Ana Jaka
IRITZIA

Etxe trabestia

2024ko uztailaren 12a
04:55
Entzun

Bollodramak bat izango naiz baina jaiek dakartzaten gehiegitasunek —ez bereziki gehiegikeriek—, aje emozionala uzten didate. Estimulu kontua izango da: ilusioa, poza eta topaketen pilaketa prozesatu beharra izaten dut. Gauza da halako tristura bat gailentzen zaidala jai baten ondorenean, eta, urte askoko eskarmentua eduki arren, oraindik ere, batzuetan, gogorra egiten zait. Ez dakit horrelako sentimendurik dagoen Gaixoa ni-aren oinarrian, beharbada ez, eta barkatu oraindik bi egun falta direnean horretan pentsaraztea. Anitzak dira jaiak bizitzeko moduak, eta baita amaitzekoak ere, eta, agian, batzuentzat horrela izango da eta beste batzuentzat, ez. 

Aurten ez naiz sanferminetan egon, baina burura etorri zait Gaixoa ni-a, edo Gaixoak gu-a —tristurak partekatzeak on egiten du—-, bizi izan dudan azken aje handia gogoratzean. Ekain osoan egindako hitzaldi, bazkari, tailer, jolas, bollobertso-saio eta abarren ondoren, ekainaren 28a iritsi eta kalera irten ginen aniztasuna aldarrikatu eta ospatzera. Ze, ozen esan behar da: borroka bai, baina jaia ere bai. Dantzan aritu ginen, edaten, hitz egiten, ligatzen, ikusgai egiten, bakoitzak nahi edo ahal izan zuen gisan, askotan bezala baina, ezin uka, modu ageriagoan. Nola ez zidan horrek eragingo? 

Ekainaren 29an, gaixoa ni. Ez neukan etxetik ateratzeko gogorik, baina bazegoen, inoiz egona bazara, galduko ez zenukeen plana: Lumak Trabesti Festa. Lagun batekin afaldu eta Burlatako Ermitaberri eskolara abiatu ginen. Nire laguna ere ez zegoen bere onenean... Gaixoak gu. Elkarrekin egongo ginen behintzat, emanaldi eder bat gozatuko genuen bederen.

Tuntuna ni. Ez al dut indar trabestia ezagutzen? Publiko artean sartu eta, iman batek erakarrita bezala, aurreratzen joan ginen, trabestien mugimendu eta keinu guzti-guztiak ikusteko asmoz. Gure penak, alaitasunak, fantasiak, gogoak... bertan zeuden, eszenatoki gainean, gorpuztuak. Nork uler dezake hobekien, eta ondorioz, hobekien adierazi, harrotasuna trabesti batek baino? Nork hobeto drama bizi eta irauliko?

Gure trabesti lokalak, Divina Comedia, eta beste guztiak... Gure artista totalak. Zortedunak gu. Gure ahizpa trabestiak, mundua etxe bihurtzen duzue

Minutu gutxitan irribarretsu geunden laguna eta biok, eta dantzan, eta gu bezala, Ermitaberriko patioan zeuden guztiak. Albina Stardust taularatu zen unea gogoan dut batez ere: Palestinako koloreak jantzita, haurra zela bullyinga jaso zuen eskolan geundela adierazi zuen. Eta orain, trabestien festa dugu hemen, «gora Burlata!», gehitu zuen. Eskuzabaltasun trabestia.

Besteak ere fin aritu ziren: Yogurina Borova lumafobiaren aurka denok dantzaraziz, Maruxak Europaren jokaera lotsagabea salatzen, eta euskaraz, eta euskararen alde. Gure trabesti lokalak, Divina Comedia, eta beste guztiak... Gure artista totalak. Zortedunak gu. Gure ahizpa trabestiak, mundua etxe bihurtzen duzue. Eta etxe honetan bai, edozein dela nire sentimendua, zuen indar eraldatzailearen konfiantzan, geratu nahi dut.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.