Iruñeko Alde Zaharreko Kondestablearen jauregiko beheko solairuan dago Mikel Okiñena eskultore nafarraren (Etxaleku, 1973) XX izenburuko erakusketa, eraikinean sartu eta eskuinera. Artistak azken hogei urteotako lanak bildu ditu han, igandera bitarte, eta han hartu du Nafarroako Hitza, galderei erantzun ahal izateko bere eskulturei so.
XX izena du erakusketak. Azken hogei urteotako lanak bildu dituzu?
Bai, gutxi gorabehera.
Zer erraten du erakusketa honek egileari buruz?
Artista batzuei anitz gustatzen zaie euren lanari buruz hitz egitea, eta argi erratea obra hau dela hau edo bertze. Niri ez. Beti saiatu naiz forma iradokitzaileak bilatzen, erakartzen nauten formak lantzen, eta, batez ere, materialei buruz ikertzen.
«Materialak aldatzea behar bat da niretzat. Eta garbi dut obra bakoitzak bere materiala eskatzen duela»
Materialak garrantzitsuak dira zuretzat?
Bakoitzak badu bere lengoaia, eta bakoitzak aukera bat edo bertze ematen dio artistari. Ikertzea da kontua, eta saiatzea; eta, betiere, forma erakargarriak sortzea. Nik uste dut eskultura batek anitz erran dezakeela, baina ez duela zertan erran dezakeen horri buruzko azalpen luze bat izan. Alderantziz, eskultura batek azalpen gehiegi behar badu lan horri balioa eman ahal izateko, gaizki!
Arte kontzeptualaz edo abstraktuaz batzuek diote ez dutela ulertzen.
Batzuek uste dute lan bati balioa emateko ulertu egin behar dutela, eta nola lortzen da artea ulertzea? Artea ikusiz. Oroitzen naiz, duela urte anitz, Nafarroan altzairu modernoak saltzen hasi zirenean, jendeak ez zituela batere gustuko, eta betiko altzairuen alde baino ez zuten egiten. Pixkanaka, baina, aldizkariei eta dendetako erakusleihoei so eginez, jendea hasi zen iritzia aldatzen.
Begirada hezi behar da, beraz?
Bai, zalantzarik gabe.

Materialak aipatu dituzu; askotarikoak dira zure lanetan, hain zuzen. Ez duzu mugarik?
Ez. Era askotako materialak lantzea gustuko dut, eta erabiltzen ditudan material horiekin jolastea ere bai; ez dut arazorik, adibidez, hautatutako materiala margotzeko, eta, nolabait, estaltzeko. Materialak aldatzea behar bat da niretzat, eta garbi dut obra bakoitzak bere materiala eskatzen duela. Gogoan dut, duela hogei urte, kolorezko metakrilatozko lanak egiten hasi nintzenean, batzuek erran zidatela gauza hagitz zail bat lortu nuela: nire lengoaia propioa sortzea.
Jendeak erraz identifika dezakeen estilo propio bat?
Hala da. Baina niretzat horrek arrisku handi bat du: ez baduzu aurrera egiten, hilda zaude. Materialak probatzea gustatzen zait. Lan bat da hori, ez da jolas bat, baina nik ederki pasatzen dut hori egiten.
Artistak badu beti bide berriak bilatzeko beharra?
Ez du zertan. Pedro Salaberri margolaria datorkit burura, beti mihisearekin eta olio pinturarekin lanean. Haren oraingo lanek duela 25 edo berrogei urteko lanak ekartzen dituzte gogora. Sumatzen da estilo jakin bat. Nik Salaberri anitz maite dut; batzuek koadro bera ikusiko dute haren lanetan, baina niri iruditzen zait obra bakoitza mundu bat dela. Materiala aldatzen duzunean, errazagoa da lan batzuen eta bertzeen arteko aldea zehaztea, materialak berak ematen dizulako aukera hori. Hala eta guztiz ere, nik nire obretan ere ikusten dut guztiak lotzen dituen ildo bat.
Iruñean erakusketa zabaldu zenuenean, nabarmendu zenuen nahita aukeratu duzula obrak jartzeko tokia; Kondestablearen jauregiko beheko solairuan jarri dituzu, bertze areto batzuk baztertuz. Zergatik?
Joan-etorri handiko toki bat nahi nuelako, toki irisgarri bat. Gainera, kontua da Iruñeko Udalarekin haserre nagoela.
«Erakundeek nolabaiteko zubi lana egin beharko lukete artisten eta herritarren artean, baina ez dute hori egiten»
Zer dela eta?
Uste dut Iruñeko Udalean kulturaz arduratzen direnak ez direla euren lana ongi egiten ari; Nafarroako Gobernuan ere ez. Gauzak egiten dira inolako irizpiderik gabe. Hori gertatzen zen lehen, eta oraingo Iruñeko Udalean eta Nafarroako Gobernuan ere bai. Eta hori tristea da. Kultura lagun arteko kontu bilakatu da. Erakundeek nolabaiteko zubi lana egin beharko lukete artisten eta herritarren artean, baina ez dute hori egiten. Artistok geure kabuz antolatu behar ditugu nik hemen jarri dudanaren gisako erakusketak. Gure lana sortzea da. Erakunde publikoei dagokie artisten lanari balioa ematea.
Umetan hasi zinen zu?
Bai. 13 urterekin. Teruelera joan nintzen [Espainia], Pauldarren etxera. Maindireak erabiltzen nituen margotzeko. Pauldarrak utzi eta gero, Arte Ederrak ikasi nituen, Bilbon. Ez dakit seminarioko denborak zer neurritan eragin dion nire lanari, baina, obra bat egin eta benetan garrantzitsua dela iruditzen zaidanean, Jainkoak ukitua dela sentitzen dut. Orain ez naiz hagitz fededuna, baina uste dut espiritualtasunak baduela toki bat nire obretan. Obra batekin betean asmatu duzula sentitzea, hori da gauzarik handiena.
Hori da lan bat hasten duzunean lortu nahi duzuna?
Bai. Helburua da berriz betean asmatu duzula sentitzea.