batetik bertzerakoa. Joan behar den medikuak denbora bat izan beharko luke bere gaixoez hitz egiteko toki hori hartuko duen medikuarekin. Horrek denoi eginen liguke mesede: erretiroa hartzen duen medikuari, postu hori hartuko duenari, eta gaixoari, noski. Proiektu pilotu bat egin beharko lukete sistema hori probatzeko.

Jaso duzun sariak bizitza osoko lana aitortu dizula sentitu duzu?

Bai, erabat. Hagitz pozgarria izan da. Halere, garbi dut nirekin lan egin duten guztiena ere badela sari hori. Ez da bakarrik nirea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.