Erraldoiak, txistulariak, txalapartariak, zaharrak eta gazteak. Erdialdeko euskaldunak prest dira kalea hartu eta jai giroan eta harrotasunez euskara zabaltzeko. Agerraldiak eta Altaffaylla kultur elkarteak antolatuta, egun osoko egitaraua osatu dute biharko, Tafallan Erdialdeko Euskal Jaia ospatzeko. «Garen horretaz harrotzeko espazio bat izanen da. Ematen du nafar batzuk ezkutuan egon garela, esan gabe zer garen edo zer izan nahi dugun», azaldu du Haizea Lizarbe Agerraldiko kideak.
Gabonen bueltan piztu zen jaia sortzeko ideia, urtarrilean. Altaffaylla elkarteak Tafalla inguruko jendeari proposatu zion euskal kulturaren inguruko zeozer egitea, eta Agerraldikoek «gustu handiz» hartu zuten proposamena: «Agerraldiaren ikuspegitik, pentsatu genuen erdialde osora zabaldu eta zerbait handiagoa egin genezakeela, horrek beste indar bat emanen ziolako». Jende andana espero dute bihar Tafallan.
«Harreman berriak sortu dira, eta aspaldi izandakoak baina denboraren poderioz galdu direnak berreskuratu ditugu».
HAIZEA LIZARBEAgerraldiko kidea
Euskara sustatzea eta saretzea dira jaiaren helburu nagusiak; izan ere, azken urteetan «geroz eta jende gutxiagok» parte hartzen zuen Tafallako Euskararen Egunean: «Harrotasunerako espazioak sortu, kultura eta hizkuntza zabaldu, ezkutuko tokiak utzi eta plazak hartu nahi ditugu». Ager eremu osoko euskaldunak saretzea da Agerraldiaren helburua; horregatik, Nafarroa Erdialdeko euskaldunen arteko harremanak «indartzea» da haien asmoa. «Oso aukera ona izan da: harreman berriak sortu dira, eta aspaldi izandakoak baina denboraren poderioz galdu genituenak berreskuratu ditugu».
Hemeretzi udalerrik osatzen dute Erdialdea, eta elkarrengandik «oso desberdinak» dira. Herri txikiak eta hiriguneak daude, eta errealitate soziolinguistikoak «eragin handia» duela azpimarratu du Lizarbek: «Eskualde batzuek erabaki dute, eta lortu dute, eremu mistora pasatzea; beste batzuek, aldiz, ez, eta luzaz egonen dira hor. Ez dago aukera handirik eremu ez-euskaldunetik ateratzeko». Gaineratu du nabaritzen dela non izan duten presentzia handiagoa euskalgintzako eragileek; hala nola AEK-k eta ikastolek.
Eragileen lana
Goizean hasiko da biharko besta eguna, hamaikak eta erdi aldera. 12:00etan, kalejira erraldoi bat eginen dute: joaldunek, erraldoiek, gaiteroek, txistulariek, bandek eta beste askok parte hartuko dute. Antolatzaileak saiatu dira Erdialdeko herrietan dauden kultur eragileak bultzatzen eta haien lana nabarmentzen: «Hori guztia dago gure herrietan; hortaz, euskal kultura ere bada gu euskaldunak garelako». Horrez gain, herri kirolak, dantzak eta kontzertuak eginen dituzte.
Haurrentzako txoko bat ere izanen da, 16:30ean hasita. Jarduera gidatuak eginen dituzte euskararen presentzia bermatzeko eta euskarari garrantzia emateko. Euskara formala albo batera utzi eta aisialdiarekin lotzeko aukera bat dela uste du Lizarbek: «Euskara eremu formalean ikasi eta egunerokoan erabiltzeko aukerarik ez duzunean, sentitzen duzu mugatua zaudela». Horregatik, uste du haurrentzat eta euskara ikasten ari direnentzat «oso garrantzitsua» dela horrelako ekinaldiak izatea: «Formalegi hitz egiten badugu, akaso ez gaude oso eroso, eta, muga horiek gainditzeko eta hizkuntza ikasteko, lagungarria izan daiteke jolasean eta lagunartean aritzea», azaldu du Lizarbek.
«Mugak gainditzeko eta hizkuntza ikasteko, lagungarria izan daiteke jolasean eta lagunartean aritzea».
HAIZEA LIZARBE Agerraldiko kidea
Dagoeneko hasiak dira bestak emandako uzta jasotzen, euskaldunak saretzen ari baitira. Jendeak «gogoz» erantzun du, eta herritarrak «indarrez beteta» eta «oso pozik» daude, «ilusioz beteta». Euskara taldeak pizten ari dira, eta herriek konpromisoa hartu dute euskararekin. «Azkoien eta Faltzesen, adibidez, errealitatea oso desberdina da, duela gutxi hasi baitira haurrak eskolan euskara ikasten. Poliki-poliki bada ere, pauso sendoak ematen ari dira».
Euskal Jaia prestatzeko egindako bideak beste gauza asko eman dizkie herritarrei. Horixe nabarmendu du Agerraldiko kide Haizea Lizarbek: «Gisa honetako jaiak baliagarriak izan daitezke gure sustraiez harro sentitzeko. Nola hezi gaituzten, zer eskolatan, nolako familia izan dugun... horrek guztiak, batzuetan, gizartearen parte batetik kanpo sentiarazi gaitu». Hortaz, «harro, gogotsu eta indartsu» ospatuko dute biharko besta.
egitaraua
- 11:30. Irekiera ekitaldia.
- 12:00. Kalejira erraldoia: joaldunak, dantzariak, gaiteroak, kilikiak eta zaldikoak, txistulariak, musika bandak.
- 13:30. Herri kirolak eta dantzak, plazan. Erraldoiak, Las Pulgas plazatxoan. Txalaparta tailerra, Pasadizoan.
- 15:00. Herri bazkaria.
- 16:30. Haurrentzako txokoa, plazan.
- 16:30. Kulturen arteko ekitaldia, plazan.
- 18:00. Kontzertuak: Garratz eta Jarauta 69.
- 21:00. Kontzertuak: Rotten XIII, Zea Mays eta Trikidantz.
- 21:30. Zezensuzkoa.