«Talentuz beteta» dator Ipes fundazioak antolatutako Iruñeko Nazioarteko Zinema eta Emakumeak erakustaldiaren 38. aldia. Horixe nabarmendu du Amaia Zufia fundazioko kideak (Iruñea, 1990). Gaur hasi, eta ekainaren 14ra bitarte eginen dute, hiriburuko Golemetan.
Nazioarteko Zinema eta Emakumeak erakustaldiak 1980ko hamarkadan hasi zuen bere bidea. Film batzuekin gertatzen den bezala, klasiko bat bilakatu al da zuen jaialdia?
40. urteurrenaren atarian gaude, eta [Espainiako] Estatu mailan zinemaren eta emakumearen arloa jorratzen duen lehenengo erakustaldia da. Beraz, bai, klasiko bat bilakatu gara, bai eta besteentzat erreferente ere. Nafarroan lortu dugu toki bat, eta sumatzen da hedabideek, erakundeek eta ikus-entzuleek interesa badutela.
40. urteurrenaren atarian zaudetela erran duzu; ospatuko duzue?
Ospatu beharko dugu! Oraingoz, aurtengo aldia baino ez dugu buruan, baina zalantzarik gabe 40.a berezia izanen da.
Bidea ez zen beti erraza izanen, ezta?
Ez, izan ditugu gorabeherak. Kulturaren eta feminismoaren eremuan gaudenok badakigu zer den bazterretik aritzea. Azken garaian bidea errazagoa izan da, gure erakustaldiak lortu baitu toki bat eta ikus-entzuleen eta erakundeen aitortza. Emakumeen lana zabaltzeko urratsak egin dira, eta sumatzen da, baina egoera zailagoa izan zen hasi ginenean. Hemen jarraitzea bada erresistentziaren seinale.
«Zinemarena eremu maskulinizatu bat da; arrakala bat sortu nahi dugu, eta emakumeen lana ikusarazi»
Emakumeek egindako zinemarentzat erakusleiho izan nahi duzue?
Eutsi diegu erakustaldia sortu genueneko helburuei: zinemaren arlo guztietan ari diren emakumeen lanaren berri ematea eta lan hori ikusaraztea; emakume horien lidergotza bultzatzea; balio patriarkalak eraldatzea; eta kontakizun hegemonikoaren aurrean bestelako kontakizunak badirela zabaltzea. Oraindik beharrezkoa da hori guztia aldarrikatzea.
Emakumeek egindako zinema guztiak egiten dio aurre kontakizun hegemonikoari?
Zinemarena eremu maskulinizatu bat da, eta eremu horretan arrakala bat sortu nahi dugu, eta emakumeen lana ikusarazi; noski, ez edozer lan. Irizpide jakin batzuk ditugu filmak aukeratzeko: aniztasuna proposamenetan, lengoaietan, filmen jatorrian.. Oro har, zirkuitu komertzialetatik at gelditzen diren filmak erakusten ditugu.
Aurtengo aldirako zer prestatu duzue?
Talentuz betetako erakustaldi bat prestatu dugu. Film on eta interesgarriak ekarri ditugu, eta uste dut lortuko dutela ikus-entzuleekin bat egitea. Film gehienak lotzen dituen gai bat ere badago aurtengo aldian: amatasuna. Ez dugu nahita bilatu lotura hori, baina amen eta seme-alaben arteko harremanak badu toki bat film gehienetan. Bestalde, Parir dokumentala ere emanen dugu, indarkeria obstetrikoari buruz.
Zinemagile nafarrek zer toki izanen dute aurtengoan?
Ekainaren 11 dokumentalen eguna izanen da; saio bat eginen dugu Marina Lameirorekin eta Ione Atenearekin. Haien lanak erakutsiko ditugu [Lameiroren Krutxalteatik Uronarat eta Atenearen Luces en sombra], eta gero haiekin solastatzeko aukera izanen dugu. Ekainaren 12an, berriz, sei film labur erakutsiko ditugu; zehazki, Cortos en femenino lehiaketako saridunak. Gurekin izanen dira Maria Monreal eta Amaia Ioldi.
Bada zinema femenino bat?
Eztabaida hori mahai gainean dago, ez bakarrik zinemaren arloan. Guk uste dugu zinemaren esparruan badela desoreka handia gizonen eta emakumeen artean; botere harremanak daude, eta desoreka. Emakumeek hamaika oztopo eta muga gainditu behar dituzte. Emakumeen sorkuntza lana balioestea eta zabaltzea beharrezkoa da; egungo gizartean emakumeok identitate, gorputz eta bizipen ezberdinak izan ditzakegu, baina generoaren eraikuntzaren ondorioz, kontakizun hegemonikotik at gelditzen den zerbait partekatzen dugu. Horretaz hitz egitea ere beharrezkoa da. Beraz, hitz egin daiteke zinema femeninoaz?
Zuk zer uste duzu?
Ez naiz hor sartuko. Irakurleek erabaki dezatela. Hitz egin daiteke zinema arrazializatuaz? Ez dakit, baina ziur naiz egungo gizarte zurian bizi diren pertsona arrazializatuek izanen dituztela ezkutuan gelditzen ohi diren begiradak eta bizipenak partekatzeko.
Goraldian da emakumeek egindako zinema?
Nik baietz uste dut, ospatzeko moduko une batean dela. Aldi berean, datuek erakusten dute asko dagoela egiteko.
«Zinemaren esparruko lanpostuak kontuan hartuta, %37 dira emakumeak; zuzendariez ari bagara, %27 baino ez»
Zer datuk, zehazki?
Cima elkarteak zabaldutako datuek erakusten dute, zinemaren esparruko lanpostuak kontuan hartuta, %37 direla emakumeak; zuzendariez ari bagara, %27 baino ez dira. Aurrekontuetan ere nabarmena da aldea: emakumeek zuzendutako lanen batez besteko aurrekontua 1,5 milioi eurorena da, eta gizonena, 2,7 milioi eurorena.
Industriak ez du egiten emakumeen alde?
Erakunde publikoek babestutako filmei erreparatzen badiegu, arrakala bada oraindik, baina joera orekaranzkoa da. Arlo pribatuan, ez: 2022an Telecincok gizonek egindako filmak baino ez zituen babestu, eta Atresmediak babestutako filmen %9 bakarrik ziren emakumeenak.
Bertzelako bideak bilatu behar dira?
Emakumeak ari dira hori egiten. Kontua da non egon behar duten: bazterrean edo erdigunea okupatzen? Bada gogoetarako gaia.