Azken orduko urduritasunak ere ez dio irribarrea hoztu, kontent baita Korrikaren Nafarroako koordinatzaile Asier Biurrun: «Lana egina dago; Korrika badator!». Euskararen aldeko lasterketa atzo abiatu zen, Irundik (Gipuzkoa), eta hilaren 24an amaituko da, Baionan. Nafarroara gaur ailegatuko da, eta, datorren asteartera bitarte, herrialdeko hamaika udalerri zeharkatuko ditu.
Aurtengoa Korrikaren 23. aldia da, eta Harro herri hartu du lelo. Nafarroan, harrotasun horren alde egitera deitu ditu Biurrunek herritarrak. Herrialdeko zenbait hautetsik euskara «pribilegiotzat» eta «gorrotoaren hizkuntzatzat» hartu eta gero, hain zuzen, euskaraz «harro» egiteko garaia dela aldarrikatu du AEK-ko arduradunak: «Harro adierazi behar dugu euskaldunak garela eta euskaraz bizi nahi dugula. Burua makur ibili ohi gara, lehen hitza euskaraz egiteko beldurrez, baina konplexuak bazter uzteko garaia dugu. Ikasleei ere erraten diegu, harro erran eta erakuts dezatela euskara ikasten ari direla».
Euskara ikasi; euskaraz egin. Hori behar da hizkuntzak aurrera egin dezan; «euskararen ustezko arnasguneetan ere bai», nabarmendu du Biurrunek. Aurtengo Korrika Irundik abiatu da, eta horren gisako herri batean ere euskararen alde «lan egin» behar dela erran du AEK-ko kideak: «Irunen ere bultzada bat behar du euskarak. Gipuzkoan ere adi egoteko beharra dugu; gauzak ongi doazela uste dugunean ere atera daiteke euskaldunon eskubideak urratzen dituen sententzia bat». Nafarroan ere, iparraldeko herriak «arnasgunetzat» dauzkate herritar anitzek, Biurrunek azaldu duenez, baina horietan ere borrokatzeko eta aldarrikatzeko beharra badela erantsi du.
1.413Zenbat ikasle dituen AEK-k Nafarroan. AEK-k herrialde osoan ditu euskaltegiak: Iruñerrian, Tuteran, Altsasun, Lizarran, Tafallan... Denera, 1.413 pertsona ari dira euskara AEKrekin ikasten Nafarroan.
Erriberan
Irundik Baionara joanen da Korrika, eta Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egiteko borrokatzen ari diren gazteak omenduko dituzte, hain zuzen. Egoera hori Nafarroan ere «ezaguna» dela azaldu du Asier Biurrunek, euskaraz ikasteko eskubidea ere urratzen baita herrialdeko hainbat herritan. Erriberan D ereduak dituen zailtasunak nabarmendu ditu Korrikaren Nafarroako koordinatzaileak, bertzeak bertze.
Aurtengo Korrikak Erriberara begira jarri ditu herritar anitz, hain zuzen, eta euskararen aldeko lasterketak zubi lana egin du eskualde horretako eta Gipuzkoako zenbait herritako bizilagunen artean. Azken urteotan, euskararen aldeko mugimenduak gora egin du Erriberan, bertzeak bertze, Agerraldiak egindako lanari esker. Elkarte horren eta Tuterako Beterriren babespean gazte topaketa bat eginen dute Tuteran Jai eta Piztu Lezo (Gipuzkoa) gazte elkarteek, bihar, Tuteran. Bazkaria, kalejira, bertso saioa eta kontzertuak antolatu dituzte. Igandean, gainera, Tuterara iritsiko da Korrika, eta asmoa da nafarrek eta gipuzkoarrek elkarrekin parte hartzea.
«Harro adierazi behar dugu euskaldunak garela eta euskaraz bizi nahi dugula; burua makur ibili ohi gara, lehen hitza euskaraz egiteko beldurrez, baina konplexuak bazter uzteko garaia dugu».
ASIER BIURRUNKorrikaren Nafarroako koordinatzailea
Euskararen inguruko bertze proiektu batek ere batuko ditu nafarrak eta gipuzkoarrak: Tutera-Azpeitia egitasmoa sortu dute, aurtengo Kilometroak bestaren bueltan —Azpeitian (Gipuzkoa) izanen da—. Bi herriok lotzeko bidea egiten ari dira, bederatzi etapatan. Hurrengoa bihar eginen dute, Milagro eta Faltzes artean. Faltzesera, hain zuzen, igandean ailegatuko da Korrika, 05:31n.
AEK-k ere badu zerikusirik Erriberako euskararen aldeko mugimenduarekin, Tuteran ere euskaltegia baitu. «Herrialdeko eskualde gehienetan gaude», nabarmendu du Asier Biurrunek. Korrika arnasgune bat da euskaltegi horientzat, baliabideak izan ditzaten euskara sustatzen eta normalizazioaren bidean urratsak egiten jarraitzeko. Biurrunek erran du ikasle kopuruak gora egin duela poliki-poliki azken urteotan. Atzo Irunen abiatu zen aurtengo Korrikak ere herritarrak euskara ikastera bultzatuko dituela espero du koordinatzaileak: «Anima daitezela euskaldunen komunitatearen parte izatera».
Baztandik sartuko da gaur Korrika Nafarroan, eta asteartean Leitzatik aterako da, Gipuzkoara bidean. Baiona du helmuga.