Nahi bai, baina ezin. Hizkuntza politika esparru txikia da Nafarroan: euskara sustatu nahi dutenen eta botere publikoek asmo horiei jartzen dizkieten mugen arteko esparru gero eta murritzagoa. Nahien eta ahalen arteko sokatira jokoa. Urte osoan, ugariak izan dira hala alde bateko nola besteko adibideak.
Korrika Nafarroan
Herri harro bat
Euskararen aldeko borondatea indar osoz azaleratu zen martxoaren 15etik 18ra, Korrikaren 23. aldiak Nafarroa alderik alde zeharkatu zuenean, Harro herri lelopean. Bortziriak, Pirinioak, Zangozaldea, Estellerria, Erribera... Eskualde guztietan ongietorri beroa egin zioten AEK-k antolatutako lasterketari, eta milaka herritar atera ziren kalera, euskararen alde korrika egitera. Iruñean, EHE Euskal Herrian Euskaraz-ena izan zen kilometro berezietako bat; bereziki, lekuko aldaketa: EHEk Nafarroako Parlamentuari pasatu zion lekukoa, eta, harekin batera, baita gutun bat ere. Hartan, irmo mintzatu ziren «instituzio nagusien» jarreraren kontra: «Euskaltzaleok aspertuta gaude euskararen alde zaudetela adierazi eta jende asko biltzen den Korrika bezalako ekitaldietan argazkian agertu bai, baina, ondoren, egunerokoan, euskararen eta euskaldunon aurkako politika publikoak egiten dituzuela ikusteaz». Hori aintzat hartuta, EHEk adierazi zuen euskarak ofiziala izan behar lukeela Nafarroa osoan, eta aldarri horrek oihartzuna izan du aurtengo beste zenbait mobilizaziotan ere.
Europako Kontseiluaren txostena
Zonifikazioa jomugan
Euskalgintzako eragileek ez ezik, Europako Kontseiluak berak ere gomendatu dio Nafarroako Foru Erkidegoari zonifikazioa bukatzea, euskaraz aritzeko sortzen dituen oztopoak ezabatze aldera. Erakunde horrek balorazioa egiten du bost urtean behin, Hizkuntza Gutxituen Europako Ituna izenpetu duten herrialdeek hartu dituzten neurriak aztertzeko, eta irailaren 24an argitaratu zuen VI. txostena. Europak esanikoarekin bat egin zuen Hizkuntz Eskubideen Behatokiak ere, Agurne Gaubeka zuzendariak zioenez: «18/96 Euskararen Legeak ezarritako mugek kalte egiten diote herritarren berdintasun printzipioari, baita euskara ofiziala den eremuetako herritarren eskubideei ere; besteak beste, zerbitzu zentralak euskara ofizial ez den eremu batean, eremu mistoan, egoteagatik».
Nafarroako Gobernuko hizkuntza politika kudeatzeaz arduratzen den institutuak, Euskarabideak, begi onez hartu zituen Europako adituen aholkuak. «Txostenaren balorazio ona egiten dugu, bat egiten dugulako bertan esaten den guztiarekin, bai txaloekin, bai txistuekin», esan zuen Jabi Arakamak, Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak. Europak ontzat emandako neurrien artean, helduen euskalduntzea, sustapen kanpainak eta euskarazko hedabideei eta irabazi-asmorik gabeko elkarteei emaniko tratua nabarmendu zituen Euskarabideko buruak.
Administrazioa
Oraindik erdaldun
Zonifikazioaz gain, Europako Kontseiluak beste oztopo handi bat ere antzeman du Nafarroako hizkuntza politikan: administrazio publikoko lanpostuetan euskarak duen presentzia apala. Izan ere, UPN agintean zenean, administrazioko postuen %0,9tan ezarria zegoen euskara eskakizuna, eta gaur egun, %3 inguru dira. Legez, bi bide daude hori nolabait konpontzeko. Bat, zuzenena: funtzionario postu batzuetan ezinbesteko baldintza gisa jartzea euskaraz jakitea. Eta bi, zeharkakoa: euskara ezinbesteko ez den lan deialdi publikoetan, izan dadila meritu —beste hizkuntza batzuk diren bezala—, hautagai euskaldunak nolabait saritzeko. Bi bide horiek, baina, behin eta berriro trabatu ditu Nafarroako Gobernuak, batez ere erabakia PSNren esku izan den bakoitzean.
Administrazioko postuetan —jendaurreko arreta eskaintzen dutenetan, batez ere— funtzionario euskaldunak jartze aldera, euskara planak diseinatu zituzten departamentuek eta Euskarabideak elkarlanean. Horietan zehazten da, besteak beste, zein lanpostu izango diren elebidunak. Urriaren 23an burutu zuten planak ontzeko prozesua, eta abenduaren 13an igorri zuten proposamena Funtzio Publikoko Mahai Orokorrera, sindikatuek azter dezaten. Gaur egun, 511 postutan ezarria dago euskara eskakizuna, eta Nafarroako Gobernuaren asmoa da eskakizun hori beste 246 postutara zabaltzea: administrazioko postu guztien %4,7 elebidunak izanen lirateke horrela. ELA sindikatuak salatu du neurri hori ezarrita nekez euskaldunduko dela administrazioa.
Euskara meritu gisa hartzeko bidea, berriz, are malkartsuagoa da. Azaroaren 6an, Merezimenduen Dekretua onartu zuen Nafarroako Gobernuak. Haren esanetan, arauaren irizpide orokorra zera da: oposizio lehiaketen deialdi bakoitzean zehaztuko dutela euskaraz jakitearen baremazioa, «lanpostu bakoitzaren beharrak aurrez aztertu ostean». Euskalgintzak eta zenbait eragile politiko eta sozialek ez dute begi onez ikusten araua: salatu dute euskara ingelesaren, frantsesaren eta alemanaren azpitik jarriko duela. Izan ere, beste hizkuntza horiei jartzen ez dien traba bat jarriko dio dekretuak euskarari: eremu ez-euskalduneko deialdietan ez dute baloratuko; eta eremu mistoan, postu batzuetan soilik. Euskararen Nafar Kontseiluak ere dekretuaren aurka egin izan du: irailean egin zuten bozketan, aldeko boto bakarra jaso zuen, PSNrena.
Mobilizazioak
Euskaraz ikasteko traben aurka
Dekretu, plan eta legeak alde batera utzita ere, administrazioak euskararekin izan duen jokabidea behin baino gehiagotan txarretsi dute eragile sozialek. Mobilizazio gehienek jomugan izan dituzte euskarazko hezkuntzaren aurkako neurriak. Ekainaren 17an, adibidez, Oibarko zenbait familia eta bizilagunek, udalak, hainbat gizarte eragilek, Sortzen elkarteak eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiak prentsaurreko bat egin zuten elkarrekin, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren jarrera salatzeko. Azaldu zutenez, gobernua euskarazko irakaskuntza oztopatzen ari da herri horretan, ez duelako modurik jarri D ereduko haur eskola bat zabaltzeko, horretarako baldintza guztiak beteta ere. Irailean, apustua handitu egin zuten: galdegin zuten D ereduko lerro bat zabal dezatela haur eskolan ez ezik Gabriel Valentin Casamayor ikastetxe publikoan ere.
Iruñean ere, gurasoek traba handiak dituzte seme-alabak euskara hutsezko haur eskoletan matrikulatzeko —eskola bakarrean ezarria dago murgiltze eredua—, eta eskaintza auzo guztietara zabaltzea galdegin diote udalari, behin baino gehiagotan. Egungo udal gobernuak ia urtebete darama agintean, baina Iruñeko Euskalgintza plataforman bildutako eragileek —AEK eta IKA euskaltegiak, Sortzen elkartea, EHE, Euskalgintzaren Kontseilua, Hizkuntz Eskubideen Behatokia, LAB, ELA eta Steilas sindikatuak, eta Administrazioan Euskaraz Taldea— ez dute aurrerabiderik sumatu. Are: salatu izan dute egoera «UPNren garaian baino okerragoa» dela. Hori dela eta, manifestazioa egin zuten abenduaren 11n Iruñean, eskatzeko auzo guztietako haur eskoletan ezar dezatela euskarazko murgiltze eredua.