Etxebizitza publikoen alokairua «garestia» dela salatu du landa eremuan sortu duten plataformak

Garraldako, Berako, Uxueko eta Aurizperriko herritar batzuek bat egin dute talde horretan, Nasuvinsari kudeaketa hobetzeko eta prezioak merkatzeko eskatzeko. Plataformako ordezkariak Nafarroako Parlamentuan egon ziren ekainean.

(ID_14263235) Landa Etxebizitza Publikoa plataformako kideak
Nafarroako Landa Etxebizitza Publikoa plataformako kide Ainhoa Larretxea, David Nicolas, Ayliset Diaz eta Hodei Unzue, irailaren 17an, Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko irailaren 28a
05:00
Entzun

Publikoa izan dadila, «benetan». Horixe eskatu dute Nafarroako Landa Etxebizitza Publikoa plataformako kideek, herrialdeko landa eremuko etxebizitza publikoari buruz. Berako, Garraldako, Uxueko eta Aurizperriko hainbat kidek egin dute bat talde horretan, euren indarrak batzeko, eta Nafarroako Gobernuari eta Nasuvinsari eskatzeko landa eremuko etxebizitza publikoen kudeaketa hobetzeko eta alokairuen prezioa merkatzeko, «garestia» dela baitiote. 

Plataforma urte hasieran jarri zuten martxan. Apirilean, Nafarroako Gobernuko orduko Etxebizitza zuzendari nagusi Maite Arrondorekin eta Nasuvinsako kudeatzaile Javier Buronekin bilera bat egin zuten, Iruñean, eta ekainaren 11n, berriz, Nafarroako Parlamentuko lan saio batean parte hartu zuten, hiriburuan hura ere. Uda pasatu eta gero, administrazioaren erantzunaren zain segitzen dute plataformako kideek. Etxebizitza publikoen alokairua garestia dela salatu, eta neurrizko prezioak eskatu dituzte.

Egoera «zaila»

Nafarroako populazioaren %25 inguru bizi da herrialdeko landa eremuan: 166.000 biztanle, denera. Jendegabetzeari aurre egitea da landa eremuko herri anitzen erronka nagusietako bat, eta, bide horretan, etxebizitzarena da kontuan hartu beharreko auzietako bat.

Horixe uste dute Landa Etxebizitza Publikoa plataformako kideek, hain zuzen, eta salatu dute egungo baldintzetan landa eremuko etxebizitzari buruzko politikek ez dutela gehiegi laguntzen: «Landa eremuan bizi nahi dugu, baina egoera zaila da etxebizitzaren esparruan. Zerbitzurik eza da landa eremuko herri anitzen arazo nagusietako bat, eta etxebizitzaren arloan ditugun oztopoek egoera zaildu bertzerik ez dute egiten», nabarmendu du Landa Etxebizitza Publikoa plataformako kide Ayliset Diazek.

Garraldan bizi da Diaz, Nasuvinsak herri horretan dituen etxebizitza publikoetako batean, alokairuan. Oroitu du laster galdu zuela etxe berri batera sartzeko aukerak eragindako ilusioa, etxebizitzan sartu bezain pronto izandako arazoen ondorioz. «Berogailurik eta ur berorik gabe, hezetasuna paretetan, zaborrez betetako atariak...; gisa horretako hamaika arazo izan ditugu plataforman bat egin dugunok», azaldu du.

«Indarrak batu nahi ditugu. Etxebizitzaren esparruan ari diren bertzelako kolektiboekin ere bat egin nahi dugu»

AYLISET DIAZNafarroako Landa Etxebizitza Publikoa plataformako kidea

Diazek, hasieran, uste zuen bere egoera «salbuespen bat» zela; Nasuvinsaren landa etxebizitza publikoetan bizi diren bertze batzuen esperientzien berri izan eta gero, ordea, «salbuespena arau» bilakatzen ari zela ohartu zen. Batzuek eta bertzeek bat egitea erabaki zuten, ondorioz, eta plataforma osatzeko urratsa egin. «Indarrak batu nahi ditugu, administrazioaren aurrean. Etxebizitzaren esparruan ari diren bertzelako kolektiboekin ere bat egin nahi dugu». Haritu sareko kideekin bildu dira jada, bertzeak bertze.

Landa Etxebizitza Publikoa plataformako kideek nabarmendu dute Nasuvinsak «utzikeriaz» jokatu duela etxebizitzetan sortutako arazoen inguruan. «Guk zehaztua dugu Nasuvinsarekin harremanetan jartzeko eta ditugun arazoen berri emateko modua; Nasuvinsak, ordea, nahi duena egiten du. Erantzuteko ere ez dira gai, anitzetan. Nasuvinsaren kudeaketa ez da batere egokia izaten ari», erran du Diazek.

Legea aldatu

Kudeaketa da plataformak erdigunean jarri nahi izan dituen kontuetako bat; bertzea, berriz, prezioarena. «Egoerak anitz kezkatzen gaitu. Landa eremuko etxebizitza publikoak merkatu librekoak baino garestiagoak dira. Arlo publikoak neurrizko prezioak ezarri beharko lituzke, benetan publiko izan nahi badu», azpimarratu du Ayliset Diazek.

Garraldan, bi gelako eta ia 75 metro koadroko etxebizitza batean bizi da Diaz. «Hilean 554 euro ingurukoa da alokairuaren prezioa». 400 euro baino gehiago ordaintzen ditu hark, dagokion diru laguntzari esker. Bertzelako gastuak ere badaudela zehaztu du, halere. Igogailua badute, baina hori ez dute ordaintzen, ez dietelako martxan jarri. Diazek Pirinioetan bizi delako jasotzen du diru laguntza bat: «Pirinioetako 250 biztanle baino gutxiago dituzten herrientzako laguntza bat da; Uxuekoek, adibidez, ez dute halakorik. Laguntza hori urtetik urtera berrikusten dute, gainera; ez dago bermatua».

Plataformako kideek uste dute etxebizitza eskubideari buruzko Nafarroako legea aldatzeko beharra badagoela, lege horrek ez dituelakoan kontuan hartzen landa eremuko behar zehatzak. «Landa eremuko kostuak eta baldintzak ez dira Iruñekoak; prezioetan islatu beharko litzateke hiriaren eta landa eremuaren artean dauden ezberdintasunak. Landa eremuak dituen behar zehatzei erantzun beharko lieke administrazioak», ohartarazi dute. Diazek erran du bi pertsonak uko egin ziotela berari egokitu zaion etxebizitzari, prezioagatik.

Herri batean bizitzeko apustua egin dute Landa Etxebizitza Publikoa plataformako kideek. Aurkitu dituzten oztopoak bazter uzteko egin nahi dute lan, bertzeen bidea errazteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.