Euskara euskaldunengana itzul dadin

Estellerriko euskarazko hitzak jaso ditu Aitor Arana idazle eta hizkuntzalariak, ‘Estellerriko euskara: Hegoaldeko goi-nafarrera / Estellerriko aldaera’ hiztegian. Garean elkarteak sustatu du proiektua.

(ID_13386064) Aitor Arana \'Estellerriko euskara\' bere azken liburuarekin.
Aitor Arana idazle eta hizkuntzalaria, Azpeitian, joan den astean, Estellerriko euskarari buruzko bere liburuarekin. IDOIA ZABALETA / FOKU
Olaia L. Garaialde.
Iruñea
2023ko abenduaren 9a
05:00
Entzun

Zarrakamalda, asuna, altxirria, mandarra, muga, hedek, habek eta beste hitz asko jaso ditu Aitor Arana idazle eta hizkuntzalariak (Legazpi, Gipuzkoa, 1963) Estellerriko euskara: Hegoaldeko goi-nafarrera / Estellerriko aldaera hiztegian. «Helburua da euskara galdu zen eremuetan dokumentaturiko euskara berriz euskaldunen eskuetan jartzea», azaldu du Aranak. 

Garean Euskaldunon Elkarteak sustatu du proiektua —Lizarrako eta Estellerriko euskararen aldeko elkartea da—, eta, Aranarekin batera, Koldo Colomo ikerlariak eta Alfredo Dufur Garean elkarteko kideak ere parte hartu dute. 

Bi norabidetako hiztegi bat da; hau da, Estellerriko euskaratik euskara batua ikasteko eta euskara batutik euskalkia ikasteko sortu du: «Euskaldunentzat egindako liburu bat da. Demagun ez dakizula euskalkian idatzita dagoen hitz baten esanahia: hiztegian begiratu dezakezu nola den euskara batuan. Alderantziz ere egin daiteke». 

Aranak hiru iturri nagusi erabili ditu Estellerriko euskarari buruzko hiztegia sortzeko: toponimia, hondarreko euskara eta Elizak jasotako informazioa. «Toponimia edo leku izenak beti daude; gainera, Nafarroan oso freskoa eta aberatsa da, duela gutxi galdu zelako», esan du. Hondarreko euskara aipatzen duenean, gazteleraz hitz egitean erabiltzen diren euskarazko hitzez ari da idazlea; muga eta zarrakamalda bezalako hitzez, adibidez. 

25 urte lanean

Erronkariko eta Estellerriko hiztegiez gain, beste asko sortu ditu Aranak. 25 urte daramatza Lingua Navarrorum Bilduma sortzen, eta hamaika dira urte horietan guztietan landu dituen lanak. «Zoritxarrez, Nafarroako eremu askotan galdu da euskara, baina han eta hemen lortzen dugun informaziorekin eta lekukotasunekin euskara euskaldunengana itzultzen ari da», azpimarratu du. 

Zehaztu du informazioa lortzea geroz eta errazagoa dela, Interneti esker, neurri handi batean. Euskal Herria «sare bat» dela gaineratu du, eta horrek ere errazten duela ikerlarien lana: «Denak gara beharrezkoak. Horrek esan nahi du gure aurrekoek lan egin dutela euskara jasotzeko, eta datozenek ere lan egingo dutela».

Aitor Aranaren arabera, hiztegia «aberasgarria» izango da bai euskara batuarentzat eta bai Estellerriko euskararentzat: «Alfredo Dufurrek esan bezala, Lizarrako euskaldunen euskarari kolorea emango dio hiztegiak». Gaineratu du «oso argi» duela galdu diren euskalkiak ezin direla berreskuratu.

«Alfredo Dufurrek esan bezala, hiztegiak kolorea emanen dio Lizarrako euskaldunen euskarari».

 AITOR ARANA Idazlea eta hizkuntzalaria

Hiztegiak bitxikeriak jakiteko aukera ere ematen duela uste du: «Gauza politak ateratzen dira». Esate baterako, Hegoaldean Nafarroa Behereko hitz «asko» agertzen direla dio; hala nola fite, berehala esateko, eta boneta, txapela esateko. «Oso nabaria da zenbat hitz jaso diren Iparraldetik; esaterako, Artaxoan, Garesen eta Lizarran. Historialariek badakite, baina guretzat ez da hain ezaguna Nafarroa Behereko jendea Artaxoara joan eta bertakoekin ezkontzen zela».

Batua eta euskalkiak

Euskara batua eta euskalkiak elkarrengandik elikatzen direla uste du Aranak, baina, finean, hizkuntzek batzera egiten dutela: «Orain dela berrehun urte, Italiako iparraldekoek eta hegoaldekoek ez zuten elkar ulertzen, baina XIX. mendean erabaki zuten batzea. Japonian ere gertatu zen. Hori gertatzen da bizirik dauden hizkuntzekin». Horregatik uste du denborarekin euskalkiek batzera eginen dutela: «Euskaldunon arteko harremanak geroz eta estuagoak dira; lehen, zuberotar bat ez zen Bizkaira joaten, eta orain, bai. Bizkaitarrak urtero joaten dira Erronkarira; lehen, ez».

Idazleak gaineratu du «oso pozik» egoteko garaia dela, euskara «indarberrituta» dagoelako, eta Nafarroako leku batzuetan berreskuratzen ari delako: «XX. mendearen bukaeran, euskara galtzen ari zen, eta frantsesak eta gaztelaniak ordezkatzen zuten euskara. Zorionez, herri ekimenei eta gurasoen ekimenei esker, hori gelditu genuen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.