Ana Jaka
IRITZIA

Euskal pilota

2024ko irailaren 13a
04:55
Entzun

Ama bakarra den lagun batekin hizketan, bere seme bakar txikiaren hiraz, zera esan nion: normala da zure aurka jotzea, ez baitu gatazkek sortzen dioten frustrazioa norekin askatu bestela (buruan neukan nola nik, txikitan, ahizparen edo nebaren aurka jotzen nuen). Bikotearekin eta alabekin bizi den beste lagun batekin, ildo bereko argudioa erabili nuen: zuk baduzu etxera iritsi eta barrua norekin hustu, nik ez (bakarrik bizi den honek). Amorrua erregulatzeko ditugun estrategietatik haratago, konturatuta bainago bakardadeak hura adierazteko jartzen dizkigun mugez. 

Hori esanik, eta inork nire diskurtsoa zuzendu aurretik, gehitu behar dut badirela bakartasun mota ezberdinak. Eta, noski, badago ondoan norbait edo nortzubait eduki baina bakarrik sentitzen den gizaki asko: familiako elementu bitxia, izan feminista, izan disforiaduna, zeinen amorrua ez den inoiz jasoa izanen; bikote heterosexualaren osagai emea, zeina histerikotzat edo nekagarritzat hartzen den desatsegina erakusten duen bakoitzean; bullyinga pairatzen duen nerabea; artista batzuk; egia deserosoak esaten dituen hori... Ziur naiz, irakurle, zuk ere, behin baino gehiagotan, sumindura irentsi duzula, ez zegoelako jasoko zuen inor, edo, hobeto esan, zegoen hori ez zegoelako jasotzeko prest. Eta ez naiz adierazpen bortitzak justifikatzen ari, autorregulazioaz hitz egin dut arestian, baina denok daukagu aurpegi txar bat, hitz potoloren bat esateko edo minduta gaudela erakusteko beharra, noiz edo noiz. 

Amorrua ez dugu ongi kudeatzen. Ikusi besterik ez dago gorroto diskurtsoak nola ari diren etekina ateratzen. Baina osasungarria da, eta izango da, baldin eta lagunartean askatu, ulertu eta egoki bideratzen badugu. Bakardadetik atera beharra daukagu, familiako bakardadetik batzuetan, inguru homofoboetatik gutako askok, hegemonia zuriko esparrutik zuria ez den orok. Ez dira ghettoak, komunitateak baizik. Euskaldunok ondo jakin beharko genuke: ulertuak izateko, euskal hiztun bat behar dugu gutxienez. Haserre gaudenean, gure haserrea eta hura adierazteko era ulertuko dituen lagun bat.

Denok daukagu aurpegi txar bat, hitz potoloren bat esateko edo minduta gaudela erakusteko beharra, noiz edo noiz

Nik, hainbat afera bakarrik kudeatzen ohituta, badut beste estrategia bat. Etxe azpian dagoen frontoira jaisten naiz batzuetan eta hor aritzen naiz, dinbi-danba, bakarrik, ezin ditudalako, edo nahi ez ditudalako, beti nire deserosotasunak partekatu, edo hitzetan jarri. Frontoiak ez nau ulertzen baina gorputzak bai. Egin nuen azkeneko aldian gauza xelebre bat gertatu zen: haur txiki bat hurbildu zitzaidan, eta atzetik, emakume bat. Biak, ez-zuriak. Haurrak jokoarekin liluratuta zirudien eta pilota eta pala utzi nizkion. Barregarri zegoen pala lurreraino iristen zitzaiolarik. Hitz batzuk trukatu genituen, eta irriak. Haserrea istantean deuseztatu zen. Argako pasealekuan izan zen, Sanduzelai auzoko balizko komunitatean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.