«Herritarrek erabakitzen dutena». Horixe izanen da Iruñeko Erorien Monumenturako «proiekturik onena», Iruñeko alkate Joseba Asironen hitzetan. Apirilean erran zuen hori, hedabideen aurrean egindako agerraldi batean. Aldi hartan, alkateak oroitu zuen udalak eraikin horri buruzko «gidoi bat» baduela, 2015etik 2019ra bitarteko agintaldian zehaztutakoa.
Asiron aurreneko aldiz izan zen hiriburuko alkate urte horietan, eta orduko udalak ideia lehiaketa bat antolatu zuen, Erorien Monumentuarekin zer egin erabakitzeko —1942an eraiki zuten—. 48 proiektu aurkeztu zituzten, eta haietako zazpi aukeratu ziren. Zazpi horien artean, bakarrean proposatzen zen monumentua erabat eraistea. Lehiaketak ez zuen aurrera egin, eta hautatutako zazpi proiektuak tiradera batean gelditu ziren.
UPNk ez dio heldu auziari azken urteotan —alkatetza hartu zuen 2019an—, baina iazko abenduko zentsura mozioaren ondoko Iruñeko Udaleko gobernu talde berriak berriz ere mahai gainean jarri du Erorien Monumentuari buruzko eztabaida. «Kontsentsuzko proiektu bat» aurkeztea hartu dute helburu.
Udalak egindako urratsek memoria historikoaren arloan aritzen diren elkarteak ere mugiarazi dituzte; batzuk plataforma batean elkartu dira, eta Erorien Monumentua «erabat eraisteko» eskatu dute. Plataforma horretan daude, bertzeak bertze, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkartea, Areka, Altaffaylla fundazioa eta Txinparta. Erakina «lehenbailehen» bota dezatela eskatu dute. Bertze plataforma batek, Caidos Irauli izenekoak, «eztabaida sakona» eskatu du eraikina eraitsi edo ez erabaki aurretik.
Nafarroa 2016an hasi zen ikur frankisten errolda osatzen; martxora bitarte, 435 ezabatu dituzte, Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetza kontseilari Ana Ollok emandako datuaren arabera. Erorien Monumentuari buruz ere mintzatu da Ollo, eta garbi erran du azken urteotan egindako urratsek ez dutela lortu eraikinari bertze erranahi bat ematea. UPNren eta CDNren agintepean, hain zuzen, Iruñeko Udalak erakusketa areto bilakatu zuen eraikina. Gero, 2016an, Emilio Mola eta Jose Sanjurjo jeneralak Erorien Monumentuko hobitik atera zituzten. Gurutzeko Zaldun Boluntarioen Ermandadeak deituta, mezak egin zituzten Erorien Monumentuko kriptan 36ko gerrako kolpisten alde, hainbat urtez. Molaren eta Sanjurjoren gorpuak atera eta gero ere bai.
Eraikina eraisteko aukerari buruzko eztabaida berriz piztu den honetan, margoketak agertu dira EH Bilduren Iruñeko egoitza batean; ikur nazi bat eta Caidos no se toca leloa (Erorien Monumentua ez ukitu) idatzi zituzten, bertzeak bertze.
Fernando Mikelarena
(Historialaria)
«Ezin da monumentua modu esanguratsu batean adieraberritu»
Fernando Mikelarena historialariak (Bera, 1962) La (des)memoria de los vencedores liburua argitaratu zuen 2020. urtean, Pamielarekin, eta, Iruñean aurkeztu zuenean, garbi erran zuen Erorien Monumentua botatzearen aldekoa dela: «Irabazleena da kontakizun hegemonikoa, eta hegemonia horren adibide bat da Iruñeko Erorien Monumentua. Bada garaia dauden tabuak gainditzeko eta ausardiaz jokatzeko. Eraikina eraitsi beharko lukete».
Iritzi hori hainbat aldiz berretsi du geroztik Mikelarenak. Nabarmendu du Erorien Monumentua frankismoak eragindako biktimak umiliatzeko egin zela, eta, hori dela eta, «ezinezkotzat» jo du monumentua «modu esanguratsu batean adieraberritzea».
Mikelarenak bat egin du monumentua eraisteko eskatu duten elkarteekin. Biktimek aitortza behar dutela nabarmendu du, baina garbi erran du biktimarioak ere aipatu behar direla. Arlo horretan, hain zuzen, gutxi egin dela uste du historialariak, eta «eztabaida serio bat» behar dela. Nafarroako Gobernuak memoriaren lekuak zehazteko egin dituen urratsak ere «motz» gelditu direla uste du Mikelarenak, eta salatu du hiltzaileak nortzuk izan ziren eta zer egin zuten azaltzea falta dela leku horietan.
Josune Ilundain Iribarren
(Caidos Irauli plataformako kidea)
«Eztabaida sakon bat bultzatzeko beharra dago»
Caidos Irauli plataforman bat egin dutenek kezka nagusi bat dute: Erorien Monumentuari buruzko eztabaida «gehiegi sinplifikatu» dela uste dute. «Ematen du erabaki beharreko auzia zera dela, bota egin behar den edo bere horretan utzi. Eraitsi dezatela eskatzeko manifestuarekin bat egin dutenek ere uste dute testua sinatuta dena egina dagoela, baina ez da egia. Eztabaida sakon bat bultzatzeko beharra dago; eraikina bota aurretik, landu nahi dugun memoria eraikitzailearen edo erradikalaren inguruko gogoeta sakona behar dugu», erran du Josune Ilundain kideak (Orkoien, 1990).
Ilundainek erran du Erorien Monumentua botatzeko aukerak «arrisku batzuk» dituela: «Batetik, leku estrategiko batean dago, eta eraitsiz gero, orubea enpresen esku gera daiteke, nahi dutena eraikitzeko; bestetik, eraikina erabat botatzen bada, baliabide bat galduko dugu hor zer egon zen eta hemen zer gertatu zen azaltzeko».
Ilundainek garbi erran du Caidos Irauli plataformak ez duela babesten eraikina adieraberritzea: «Ezin da bere horretan utzi. Erabat eraitsi gabe, baina, aukera egon daiteke faxismoaren eta gerren logikaren kontrako memoria lantzeko zentro bat egiteko. Etorkizunak kezkatzen gaitu, eta baliabideak behar ditugu hurrengo belaunaldiengan eragiteko». Ilundainek onartu du plataformari kritika hori egin diotela: «Batzuek pentsatzen dute ez dugula monumentua eraistea nahi, eta nolabait makillatzea nahi dugula, baina ez da egia. Eraikina bota baino lehen, gero zer egin pentsatu beharra dago».
Ilundainek azaldu du Caidos Irauli plataformak ez duela proposamen zehatzik, eta haientzat lehentasuna dela gogoeta sustatzea, «memoria erradikal bat» lantzeko bidean aurrera egin ahal izateko. Iruñeko Udalak ideien lehiaketako proiektuak berriz hartzeko aukerari buruz, Ilundainek azpimarratu du proiektu horiek arkitektoek egindako proposamenak direla, eta memoriaren arloan sakontzeko beharra berretsi du.
Imanol Satrustegi
(Historialaria)
«Memoria antifaxista eta askatzaile bat behar dugu»
Imanol Satrustegi historialariak (Iruñea, 1993) garbi du Iruñeko Erorien Monumentua ezin dela dagoen bezala utzi; esku hartu behar dela, «zalantzarik gabe». Ez du uste, halere, eraikina erabat eraitsi beharko luketenik. Eraikina moldatu behar dela zalantzarik ez du, baina esku hartze horrek helburu jakin bat izan behar duela nabarmendu du historialariak: «Zentzu antifaxista batekin egin behar da», erran du.
Erorien Monumentua, dagoen bezala, hirigintzaren ikuspuntutik ere «traba» bat dela aipatu du Satrustegik, hirigunea hegoaldearekin lotzeko bidea oztopatzen baitu. Bertze gisa bateko trabak ere aurkitu ditu historialariak monumentuari buruzko eztabaidan: «Batzuek bizikidetza eta adiskidetzea aipatzen dituzte, eta gisa horretako mezuak erabiltzen dituzte eraikina adieraberritzearen alde egiteko. Ni ez nago ados horrekin, frankismoarekin ez baitugu adiskidetu beharrik; memoria antifaxista eta askatzaile bat behar dugu, gaur egungo mugimendu eraldatzaileei lotutakoa».
Satrustegik uste du eraikinaren erranahia aldatzeko moduak egon daitezkeela, eta hori egiteko borondatea eta baliabideak behar direla. «Badira hainbat adibide». Nurenberg (Alemania) aipatu du: «Nazientzat hiri kutuna zen; indar erakustaldiak egiten zituzten han. Nazismoa garaitu zutenean, naziak gehiago umiliatzeko, han epaitu zituzten goi kargudunak. Nik uste dut gisa horretako zerbait egin behar dela: leku horri buelta eman, frankismoa umiliatzeko eta politika antifaxista egiteko».
Amaia Lerga
(Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidentea)
«Memoria historikoak giza eskubideen alde egin behar du»
«Bota dezatela». Horixe eskatu du Amaia Lergak, Nafarroako Fusilatuen Senideen Elkarteko presidenteak (Tafalla, 1986). Iruñeko Erorien Monumentua eraisteko eskatu duen plataformaren barruan dago elkartea. «Aspaldiko aldarrikapen bat da hau guretzat; Erorien Monumentua memoria demokratikoaren kontrako elementu bat da».
Lergak biktimen alde egiteko beharra nabarmendu du, eta monumentua bere hartan uzteak biktima horien eskubideak urratzen dituela salatu. Gainera, uste du ez dagoela biderik eraikina adieraberritzeko: «Gune hori betikotzeko modu bat litzateke».
Lergak nabarmendu du frankismoari «gorazarre» egiteko eraiki zutela Erorien Monumentua, eta, ondorioz, erakina ezin dela memoriarako leku gisa hartu. «Sartagudako Memoriaren Parkea da gure memoriaren lekua; Ezkabako gotorlekua eta herrialdeko edozein hobi dira benetako memoria pedagogikoa egiteko tokiak», erran du. «Memoria historikoak biktimen eta giza eskubideen alde egin behar du».
Iruñeko Udalak egindako ideien lehiaketaren inguruan, Lergak garbi erran du bide hori ez dela egokiena giza eskubideez aritzeko. «Batzuek hirigintza aipatzen dute Erorien Monumentuaz ari direnean; guk giza eskubideez hitz egin nahi dugu».