Erromanikoa: artea eta kondairak

Carlos J. Martinez Alavak herrialdeko arte erromanikoari buruzko 'Romanico imprescindible. Navarra' argitaratu du; hamabi monumentu jaso ditu.

Eunate, Muruzabalen. CARLOS J. MARTINEZ ALAVA
Eunateko baseliza. Herrialdeko ezagunenetako bat da. Muruzabalen dago, Donejakue bidean. CARLOS J. MARTINEZ ALAVA
edurne elizondo
Iruñea
2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

«Nafarroa bisitatzeko gida bat da». Horixe erran du Carlos J. Martinez Alava historialariak argitaratu berri duen Románico imprescindible. Navarra (Andre Maria Erregina fundazioa, 2024) bere liburuari buruz. 11 herritako hamabi monumentu jaso ditu, bisitariak eta herritarrak arte erromanikoan murgil daitezen. «Ondare bizia da herrialdeko erromanikoa; arteak bat egiten du mitoekin eta kondairekin. Nafarroako arte erromanikoa ezagutzeak modua ematen du herrialdeko herriak eta paisaiak ezagutzeko».

Iruñeko Mendillorri bigarren hezkuntzako institutuan aritzen da irakasle Martinez Alava; Artearen Historia irakasten du. Lan hori erromanikoari buruzko ikerketarekin uztartzen du, eta ikerketa lanaren emaitza da orain ondu duen gida, bai eta aurretik Nafarroako erromanikoari buruz egin dituen liburuak ere. Palentziako (Espainia) Andre Maria Erregina fundazioak argitaratu ditu Martinez Alavaren azken lanak. «2007an, Nafarroako arte erromanikoari buruzko hiru tomoko entziklopedia egin genuen. Lan horren laburpen moduko bat argitaratu genuen 2016an. Oraingo liburuan aurreko lanetan aztertutako monumentuetako batzuk hautatu ditut, idazkera errazeko gida bat osatzeko», azaldu du egileak.

Tuterako Andre Maria katedraleko Azken Judizioaren atea. CARLOS J. MARTINEZ ALAVA
Tuterako Andre Maria katedraleko Azken Judizioaren atea. CARLOS J. MARTINEZ ALAVA

Martinez Alavak nabarmendu du erromanikoak «interes handia» pizten duela herrialdean. Hark tesia egitean deskubritu zuen. Erromanikotik gotikorako trantsizioa landu zuen, Donejakue bidean. «Ikertuz eta ikasiz joan ahala, gora egin zuen nire interesak; konturatu gabe, erromanikoaren munduan murgildu nintzen erabat». Erromanikoaren mundu horretan sakontzeko toki egokia da Nafarroa, Martinez Alavaren hitzetan: «Ikerketa anitz egin dira, eta monumentuak zaharberritzeko ahalegin handiak. Hori inportantea da, baina garrantzitsua da, halaber, informazioa eguneratzea, eta informazio eguneratu hori zabaltzea».

Gida, bitartekaria

Martinez Alavak hamabi monumentu hautatu ditu gida osatzeko. «Zaila» egin zaio bertze hainbat zerrendatik kanpo uztea. Halere, uste du aukeratu dituenek «lagin ona» osatzen dutela, eta erakusten dutela arte erromanikoa inguruko paisaiarekin eta monumentuak dauden herrietako egunerokoarekin lotzen dela. Monumentu horien inguruko informazio zabala jaso du egileak bere liburuan, baina onartu du literaturak, mitoek eta kondairek ere badutela tokirik herrialdeko erromanikoari buruzko gidan: «Nafarroako erretaulen berri jaso nahi baduzu, nork eta noiz egin zituen eta zenbat ordaindu zuten jakin ahal izanen duzu, informazio hori jasotzen duten agiriak badaudelako. Erromanikoarekin ez da hori gertatzen. Olorizko Done Petri elizako atean figura batzuk agertzen dira, eta batzuek uste dute solstizioren besta irudikatzen dutela, bertze batzuek inauteriarekin lotzen dituzte... Azalpenak askotarikoak dira, eta denak jaso ditut liburuan. Hori da erromanikoak duen onena, ondare bizia baita».

«Ikerketa anitz egin dira, eta monumentuak zaharberritzeko ahalegin handiak. Hori inportantea da» 

CARLOS J. MARTINEZ ALAVAArtearen Historiako irakaslea

Martinez Alavak bidelagun bat eskaini nahi izan dio ondare bizi hori ezagutu nahi duenari, ondu berri duen gidaren bidez. «Gidak nolabaiteko bitartekari lana egin nahi du bisitarien eta monumentuen artean; hau da, nire asmoa da bisitariak zerbait ikas dezala monumentu bat edo bertzea bisitatzera joaten denean, gida izan dadila bidelagun atsegin eta lasai bat». Monumentuen inguruko informazioarekin batera monumentuak dauden herrien eta herri horietan egin daitezkeen bertzelako jardueren berri jaso du egileak liburuan.

Leireko monasterioko kripta, Esan. CARLOS J. MARTINEZ ALAVA
Leireko monasterioko kripta, Esan. CARLOS J. MARTINEZ ALAVA

Herriz herri, 280 monumentutik goiti utzi ditu erromanikoak Nafarroan. Toki horiek bisitatzeko eta ezagutzeko aukera izatea eskertu du Martinez Alavak, garbi baitu ikertzea eta ikertutakoaren berri zabaltzea alferrik dela monumentu horietako ateak ixten badira. «Ezagutu eta zaindu egin behar dugu gure ondarea», berretsi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.