Duela ehun urte, egun Iturria botika denak ateak ireki zituen Iruñean. 1925eko maiatzaren 6ko Diario de Navarra egunkariak eman zuen notizia: «Navascues eta Sayans botikari ezagunek farmazia eta drogeria bat zabaldu dute, Estafeta karrikako 89an eta Juan de Labriteko lehenengoan, eta atzo inauguratu zuten. Iruñeko alkate Nagore jauna, Tomas Garmendia doktorea, Farmazia ordezkari Gonzalez Boza jauna, udaleko idazkari Mata jauna, prentsako ordezkariak eta bertze hainbat pertsona izan ziren inaugurazioan». Botikako ateak zabalik dira oraindik ere, Estafetako 87.ean. Pello Iturria Sarasibarrek 1979an hartu zuen farmazia, aurreko jabeak erretiroa hartu eta gero, eta 1982tik, Rosa Lorente Salvador aritu da harekin lanean. Pello Iturria Ormazabal jabearen semeak osatzen du egungo lantaldea.
«Irailean bost urte eginen ditut botikan», kontatu du Iturria Ormazabalek. Minutu batzuk lehenago farmazian sartu den bezeroak zor zuena ordaindu du, eta karrikara atera da. Erakusmahaiaren atzean gelditu dira aita-semeak eta Lorente Salvador. Giroa lasaia da botika ostekoan, eta hurrengo bezeroa noiz sartu zain, farmaziako egunerokoaz solastatzen hasi dira.
«Beti gara auzokideak artatzeko prest. Konfiantzazko harremana sortzen da gure eta bezeroen artean»
PELLO ITURRIA SARASIBARIruñeko Iturria botikako jabea
Lorente Salvadorrek ez du maite argazkietan ateratzea, baina gustura da botikaz hitz egiten. Farmazia ederki ezagutzen du, jabeak bezain ongi, 19 urterekin botikan lanean hasi zenean farmaziaren gaineko etxebizitzan bizi baitzen. «Umetan, amak botikara bidaltzen ninduen erostera». Jada ez da Iruñeko Alde Zaharrean bizi, baina farmazian sartzen diren auzokideak primeran ezagutzen ditu. Herritarren eta botikarien artean sortzen den harremana «polita» eta «garrantzitsua» dela nabarmen du, eta bat egin du Iturria Sarasibarrek, inolako zalantzarik gabe. «Jendea artatzea da nire lanaz gehien maite dudana», erantsi du Iturria Sarasibarrek.
Gurasoen lana
Iturria Ormazabal ere umetatik egon da botika baten erritmora lotuta; Iturria Sarasibarren amak etxe azpian zuen botika, Uharten. Erretiroa hartu zuenean, Iturria Sarasibarren emazte Mari Jose Ormazabalek hartu zuen erreleboa. Uharteko El Ferial plazan du egun farmazia. «Ordu asko pasatu ditut han; kalean jolasean aritu eta gero, botikara sartzen ginen. Orduan ez nion gurasoen lanari duen balioa ematen», aitortu du Iturria Ormazabalek.
Orain, bai. Izan ere, hark Arkitektura ikasketak amaitu eta gero erabaki zuen botikakoak hastea. «Urtebete egin nuen arkitekto gisa lanean; egoera zaila zela ohartu nintzen, eta gurasoek bazutela ogibide on bat». Semearen erabakiak «ezustean» harrapatu zuen aita; horixe berretsi du Iturria Sarasibarrek, botika osteko solasaldian. «Ez nuen espero». Kontent dela erantsi du, ordea, eta, gainera, kontent ikusten duela semea. Iturria Ormazabalek musikarekin uztartzen du botikako lana, Lilo taldeko kidea baita.

Semeak bezala, Iturria Sarasibarrek ere farmaziako giroan murgilduta eman du bizitza osoa. «Etxe azpian genuen amaren botika; edozein ordutan deitzen zioten, jendea arta zezan». Iturria Sarasibarrek Iruñean egin zituen ikasketak, eta amaitu eta gero, hiru urtez aritu zen Gasteizen lanean. «Han nengoela, amak txiripaz jakin zuen aurreko botikariak farmazia utziko zuela eta nork hartuko bila zela. Etorri, ados jarri, eta ordutik nago hemen».
46 urte egin ditu Pello Iturria Sarasibarrek Estafeta karrikako farmazian. «Beti gara auzokideak artatzeko prest». Botikarien lana aldatuz joan dela azaldu du, baina arreta zuzen hori dela, oraindik ere, garrantzitsuena. «Konfiantzazko harremana sortzen da gure eta bezeroen artean». Ogibideaz mintzo denean, sumatzen zaio lanarekiko duen ardura, eta ardura hori bilakatu du bere botikaren ikur.
«Museo bat»
Botika zaharraren arrastoak nabarmenak dira Iturria farmazian. Dendan sartu eta ezkerreko paretan dauden beirateak «aspaldikoak» dira, eta duela urte anitzekoak, halaber, apalategien gainean apaingarri gisa jarritako ontziak. Halere, altxorrik preziatuena botika ostekoaren atzeko aldean dagoen gela batean gordeta dago: duela laurogei urte inguruko botika ontziak eta garai hartako farmaziako erakusmahaia. «Museo baten gisakoa da gela hau», erran dute aita-semeek. Ontzi zaharretan, aspaldiko botiken izenak ageri dira oraindik ere: Euforina irakur daiteke batean. «Anfetaminaren gisako botika bat da, frankismoaren garaikoa. Ontzian irakur daiteke Alemaniako enpresa batek egin zuela, eta debekatuta zegoela Frantzian eta Ameriketako Estatu Batuetan saltzea», azaldu du Iturria Sarasibarrek.

Altxor zaharragorik bada Iturria farmazian: Erdi Aroko putzu bat. 2003an botika ostekoan egindako obren ondorioz agertu zen: «Ezuste handia izan zen; nik ez nekien halako putzu bat genuenik, eta aurreko jabeak ere ez. Agerian uztea erabaki genuen. Garai batean, Iruñea mila putzuen hiria zela esaten zuten!».
Botikan sartu diren bezeroek farmazialarien solasaldia moztu dute hainbat aldiz. Rosa Lorentek artatu ditu. Pello Iturria Sarasibarrek botika ostekoan gelditu behar izaten du tarteka, han egiten baititu bezero batzuek behar dituzten formula bereziak. «Halakoak egiteko akreditazio berezi bat behar duzu, ezin ditu edozein botikarik egin». Salgai ez dauden nahasketak egiten ditu botikariak, formula horien bidez: «Jarabeak, pomadak, alopeziaren kontrako nahasketak...». Salgai dauden botiken haurrentzako dosiak ere prestatzen ditu. «Kontu handiz egin beharreko lana da».
«Ez dakit botika uzten dudanean zer eginen dudan! Bizitza osoa daramat Pedrorekin [Iturria] lanean!»
ROSA LORENTE SALVADOR Iruñeko Iturria botikako langilea
Halakoetan, medikuen errezeta ongi ulertzea ezinbertzekoa da. Iturria farmaziako botikariek garbi dute hori: «Medikuen letra txarrari buruzkoa ez da mitoa; idatz dezatela letra handiz, mesedez». Errezeta elektronikoei esker, botikariek lehen baino denbora gutxiago eman behar izaten dute orain sendagileek idatzi dutena argitzen. «Zalantzak baditugu, medikuarengana jotzen dugu. Aurrekoan, sendagile batek idatzitako errezeta ekarri zuen bezero batek; haur batentzako botika zen, eta bezeroari eskatu genion medikuari deitzeko, eskatzen zuena emanen geniola ziurtatzeko», esplikatu du Iturria Ormazabalek.

Hark serio hartu du lana, aitak eta Lorente Salvadorrek bezala; halere, hirurek aitortu dute umoreak ere baduela tokia botikako egunerokoan. «Hamaika bitxikeria gertatzen dira farmazia batean!», erran dute. Iturria Sarasibarrek oroitu du bezero batek guata eskatu ziola lehen farmazian aritzen zen langile bati gaztelaniaz, eta botikariak ez zekiela hori zer zen. «Bezeroa saiatzen zen azaltzen, eta alkoholarekin jartzen zen hori zela esaten zion. ‘Ez zara ba kubata bat eskatzen ariko, ezta?’, bota zion langileak. Ez zekien guata kotoia dela!».
Itzalak ere izan dira Iturria farmazian: bitan egin diete lapurreta. Itzalek, halere, ez dute botikarien esperientzia ilundu. Iturria Sarasibarrek 74 urte ditu, eta lanean ari da oraindik, erretiroa hartzeko garaiarekin askorik kezkatu gabe. Botikatik kanpo ere, Euskal Botikarien Elkargoan aritzen da, eta Nafarroako Botikarien elkargoaren aldizkarian idazten du, euskaraz. Liburu bat ere badu: Euskarari gorazarrea. Lorente Salvadorrek ere «gustura» dela azpimarratu du, baina baduela gogoa atseden hartzeko. «Halere, ez dakit botika uzten dudanean zer eginen dudan! Bizitza osoa daramat Pedrorekin [Iturria Sarasibar] lanean!». «Aspertuko zara!», erantzun dio Iturria Sarasibarrek langileari. Sumatzen zaio ez duela langilea galdu nahi. Badute, dena den, lekukoa nork hartu.