Euskal Herriko mugimendu feministak Martxoaren 8an eman zuen albistea: greba feminista orokorrera deitu zuen datorren azaroaren 30erako. Feministek bertze urrats bat egin nahi dute 2018ko eta 2019ko greba feministekin hasitako bidean, eta erdigunean jarri dute zaintzen krisia.
«Pandemiak agerian utzi zuen zaintza sistema publiko eta sendo bat behar dugula», erran du Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeko kide Irati Majuelok. Osasun krisiak eztanda egin zuenetik, administrazioek ez diote behar horri erantzun; alderantzizkoa gertatu dela nabarmendu du Majuelok: «Pribatizaziorako joera nagusitu da, eta zerbitzu publikoek gainezka egin dute». Errealitate horren inguruko gogoeta sustatu du pandemian sortutako Denon Bizitzak Erdigunean plataformak, hain zuzen, eta hausnarketa prozesu horren ondorio da azaroaren 30erako greba deialdia.
Zaintzari buruz hitz egiteko, halabeharrez aipatu behar da emakumeen lana, haien bizkar baitago zaintza lanaren ardura, soldatapeko zein soldatarik gabeko lan esparruetan. Emakume guztien egoera, noski, ez da berdina, eta, zapalkuntza ardatzak gehitu ahala, are okerragoa eta prekarioagoa da langileon egunerokoa; paperik gabeko emakume migratu eta arrazializatuak dira egoerarik zaurgarrienean direnetakoak. «Gure eskubideak etengabe urratzen dituzte; eta ezin gara kexatu, ezin dugulako lana galdu». Horixe erran du Manuelak, Thycna Nafarroako Etxeko eta Zaintzako Langileen elkarteko kideak. Ez da hori haren benetako izena; nahiago du ez eman, paperak lortzeko bidean baita. Kolonbiatik etorri zen Iruñera, duela hamabost hilabete. «Kontraturik gabe aritu nintzen lanean, hasieran. Orain, nazioarteko babesa jasotzeko tramiteak hasi ditut, eta lortu dut lan egiteko baimena. Irailetik ari naiz kontratuarekin», azaldu dio Hitza-ri.
Thycna elkarteak bat egin du azaroaren 30erako deialdiarekin. Ez hori bakarrik: greba eta mobilizazioak prestatzen ari den Iruñerriko taldearen barruan da elkartea ere. «Eragile aktiboak izan gara; orain arte, argazkietan ateratzeko deitzen gintuzten. Rol hori betetzeaz nekatu gara; gure lanari buruz hitz egiteko gurekin hitz egin behar dute. Etxeko eta zaintzako langile gehienok ezin izanen dugu greba egin, baina greba egunak jaso ditu gure aldarrikapenak», zehaztu du Thycnako kide Biki Garciak. Eguna baliatu nahi dute euren egoera salatzeko, eta antolatzeko eman dituzten pausoak eta euren eskubideen alde hasi dituzten borrokak zabaltzeko.
Eskubideen urratzea
«Zaintza pertsona guztien ardura da; denok dugu zaintza jasotzeko beharra, eta, ondorioz, besteak zaintzeko ardura ere bai». Irati Majuelorenak dira hitzak, eta haien bidez, greba deialdi orokor bat egin izana azaldu du; mugimendu feministak —Hego Euskal Herrirako dago deituta hilaren 30ekoa— herritar guztiak mugiarazi nahi ditu zaintza lanetan ari diren emakume langileen alde, jakinda emakume langile horietako asko ezin izanen direla karrikara atera.
Grebaren bidez, Atzerritarren Legea bertan behera uzteko eta bitartean zaintza langile guztiak erregularizatzeko eskatuko du mugimendu feministak, bai eta erroldatzeko eskubidea pertsona guztientzat eskuragarri izatea ere, bertzeak bertze. Manuelak «funtsezkotzat» jo du migratzaileen egoera erregularizatzeko eskaera, hain zuzen ere, paperik ez izateak eguneroko bizitza «izugarri» zailtzen duelako.
Paperak, halere, ez dira berme nahikoa, haren hitzetan. Izan ere, irailetik lan kontratu bat izan arren, Manuelak salatu du bere eskubideak «urratzen» ari direla lan egiten duen etxean. Etxeko eta zaintzako langile egoiliarra da hura; astelehenetik ostiralera egiten du lan, etxeko lan guztiak egiten, eta 94 urteko pertsona bat zaintzen.
«Egunean bi orduko atsedenaldia dagokit legez, baina ez didate atseden hartzen uzten. Gauez ere egin behar dut lan, zaintzen dudan pertsona lagundu behar baitut komunera altxatu nahi duenean. Bi orduko atsedenaldia ukatzen didate, baina bi ordu horietako lana ez didate ordaintzen. Hogeita lau orduko lanaldiak ditut», salatu du Manuelak.
Atzerritarren legea
Manuela erizaina da, eta osasungintzan lan egin nahi du. Kolonbian ikasi zuen, eta «zaila» izaten ari da harentzat hemen erizain aritu ahal izateko pausoak ematea. «Urrats anitz egin behar dira». Sorterrian utzi ditu bere bi alabak, baina Nafarroara ekarri nahi ditu: «Familiari bizitza hobe bat eman bertzerik ez dut egin nahi».
Iruñera etorri zenetik, etxeko eta zaintzako langile gisa aritu da. Langile egoiliarren baldintzak gehienetan «gogorrak» direla nabarmendu du Manuelak. Atzerritarren Legeak ezartzen dituen mugak salatu ditu, eta bertan behera uzteko eskatu; bitartean, halere, lan egoiliarra ailegatu berrientzat «aurrera egiteko aukera bat» dela erantsi du: «Paperik ez baduzu, edozer egin behar duzu aurrera egin ahal izateko. Etxeko langile egoiliar gisa aritzea gastuak murrizteko bide bat da».
Biki Garcia zaintzako langilea da. Ez da egoiliarra, eta Iruñean jaioa da; ondorioz, jakin badaki Thycna elkarteko bertze kide anitz baino egoera hobean dela. Horrek ez du erran nahi, dena den, zer borrokatu ez duenik. Manuelak bezala, etxeko eta zaintzako langileen lanari balioa ematea hartu du helburu. «Langileak gara. Bigarren mailakotzat jotzen gaituzte anitzetan, baina antolatzen hasi gara jendaurrean agertzeko, eta gure eskubideak defendatzeko».
Garciak La Rebelde Nafarroako Etxeko Langileen elkartean egin zituen lehen urratsak, hain zuzen. Caridad Jerezek sortu zuen elkarte hori, 2012. urtean. «Jubilatzeko adina badut, baina lanean segitzen dut; 31 urte egon naiz etxe berean», kontatu du Jerezek.
Elkartea sortu zuenetik, zenbait urrats egin dituztela azaldu du Jerezek. Nabarmendu du, bertzeak bertze, Espainiako Gobernuak Lanaren Mundu Erakundearen 189. hitzarmena berretsi izana; iazko ekainean egin zuen. 2011. urtean onartu zuten hitzarmen hori; lantzat jotzen du etxeko langileen jarduera, eta, ondorioz, etxeko langileek baldintza duinak izateko duten eskubidea nabarmentzen du.
Espainiako Gobernuak hitzarmena berretsi izanak ez ditu arazo guztiak konpondu, halere. «Lan erregimen orokor berezian gaude; langabezia jasotzeko eskubidea onartu digute, baina atzerako eraginik izan gabe», salatu du.
Iazko urrian aitortu zieten etxeko langileei langabezia jasotzeko aukera. «Nik hamahiru urte ditut kotizatuak. Orain botatzen banaute, lau hilabetez jaso ahal izanen nuke langabezia; ordaintzen aritu naizen gainerako urte guztiak, pikutara!».
«Etxeko langileak lan erregimen orokor berezian sartu izana gu eta gure lana ikusezin bilakatzeko modu bat da: soldata txikiagoak ditugu, lan ikuskaritzarik ez dugu, eta 52 urte baino gehiagokoentzako laguntza jasotzeko eskubiderik ere ez», erantsi du Biki Garciak.
La Rebelden hasitako bidea Nafarroako SOS Arrazakerian etxeko eta zaintzako langileentzat sortutako taldean segitu zuen Garciak. Joan den Martxoaren 8an, baina, taldea bitan banatu zen, Garciak, Manuelak eta bertze hainbat langilek Thycna sortzea erabaki baitzuten.
Martxoaren 8an karrikan izan zirela oroitu du Garciak, hain zuzen ere. Urte anitz «bakarrik» sentitu direla aitortu du, halere. Etxeko eta zaintzako langileek sentitu dute haien izenean hitz egin nahi izan dutela bertzeek, eta bertzeen tutoretzarik ez dutela behar aldarrikatu dute.
Antolatzeko egin dituzten urratsak nabarmendu dituzte Biki Garciak, Caridad Jerezek eta Manuelak, eta langileen arteko sareak sortu izanak indarra eman diela bakardadea apurtzeko, eta euren eskubideen alde lan egiteko. «Anitz dugu egiteko, eta poliki goaz; baina bidean gara».
Batzordeak lanean
Etxeko eta zaintzako langileak bidean dira ere azaroaren 30eko greba prestatzeko. «Gure aldarrikapenak karrikan izanen dira, eta gu ere bai, ahal dugun neurrian», erran du Garciak. Manuelak ere eskertu du grebara deitu izana: «Nik ez dut eginen, baina gure eskubideen alde ariko dira. Bertze modu batera parte hartuko dut». Nafarroa osoko greba batzordeak lanean aritu dira azken hilabeteotan. Iruñerrian ez ezik, herriz herri ere bai; mugimendu feministak sortutako batzordeetan ez ezik, lantokietan ere bai. «Greba antolatzeko lanak martxa polita hartu du azken asteotan», azaldu du Denon Bizitzak Erdigunean koordinakundeko kide Irati Majuelok. Azaroaren 30eko grebak zaintza jarriko du erdigunean, zaintza herritar guztien ardura delako.
Zenbait taldek salatu dute ezin dutela greba egin
Pertsona arrazializatuen, migratuen eta ijitoen zenbait elkartek salatu dute greba eskubiderik ez dutela, eta, ondorioz, ez dutela bat eginen azaroaren 30eko greba feminista orokorraren deialdiarekin. Elkarte horiek Zumaian (Gipuzkoa) egin zuten agerraldia, larunbatean. Tartean ziren Nafarroako SOS Arrazakeriako etxeko langileen eta zaintzaileen elkartekoak. Zumaian bat egin zuten elkarteek «baztertzailetzat» jo dutre greba estrategia, «pertsona arrazializatu, migratu eta ijito gehienek sektore arautu gabekoetan edo babes sindikalik gabekoetan» lan egiten dutelako. Mugimendu feminista oro har «zuria» dela esan dute, handik «planteamendu itxi» bat jaso dutela, eta ez direla «entzunak» sentitu. Halere, uste dute grebaren testuinguruan nor diren azaltzeko era izan dezaketela.