Nagore Eslava
IRITZIA

Eszenatokiak

2024ko ekainaren 7a
04:55
Entzun

Toki ezberdinetara doazen hegazkinek utzitako lerro zuriek zeharkatzen dute egunotan dugun zeru urdina. Ekainean sartu berri gara, eguraldi ona hemen da eta uda ate joka izango dugu laster. Askok burua oporretan pentsatzen jarrita dugu jada, motxila prestatu eta egun batzuez bertatik ihes egiteko gogoz.

Bidaiatzeko motibazioak hamaika izan daitezke. Badira errealitate sozial eta kultural berriak ezagutzeko hegazkina hartzen dutenak; antzinako tradizioez blaitu, leku ezkutuak arakatu edota zapore exotikoak probatzeko asmoa dutenak. Badira bidaia atsedenaren sinonimotzat hartzen dutenak ere; errutinaz deskonektatu eta eguneroko betebeharrak alde batera utziz, barruko bakea aurkitzeko xedearekin doazenak.

Arrazoia edozein dela, argi dago orain lehen baino askoz gehiago bidaiatzen dela. Izan ere, duela ez asko arte, gutxi batzuen eskura zegoen pribilegioa zen. Orain, ordea, sekulako bidaiak egin daitezke diru gutxi gastatuta; low cost hegaldi zein hotelak, doako tourrak eta merke jateko aukera, helmuga edozein izanik ere. Horren guztiaren onurak azkar antzematen ditugu norberaren interesei erreparatzen badiegu, baina eskuragarritasun horrek eragin zuzena izan du hirien masifikazioan eta horrek dakartzan bestelako efektu negatiboetan.

Jendez gainezka jartzen diren hiriek gentrifikazioaren ondorioak jasaten dituzte; bertako bizilagunek beren auzoak uztera behartuta ikusten dute beren burua, espazioa turistei zuzendutako negozioetara bideratzen delako. Bizi-kostua handitzen da, hiriaren fisionomia aldatzen da eta nortasun kulturala galdu egiten da.

Ez dakit kontziente garen, agian ez zaigu axola, baina aurrez diseinatutako esperientzien kontsumitzaileak gara

Ez gara urrun joan behar halako egoeran dauden tokiak identifikatzeko. Asko dira euren bizi proiektuak gauzatu ezinik auzoz ala hiriz aldatu behar izan direnak. Hirien birmoldatze hori turismoaren mesedetan egiten da, kanpotarren eta bertakoen arteko orekari men egin gabe eta azken horien bizikidetzaz ahaztuta. Turista bisitatzen duen eremura egokitu beharrean, eremua moldatzen da berera. Aldrebes ari gara.

Ez dakit kontziente garen, agian ez zaigu axola, baina aurrez diseinatutako esperientzien kontsumitzaileak gara. Bidaiariaren bizipenari balioa ematen dioten aisialdi ereduetatik urrun gaude eta, interes ekonomikoei helduta, ahalik eta bidaiari gehien erakartzen dituzten modeloei jarraitzen diegu.

Hala, bidaiaren beraren esperientzia hutsaldu egiten da, berezko balioa galtzen du. Benetakotasuna souvenir-en zein selfieen artean lausotzen da eta tokiak inpertsonalizatu egiten dira turismorako eszenatoki soil bihurtuta. Zer ezagutzera goaz, orduan? Non da leku bakoitzaren xarma, esentzia, arima?

Argi dago modu arduratsuan kudeatzen ez den turismoak eragin suntsitzailea duela tokiko komunitateetan, eta eszenatoki horren kontsumitzaile garen heinean, kontzientzia hartu beharko genuke, toki bakoitzak bere nortasuna gal ez dezan eta bidaiatzea homogeneizazio horretatik aldendu dadin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.