Adinkeriari buruz hitz egiteko; zaharrek, batez ere, adinagatik jasaten duten bazterketari aurre egiteko; adinekoak subjektu politikoak direla aldarrikatzeko, eta gizartean parte hartzeko, eragiteko eta euren ahotsa eta iritziak entzunarazteko eskubide osoa dutela aldarrikatzeko. Helburu horiekin guztiekin egin du Iruñeko Udalak adinkeriari buruzko jardunaldi bat, hiriburuko Kondestablearen jauregian —maiatzaren 16an—. Mahaian adituak eseri dira; zaharrak, berriz, ikus-entzuleen artean, bakar bat ere ez hizlarien taldean. «Egiteko dugun zerbait da», aitortu du Iruñeko Udaleko herritarren parte hartzerako teknikari Ainhoa Gelbenzu Etxegaraik.
Iruñeko Udaleko Berdintasuneko, Ekintza Komunitarioko, Auzoetako, Herritarren Partaidetzako eta Euskarako zinegotzi Zaloa Basabek berretsi du udalak kontuan hartu nahi dituela zaharren iritziak, eta azaldu du plan estrategiko bat osatu nahi dutela. Plan hori egiteko, hain zuzen ere, Iruñeko Udala zaharren beharrak aztertzen ari da. «Zaharren bizitzako arlo guztiak jorratu nahi ditugu, azterketa oso bat egiteko. Abendurako izan nahi dugu informazio hori guztia gure esku, plan estrategikoa garatzen hasteko», nabarmendu du Basabek.
Zinegotziak onartu du erakundeak zaharrei buruz aritzen diren gehienetan osasunaren gisako auziei heltzen dietela. «Zaharren inguruko benetako politika publiko bat egin nahi badugu, baina, askoz gehiago sakondu behar dugu. Administrazioaren betebeharra da herritar guztiei behar duten arreta eskaintzea; zaharrei ere bai», erantsi du.
Asmo horrekin antolatu dute adinkeriari buruzko jardunaldia, eta Basabek nabarmendu du ez dela gisako bakarra izanen: «Konpromiso bat hartu nahi dugu sei hilabetean edo urtean behin jardunaldi bat antolatzeko, eta gai jakin bati heltzeko». Basabek azaldu du, gainera, Iruñeko Udala lanean ari dela auzoz auzo adinekoen sareak sortzeko eta martxan jartzeko; auzoz auzo zaharren parte hartze sozial eta politikoa sustatzeko, hain zuzen.
Donibanen aitzindari
Udala hainbat eragileren laguntzarekin ari da zaharren eta zaharrentzako auzoz auzoko sareak osatzen. Oraingoz, sareak osatu dituzte Andre Maria Erregina auzoan, Iturraman, Arrosadian, Txantrean, Zabalgunean, Alde Zaharrean eta, berriki, Azpilagañan eta Ermitagañan.
Donibane auzoan lehenago hasi ziren zaharren aldeko urratsak egiten; zehazki, duela sei urte jarri zuten martxan Donibaneko Adinekoen Aldeko Ituna. Bat egin dute auzoko osasun etxeak, kirol eta dendari elkarteek, botikek, zaharrentzako egoitzek eta bertze hamaika eragilek. 2018an, auzoko zaharren egoerari eta beharrei buruzko azterketa bat egin zuten. «Berriz egin nahi dugu, eta egungo egoerara egokitu», azaldu du Donibaneko Adinekoen Aldeko Ituneko koordinatzaile Cristina Serantesek.
«Administrazioaren betebeharra da herritar guztiei behar duten arreta eskaintzea; zaharrei ere bai».
ZALOA BASABEIruñeko Udaleko zinegotzia
Itunaren eta auzoetako sareen helburua da hiriko zaharren parte hartzea sustatzea. Parte hartze hori da adinkeriari aurre egiteko bideetako bat, hain zuzen, Iruñeko Udalak antolatutako jardunaldian parte hartu duten hizlariek nabarmendu dutenez.
Nuria Garro izan da hizlari horietako bat; Hezkuntzan doktorea da, eta nabarmendu du adinkeria «birus isil baten gisakoa» dela. Bazterketa mota horren inguruko ikerketaren esparruan aritu da Garro azken urteotan, eta garbi du arazo nagusietako bat dela zaharrak baztertzen dituzten jokabideak identifikatzen zailak direla, oraindik ere, «kontzientziarik ezarengatik»: «Ohiko bilakatu ditugu baztertzaileak diren jarrera anitz», erran du.
Eufemismoak erabiltzea, zaharrena kolektibo homogeneo bat dela uste izatea eta adinekoak haurrak balira bezala tratatzea; horiek dira adinkeria erakusten duten jokabideetako batzuk. Zaharrak eta haurrak parekatzeko joera nabarmendu du Garrok: «Agerian uzten du egungo gizartean gizakion etapa produktiboa dela garrantzitsuena». Erantsi du zaharrentzako egoitza anitzek «haurtzaindegien antza» dutela, eta zentro horietan zaharren agentzia eta erabakitzeko ahalmena bazter uzten dutela.
Intersekzionalitatearen eragina
Nuria Garro pertsona zaharrei buruzko eufemismoez, estereotipoez eta aurreiritziez aritu da Kondestablearenean. Isabel Diez Diazek bertze auzi bat mahai gainean jartzeko hartu du hitza: intersekzionalitatearena. Nafarroako Adinekoak Krisiaren Kontra plataformako kidea da, eta ikus-entzule gisa parte hartu du Iruñeko Udalak antolatutako jardunaldian. Eskertu ditu Garroren hitzak, eta eskertu du udalak adinkeriaren gaia aztertzeko urratsa egin izana; garbi erran du bazterketa horrek ez diela denei berdin eragiten, eta kontuan hartu behar dela nork gizartean betetzen duen tokia: «Ez da gauza bera gizon edo emakume izan; hirikoa edo landa eremukoa; hemen jaioa edo migratzailea; pentsio duin bat jasotzea edo ez», nabarmendu du Diez Diazek.
«Ez gaituzte prestatzen; ekoizteari uzten diogu, eta gizarteak ez gaitu prestatzen egoera berri horretarako».
ISABEL DIEZ DIAZ Nafarroako Adinekoak Krisiaren Kontra plataformako kidea
«Ez gaituzte zahartzarorako prestatzen; ekoizteari uzten diogu, eta gizarteak ez gaitu prestatzen egoera berri horretarako», erran du Diez Diazek. Garrok azaldu duen errealitatea ezaguna duela kontatu du, eta aurre egin behar izan diela estereotipoei: «Inguruan entzuten ditut zaharren inguruko estereotipoak betikotzen dituzten mezuak; jendeak uste du adin batera ailegatzen garenean ez garela deus egiteko gai, nekatuta gaudela beti. Denak ez gara berdinak, baina gizartearentzat zaharron inguruko irudi bakarra dago».
Erabakitzeko eskubidea aldarrikatu du Diez Diazek. «Ez ditzatela hartu guri eragiten diguten erabakiak gure izenean. Gizartearen parte gara». Ekonomian ere eragiten dutela erantsi du. Batetik, kontsumitzaileak direlako: «Kultura kontsumitzen dugu, bertzeak bertze». Bertzetik, adinekoen pentsioak direlako familia anitzen oinarri ekonomikoa. «Gure seme-alaben eta biloben sostengu bilakatu gara».
Sostengu eta zaintzaile. Emakumeak aritzen dira, batez ere, zaintza lanetan; emakume zaharrak ere bai. Dolores Rojo San Romanek bere ama zaintzen du. Badu bertze lanik, Iruñeko Alde Zaharrean sortutako zaharren sarearekin bat egin baitu. «Auzoko zaharron egoera aztertzen ari gara orain; zer behar dauden ikusi nahi dugu, behar horiei erantzun ahal izateko», azpimarratu du Rojok.
Adinkeria zer den badakiela nabarmendu du hark: «Okerrena da zaharrok ikusezin bilakatzen gaituztela. Alde Zaharreko sareko kideok horren aurka egin nahi dugu, zaharrok izan dezagun arlo publikoan eta politikoan dagokigun tokia». Karrikan egoteko eskubidea aldarrikatu du Rojok, eta ohartarazi du espazio publikoan egon daitezkeen traba fisikoek esparru horretatik urruntzen dituztela zaharrak.
Hautatu ez duten bakardadea ere traba bilakatzen da pertsona zahar anitzentzat; horixe nabarmendu du Dolores Rojok, eta bat egin dute Pauma fundazioak kudeatzen duen Beti Norbaitekin programako kide Mirentxu Araiz Zugastik eta Ana Perez Solak ere.
«Ikusezin bilakatzen gaituzte. Horren aurka egin nahi dugu, arlo publikoan eta politikoan dagokigun tokia izateko».
DOLORES ROJO SAN ROMAN Iruñeko Alde Zaharreko zaharren sareko kidea
Adinkeriaren inguruko jardunaldian parte hartu dute biek, eta nabarmendu dute «funtsezkoa» dela pertsona zaharrak artatzen dituzten profesionalak trebatzea eta adinekoei eskaintzen zaizkien jarduera guztiak «ongi planifikatzea». «Edozerk ez du balio», berretsi du Perezek. Genero ikuspegia ere «ezinbertzekoa» dela erantsi dute.
Beti Norbaitekin programa Iruñeko Iturrama, Txantrea eta Donibane auzoetan dago martxan gaur egun. Auzo bakoitzeko errealitatera egokitzea da helburua, batzuen eta bertzeen egoera ez baita bera. Lan ildo nagusiak ere badituzte, dena den, eta horietako bat da belaunaldien arteko harremana sustatzea.
Perezek zalantzan jarri ditu belaunaldien arteko harreman hori sustatzeko zaharren egoitza batzuetan egun erabiltzen dituzten bideak: «Eskoletako haurrak Eguberrietan joaten dira urtero egoitza batzuetara kantatzera; hori egin ordez, zergatik ez ditugu antolatzen, adibidez, belaunaldi ezberdinen arteko irakurketa taldeak? Ohiko proposamenetatik harago jotzeko beharra dugu», erran du Beti Norbaitekin programako kideak.
Iruñeko zinegotzi Zaloa Basabek berretsi du harago jotzeko eta sakontzeko beharra badela; hiriko pertsona zaharren egoera eta dituzten beharrak ezagutzeko eta kontuan hartzeko garaia dela ere bai. «Iruñeko Udala ez da aisialdirako klub bat; udalak herritar guztiekin hartu behar du konpromiso bat bizitza duinen alde», nabarmendu du.
«Zergatik ez ditugu antolatzen belaunaldien arteko irakurketa taldeak? Ohikotik harago jo behar dugu».
ANA PEREZ Beti Norbaitekin programako kidea
Gizartean parte hartzeko gogoa azaldu dute Iruñeko Kondestablearen jauregian egindako jardunaldian ikus-entzule gisa parte hartu duten anitzek. Garbi erran dute ez dutela ikusezin izan nahi, eta haien ahotsa entzunarazi nahi dutela. «Jaiotzen garen egunean hasten gara zahartzen; zahartzeko hamaika modu daude, bakoitzak baitu berea. Eta denak hartu behar dira kontuan. Ez dugu objektu bilakatu nahi», berretsi du Isabel Diez Diazek.
Iruñeko Udala abendutik aurrera hasiko da zaharren inguruko bere plan estrategikoa garatzen. Ikusteko dago zer ildo nagusi izanen dituen. Kondestablearen jauregian bat egin dutenek mahai gainean jarri dituzte mataza osatu ahal izateko hainbat hari.
baliabideak
IRUÑEKO UDALAREN ESKU HARTZE SOZIALERAKO BALIABIDEAK:
- Etxean. Adinekoak etxean artatzeko programa eta adinekoei jatekoa etxera eramateko programa.
- Jantokia. Adinekoak jantoki sozialetara joateko diru laguntzak.
- Etxebizitza. Udalaren etxebizitzak adinekoentzat.
- Autonomia. Autonomia garatzeko auzoetako unitateetako programa.
- Zentroa. Iruñeko Kondestablearen jauregian dago udalaren Zentroa; liburutegia, aholkularitza zerbitzua eta bertze eskaintzen ditu.
PREBENTZIORAKO ETA KOMUNITATEARENTZAKO BALIABIDEAK:
- Sareak. Auzoetako zaharren sareak.
- Kontseilua. Adinekoen udal kontseilua.
- Kirola.Sasoian programa.
- Diru laguntzak. Jarduerak eta bertze antolatzeko.
- Tailerrak. Zaintzaileentzat eta Itxaropenaren Telefonoa erakundearekin, bertzeak bertze.
- Aisialdia. Aisialdiko jardueren programa.
- Programak. Beti Norbaitekin, bakardadeari aurre egiteko; arrakala digitala txikitzeko programak.
- Zentroak. Auzoetako herritarrentzako zentroak.