Iruñeko San Lorenzo karrikako Paris 365 jantoki soziala ia hutsik da gosariak ematen hasi baino lehen. Bi langile ari dira eguneko bazkaria prestatzen. Jantokian, aulkiak mahaien gainean dira, eta apalategietan, erabiltzaileek hartzeko zain diren liburuak. Jantoki bat baino anitzez gehiago baita Paris 365. Hamabost urte bete ditu proiektuak, eta egindako bideaz mintzatu da Miriam Gomez kudeatzailea (Avila, Espainia, 1967).
Proiektua hasi zenutenean, hamabost urte beteko zenituztela pentsatu zenuten?
Nik 2017an egin nuen bat proiektuarekin. Sortu zenean, larrialdi egoera bati egin nahi izan zion aurre. Gizakia Herritar fundazioa 2008an sortu zuten, urte hartan eztanda egin zuen krisi ekonomikoaren ondorioz. Fundazioko kideak ohartu ziren egoera zaurgarrian zirenentzako jantoki sozialik ez zegoela Iruñean, eta martxan jartzea erabaki zuten. 2008ko krisiaren ondorioz, anitzek lanpostua galdu zuten, eta jende anitz gelditu zen egoera zaurgarrian. Noski, kolpea are gogorragoa izan zen pertsona migratzaileentzat, anitzek ez baitzuten babes sarerik. Egoera horren aurrean, fundazioak jantokia sortu zuen, bai eta aholkularitza juridikoa emateko zerbitzu bat ere.
Larrialdi egoera bati erantzutea ez zelako nahikoa?
Hasieratik helburua izan zen administrazioei presioa egitea, erakunde horiek sor zitzaten behar ziren zerbitzuak eta baliabideak.
«Pandemia hasi aurretik artatzen genuen jendea halako bi dugu orain. Egunean hirurogei pertsona hartzen ditugu jantokian»
Eta hala egin zuten?
Paris 365 jantokia 2009ko ekainean jarri zen martxan. 2012an, udal jantoki bat sortu zuten Iruñean, eta etxerik ez dutenentzako aterpe bat egokitu zuten. Bitxia izan zen hasierako egoera hura, ia bi urtez gu aritu baikinen udal jantokian banatzen zuten bazkaria prestatzen.
Udal zerbitzu horiek lagundu zuten egoerari aurre egiten?
Guk uste genuen egoerak hobera eginen zuela, eta egia da, errenta bermatuari esker, herritar batzuek lortu zutela behar zuten bultzada. Pertsona batzuek lortu zuten gizarte babeserako zirkuituetan sartzea. 2018 inguruan, 30 pertsona inguru artatzen genituen guk, baina, 2019an, egoerak okerrera egin zuen: gora egin zuen guregana jotzen zutenen kopuruak, eta erakundeak ere krisi larri bat izan zuen. Jantokiarekin batera, bertze hainbat zerbitzu ematen hasi ginen, eta horrek kolokan jarri zuen gure etorkizuna. Erakundea berrantolatu genuen, eta gizarteari laguntza eskatu behar izan genion, aurrera egin ahal izateko; erantzuna sekulakoa izan zen, eta biziki eskertzen dugu.
Gero, pandemia etorri zen. Nola eragin zizuen?
Kolpe latza izan zen, gure lana inoiz baino beharrezkoagoa zela konturatu ginelako. Noski, horrek erran nahi zuen jende anitz zegoela bazterrean, egoera zaurgarrian. Oraingo egoera ere hagitz zaila da.
Zer gertatzen ari da?
Pandemia hasi aurretik artatzen genuen jendea halako bi dugu orain. Egunean hirurogei pertsona hartzen ditugu jantokian. Larrialdi egoera bati konponbide bat ematen segitzen dugu, bai eta larrialdi egoera horri aurre egiteko lanean ere.
Egiturazkoa da arazoa?
Bai, zalantzarik gabe. Eta ez dugu deus ere konponduko hori kontuan hartzen ez badugu. Argi dugu, halere, administrazioari dagokiola herritarren oinarrizko beharrak betetzeko ardura.
Eta bere egin du ardura hori, behar den neurrian?
Ez du beharko lukeen ardura guztia hartzen; hala eginen balu, gu ez ginateke hemen egonen. Gizarte gaietan ari garen erakundeon ardura da administrazioari presioa egitea, ardura hori har dezan. Neurri handi batean, erakundeok administrazioak baino malgutasun handiagoa dugu behar diren neurriak martxan jartzeko. Baina, noski, horrek ez du erran nahi administrazioak dagokion ardura bere gain hartu behar ez duenik. Iruñean, adibidez, nik uste dut administrazioak baduela egungo errealitateari aurre egiteko ahala.
Zergatik behar dira, beraz, zuenaren gisako erakundeak?
Arazoa da egoerak nola kudeatzen diren. Administrazioak gainezka egin du, ez duelako egoera behar bezala kudeatu. Errora joan behar da. Administrazioa 2012ko tresnak erabiltzen ari da egungo arazoak konpontzeko, eta egungo egoera eta ordukoa hagitz bertzelakoak dira. Gure erakundean ere ikus daiteke alde hori.
«Iruñeko Udalak bertze jantoki bat irekitzeko ahala duela uste dugu; lagunduko luke oraingo zama arintzen»
Zertan, adibidez?
Sortu zenean, jendea txandaka aritzen zen, eta horrek aukera ematen zigun herritar gehiago artatzeko. Orain, ez gara gai beharra duen jende guztia artatzeko. Udalaren jantokia eta gurea kontuan hartuta ere, ez gara gai denak hartzeko. Udalak bertze jantoki bat ireki beharko luke. Hori egiteko ahala duela uste dugu, eta lagunduko luke gurean eta udalaren jantokian dagoen zama arintzen.
Jende anitz artatu duzue hamabost urteotan.
Bai, eta nabarmendu nahi dut guk pertsona horiek lagundu egin ditugula euren prozesuetan, baina haiek direla egin nahi duten bidea zehazten dutenak. Sistemak eskubiderik gabe uzten dituenak eragiteko ahala duten subjektu bilakatzen dira. Ez dugu izan nahi laguntza hutsa eskaintzen duen erakunde bat.
Horren beldur zarete?
Zenbaitetan erran izan digute hori egiten dugula. Kontua da pertsona batzuek laguntza behar dutela une jakin batzuetan. Erraten da gose denari arrain bat eman bainoago arrantza egiten irakatsi behar zaiola. Kontua da anitzek ez dutela ibaira heltzeko modurik ere. Hori konpondu behar dugu lehendabizi, gero arrantza egiten irakasteko.