Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Eri mamiak hitz

2024ko maiatzaren 31
04:55
Entzun

Orain bi aste, Iruñeko Udalak adinkeriak dakarren ikusezintasunari eta bazterketari aurre egiteko, eta, era berean, adinekoek eremu publikoa bere gain hartzeko duten eskubidea aldarrikatzeko jardunaldiak egin zituen. Bertan, hainbat adituk, adinduei arreta egokia eskaintzeko, beren parte hartze sozial zein politikoa sustatzeko, baztertzaileak diren jarrerak deuseztatzeko eta produktibitatean oinarritutako sistema salatzeko beharra azpimarratu zuten. Dena den, sei hilabetetik behin edo urtero egin nahi duten jardunaldian, oholtza gainean ez zen adinekorik egon; bai, ordea, entzulerian.

Nire aurtengo ikasturtea berrikuntzaz beteta egon da, nire egunerokoan sortuko ez nituzkeen eta sortzeko aukerarik izango ez nituzkeen harremanak sortu baititut, izan ere, testuinguru ezberdinetan, lehenengoz, adineko asko ezagutzeko parada izan dut. Testuinguru esanguratsuena, ordea, ikasturte hasieran izena emandako zeramika ikastaroarena da. Ez dakit eskulanek, buztin ezberdinek, amantalek, piezarekiko aldentzeek eta mahai baten inguruan orduak egotearen ondorioz sortutako harremanak izan diren, edo adin ezberdintasunak sortu dituen geure arteko harremanak. Dena den, gertu izan ditut adineko emakumezkoak, gertu izan dut haiek inkontzienteki, edo akaso nahita, nirekiko izan duten gertutasuna eta hainbat momentutan isilpean eskertu ditudan begiradak.

Halere, goxotasunaz gain, beste hainbat gauza entzuteko, ezagutzeko eta ikasteko abagunea eman didate emakumeok: orain, badakit, generoari begira, gaur egun mugatzen, azala ebakitzen eta zeharkatzen gaituzten mugak zahartzaroan hirukoiztu egiten direla; bakardadeak aurretiazko abisurik gabe geure burua zanpa diezagukeela; aurreko urteetan jasotako iruzkin, hezkuntza, eskatu gabeko irakaspen eta bizipenek, benetan, izaera oso bat galdatu dezaketela; isilpean utzitakoak esateko testuinguru goxoa beharrezkoa dela; zaintzeko prestasuna izateko derrigortasuna beti orpoz orpo izango dugun izaki haragijalea dela eta sexua zein masturbazioa sekula ahoskatu ezingo ditugun hitzak eta gaiak izango direla.

Gaur egun, sekula baino gehiago aldarrikatzen ditugu emozioen kudeaketa eta gertutasunaren garrantzia, inoiz baino informazio-iturri gehiago dugu eskura, eta, halere, gure familiako aitona-amonak figura bezala ikusten jarraitu, eta, jantokietan bakarrik bazkaltzen ari denari, bilobak derrigorrez egunero zaintzen ari denari, edozein erakundetako gestioa egiten ez dakienari, eta duela hilabeteak inorekin paseatu ez den adinduari ez ikusiarena egiten diogu. Tamalez, ezjakintasuna balizko aukera eta hautu bihurtu dugu.

Gertu izan ditut adineko emakumezkoak, gertu izan dut haiek inkontzienteki, edo akaso nahita, nirekiko izan duten gertutasuna eta hainbat momentutan isilpean eskertu ditudan begiradak

Egia esan, ibilbide oso luzea eta maldatsua dugu aurretik; beraz, ez dut egoerak laster hobera eginen duenik uste, eta tamalgarria da. Tamalgarria da zer-nolako mina eragiten diegun adinekoei, tamalgarria da ikustea laudorioak jasotzeko dituzten zailtasunak eta tamalgarria da aurrerakuntzen aitzakiapean, gure laguntzarekin, sistemak nola zokoratzen dituen.

Zeramikazko azken proiektua diseinatzen gabiltzan eta hauteskunde segida honetan, behin baino gehiagotan esan didate ez dakitela zinez zer-nolako zahartzaroa izanen dugun guk, baina badakite eta lepoa jokatuko lukete askoz okerragoa izanen dela eta prest egonen ez garela. Egia esan, gauzek horrela segiz gero, esandakoa beteko dugu, baina, behintzat, badakit, eri mamiek buztina estutzen, luzatzen, eta nahierara eraldatzen duten espazioetan, guztiak zutik eta mahai baten inguruan gauden horretan hitz egiteko parada izanen dugula.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.