Ijitoak duela seiehun urte ailegatu ziren Iberiar penintsulara. Urteurrena ospatzeko, Ijitoen Idazkaritza fundazioak erakusketa bat ondu du, eta egunotan, igandera bitarte, Iruñeko Kondestablearen jauregian ikus daiteke. Daniel Belchi artistak egindako ilustrazioekin osatu dute erakusketa. Obra batzuk ijito herriari buruz aurretik egindako proiektu bateko piezak dira, eta bertze hainbat 600. mendeurrena ospatzeko propio egin ditu. Irudi guztien bidez, estereotipoetatik urrun dagoen errealitate bat islatu nahi izan du Belchik.
Ikusi gehiago
Nafarroan, 1435ean, Zuria I.a Nafarroakoak dokumentu bat sinatu zuen ijito talde bat aske ibil zedin erresuman barrena. Ordukoak dira ijito herriaren erroak herrialdean, baina luze bezain ezezaguna da ijito nafarrek geroztik egin duten bidea. Azkenaldian, Nafarroako Gobernuak egin ditu urrats batzuk herritarrek ijitoen historia ezagut dezaten, eta hezkuntza materialak prestatu ditu eskoletan lantzeko. Casedako Francisco Javier Saenz de Oiza ikastetxe publikoko zuzendari Bruno Jimenezek ondu ditu materialak. Hark eta bertze hainbat ijitok eta ijito elkartek bultza egin dute administrazioak euren aldarrikapenak bere egin ditzan.
Kondestablearen jauregiak hartu duen erakusketak ijito herriaren historiako giltzarri nagusiak jaso ditu, eta haietako anitz errepresioarekin eta bazterketarekin lotuta daude. Nafarroan, ijitoak herrialdean gelditzea debekatzen zuen lehendabiziko testua 1549. urtekoa da, adibidez. Belchik egindako ilustrazioek handik berrehun urtera gertatutako Sarekada Handiaren berri ere jaso dute: 1749ko uztailaren 30eko gauean, 12.000 ijito atxilotu zituzten ijito izateagatik, Gaztelako Kontseiluaren aginduz; Nafarroari ere eragin zion.
Herriz herri
Iraganari egin dio so erakusketak, baina orainari eta etorkizunari ere bai. Emakume ijitoak nabarmendu ditu artistak, estereotipoei ihes egiteko beharra nabarmentzeko. Iruñean Kondestablearen jauregian erakutsi eta gero, Daniel Belchik ondutako erakusketa herrialdeko bertze hainbat herritara eramanen dute datozen hilabeteotan.