NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko Sario eraikineko Fernando Remacha aretoan bat egin dutenek irri egin dute. 2001. urtean, NUPeko Esperientzia Gela martxan jarri zutenean, Reyes Berruezo zen Ikasleen Arloko eta Unibertsitate Hedapeneko errektoreordea; gela abian jartzeko prozesua oroitu du, eta kontatu du hasieran bertze unibertsitate batzuetako errektoreordeekin hitz egin zuela, aholku bila: «Denek erran zidaten lortuko nuela helduak unibertsitatera eramatea baina gero ezin izanen nituela handik atera!».
Ikusi gehiago
NUPen bat egin dutenek irri egin dute, Berruezori aholku eman zioten errektoreorde haiek bete-betean asmatu baitzuten: Aulexna Esperientzia Gelako Ikasleen eta Ikasle Ohien Elkartearen hogeigarren urteurrena ospatu dute NUPen; ikasten jarraitzeko sortu zuten taldea.
NUPeko Esperientzia Gelak 2001-2002koa izan zuen lehen ikasturtea; hiru urteko ikasketak eskaini zituen NUPek ordu hartan, 50 urte baino gehiagokoentzat. Lehen promozioak 2004an burutu zituen ikasketa horiek, eta, aski ez zutenez, Aulexna sortu zuten 2005ean, ikasten jarraitzeko. Egun, elkarteak hamaika ikastaro eta tailer eskaintzen ditu NUPen, eta, handik kanpo, hainbat txango, kultur ekitaldi eta bertze.

Koldo Apestegia da Aulexna elkarteko presidentea (Iruñea, 1957). 2015ean hasi zituen NUPeko Esperientzia Gelako ikasketak —Unibertsitate Hedapeneko Diploma egin zuen Giza eta Gizarte Zientzietan—. «Lantegia itxi zuten, eta lana galdu eta handik hilabetera, NUPen nintzen. Gaztetan, Salamancako Unibertsitatean aritu nintzen [Espainia], baina NUPeko esperientzia bertzelakoa izan da, erabat. Edozeini gomendatuko nioke», kontatu du Apestegiak.
Miren Fernandezek (Iruñea, 1958) eta Ramon Gorrizek ere (Iruñea, 192) badute NUPeko Esperientzia Gelako diploma; Fernandez 2018an hasi zen Esperientzia Gelan, eta Gorriz, 2015ean. Unibertsitateak lau urteko ikasketak eskaintzen ditu egun, baina Fernandez eta Gorriz ikasten jarraitzeko gogoz gelditu ziren diploma lortu eta gero, eta Aulexnak antolatutako ikastaroetan eman zuten izena berehala.
Harremanak
D ereduko irakasle izan da Fernandez. «Gaztetan, Irakasletza ikasi nuen, eta erretiroa hartu bezain pronto hasi nintzen NUPen», nabarmendu du. Gorrizek ohi baino goizago utzi ahal izan zuen lana, osasun arazo baten ondorioz. Gaztetan, unibertsitatean aritzeko aukera izan zuen, baina orduko «errebeldiagatik» ez zuen ikasten hasteko urratsa egin. «Irakurtzea anitz gustatu izan zait beti, eta jakin-min handia dut betitik. NUPeko ikasketek gozatzeko aukera eman didate, eta esperientzia zoragarria izan da», azpimarratu du.
«Salamancako Unibertsitatean aritu nintzen, baina NUPeko esperientzia bertzelakoa izan da»
KOLDO APESTEGIAAulexna elkarteko lehendakaria
Esperientzia Gelan hasi bezain pronto, ikasleek aukera dute Aulexnarekin bat egiteko. «NUPen hasi nintzenean, emazteari kontatu nion ikasle ohi astun batzuk etorri zitzaizkigula gelara, elkarte batean izena eman genezan. Orain, ni naiz ikasleengana joaten den ikasle ohi astun hori!», erran du Apestegiak, barrez. «Unibertsitateak ikasketak baino gauza anitzez gehiago ematen dizkigu, eta jasotzen dugun horri eutsi nahi diogu Aulexna elkartearen bidez, hain zuzen», gehitu du. Gelan ezagututako kideez ari da, zehazki; lagun bilakatzen diren kideez, alegia. «Gelan kide izan nituen ikasleen %90ekin badut harremana oraindik ere», aipatu du Gorrizek. Fernandezek ere «biziki» estimatzen du gelan hainbertze jende ezagutu izana, eta harreman horiek ez galtzeko da Esperientzia Gelako ikasleen eta ikasle ohien elkarteko kide, neurri handi batean.
Aulexnak NUPen eskaintzen ditu ikastaroak eta tailerrak; elkarteko kide direnek baino ez dute parte hartzen ahal, eta Aulexnan egoteko ezinbertzekoa da NUPeko Esperientzia Gelako ikaslea edo ikasle ohia izatea. Ikasle ohiek eman dezakete izena Aulexnak antolatutako ikastaroetan. «Interes handia pizten dute, eta mugatu beharra dugu, nolabait. Esperientzia Gelan ari direnek badituzte euren ikasgaiak, eta, ondorioz, ezin dute Aulexnako ikastaroetan parte hartu. Gainerako jardueretan, ordea, bai», zehaztu du Koldo Apestegiak. Gainerako jarduera horien artean, hain justu, «denetarik» egiten dute Aulexnako kideek: antzerki eta zinema tailerrak, opera saioak, mendi ibilaldiak, idazketa tailerrak, eta abar.
Esperientzia, gelara
Aulexnako kideak NUPen elkartu dira elkartearen hogeigarren urteurrena ospatzeko. NUPeko errektore Ramon Gonzaloren agurra eta esker ona jaso dituzte urtarrilaren 31n Iruñean egindako ekitaldian, eta Aulexnak antolatutako ikastaroetako irakasle batzuek ere parte hartu dute. Haietako bat da Javier Martin Lanas. 34 urte ditu, eta Filosofia irakasten du NUPen; Aulexnaren ikastaroetan ere aritzen da irakasle. «Duela bi urte bat egin nuen Aulexnarekin, eta esperientzia zoragarria izan da orain arte. Nire ikasle gazteek baino anitzez ere interes handiagoa erakusten dute gelan! Bide bat egina dute, eta esperientzia hori guztia gelara ekartzen dute. Anitz ikasten dugu denok, baina eztabaidak gehiegi luzatzen dira batzuetan!...», nabarmendu du Lanasek.

Jakin-mina eta interesa. Horiek dira Aulexna elkartean sartzen direnen ezaugarri nagusiak. «Pil-pilean dauden gaiez ikasi nahi dugu», berretsi du Miren Fernandezek. Elkarteko egungo zuzendaritzako kide da Fernandez, eta, Apestegia bezala, baikor da Aulexnaren etorkizunari buruz. Izan ere, Esperientzia Gelatik pasatzen diren gehienek ematen dute izena Aulexnan, eta, ondorioz, belaunaldien arteko txandakatzea «bermatua» dago, elkarteko kideen arabera.
915ZENBAT IKASLE DITUEN AULEXNAK. Ia mila kide ditu Aulexnak, NUPeko Esperientzia Gelako Ikasleen eta Ikasle Ohien Elkarteak: 915. 2005ean sortu zuten. Emakumeak dira nagusi: %66. Esperientzia Gelako ikasleak %16 dira.
16ZENBAT IKASTARO DITUEN. Aulexnak irailetik maiatzera antolatzen ditu ikastaroak; oraingo ikasturtean, hamasei jarri dituzte martxan. Aulexnako 513 kide ari dira ikastaroren bat egiten gaur egun; batzuek bi ikastarotan edo gehiagotan eman dute izena.