Bederatzigarren aldiz eginen dute Nafarroako Azoka Ekologikoa Noainen, Zentzumenen Parkean. Gaur hasita igandera arte iraungo du. Atzo, hala ere, aurrerapen gisa, Elena Correles biologo eta nutrizionistak hitzaldia egin zuen, eta elikagai ekologikoak kontsumitzea moda ala beharra ote den eztabaidatu zuten.
Aurten, inoiz baino postu gehiago egonen dira azokan. Osotara, 38 salmahai izanen dira. Horietatik 30 Nafarroakoak dira. Gainontzekoak kanpotik datoz. Frutak, barazkiak, gaztak eta bestelako jakiak ez ezik, kosmetikoak eta landare aromatikoak ere eskuratu ahal izanen dira, besteak beste.
Maria Jose Arrondo Nafarroako nekazaritza ekoizpen ekologikoaren kontseiluko lehendakariak adierazi du topaketarako eta sentsibilizaziorako asteburua dela: «Nafarroako ekoizpen ekonomikoari balioa emateko, eta gure lurraldean produzitzen diren elikagaien aniztasuna ikusarazteko aukera ezin hobea da. Salmentarako gune bat da, baina sentsibilizaziorako ere bai». Nafarroako ekoizpen ekologikoaren erakusleihorik handiena izanen dela aurreratu du Arrondok, herritarrak eta ekoizleak elkartuko dituena.
Jose Maria Aierdi Landa Garapeneko eta Ingurumeneko foru kontseilariak komertzializazio kanaletan eta haur eta gazteetan jarri du arretagunea: «Merkaturatzeko bideak hobetzen jarraitu behar dugu, batez ere, ikasleen eta saltoki txikien artean. Ikasleak etorkizuna dira, eta haien etorkizuneko erabakiak orain hartzen dituzten ohituren araberakoak izanen dira».
Horretarako, hain zuzen, azokarekin batera, jardueraz beteriko egitaraua antolatu dute Noainen. Helduentzat, baina etxeko txikienentzat ere bai. Gaur, adibidez, landare ekologikoekin egindako pomada tailerra eginen dute, Natalia Baztanek gidatua. Berrikuntza gisa, aurten artisau lanbideen erakusketa izanen dute. Bihar goizean izanen da hori, eta zura zizelkatzea, forjak eta artilea lantzen arituko dira. Saskigintzako tailer bat ere eginen dute.
Haurrentzako jarduerei dagokienez, helburu nagusia da jolasean dauden bitartean elikaduraren garrantziaz arduratzea eta elikagaien jatorriaz ikastea. Hori lortzeko, tailerrak, ipuin kontalariak eta haurrentzako dastaketak prestatu dituzte. Gainera, Txikiekozona txokoa prestatu dute, haurrek jolasteko gune bat izan dezaten.
Bi erakusketa
Beste berrikuntzen artean, bi erakusketa antolatu dituzte. Batek, Siwatl: emakumeak etorkizuna lantzen du izena, eta Loreneako eraikinean egonen da. El Salvadorko emakumeen kolektibo batek euren inguruarekiko duen harremana lantzen du erakusketak. Bestea artisau lanbideen eremuan izanen da, eta Artetako Etnografia Museoak antolatu du. Museo Ibiltaria: historia egiteko 100 objektu du izena.
Erakusketak asteburu osoan egonen dira ikusgai. Horrekin batera, Geltokik antolatutako Gastronomia gunea ere egunero zabalik izanen da, eta produktuak dastatzeko aukera emanen dute. Giroa alaitzeko, musika emanaldiak egonen dira une oro: DJak, musika taldeak eta bakarlariak arituko dira ekitaldi bereziari doinua jartzen.
Igandean, 12:00etan, Noaingo erraldoien konpartsa eta buruhandiak aterako dira, asteburuari amaiera emateko.
Jardunaldi garrantzitsua dela nabarmendu du Aierdik: «Sektorearen garrantzia azaleratzen duen jaia da, eta bide horretan engaiatuta jarraitzeko aukera ematen digu».
EGITARAUA
- Gaur.
- 18:30-20:30. Pomada tailerra landare ekologikoekin.
- 19:00-20:00.Ekoizletik ahora. Geltokik antolatutako produktu dastaketa.
- Bihar.
- 11:00-12:30. Show cooking eta produktu ekologikoen dastaketa.
- 17:30-19:30. Haurrentzako tailerra: Elikagai iraunkorrak ezagutzen.
- Etzi.
- 11:00-12:30. Yoga familiarra, eta gosari ekologikoa.
- 12:00. Noaingo erraldoien konpartsa eta buruhandiak.