Badira kezkatzen gaituzten arren saihesten ditugun gaiak. Arrazoia edozein delarik, hitz egiteko orduan deseroso sentiarazten gaituztenak, eta batzuetan, zaurgarri ere bai. Bakardadea gai horien multzoan sartu litezkeenetako bat da, denbora luzez aurreiritziz eta estigmaz tindatutakoa.
Europako Batasunak aurreko urtean ateratako txosten baten arabera, populazioaren %13 bakarrik sentitzen da. 96 milioi pertsona horien artean, askok pentsatuko genukeenaren kontrara, gazteak dira bakartuen sentitzen direnak. Bortzirietan adinduen artean bilatua ez den bakardadea prebenitzeko egitasmo bat jarri berri dute martxan, eta hala, beste leku askotan ere bai. Gazteentzat, ordea, ez dira hain ohikoak gisa horretako ekimenak, baina antza denez, hor da beharra.
Nahiko paradoxikoa da, baina hiperkonektatuta gauden honetan inoiz baino bakartuago sentitzen gara. Sare sozialek superfizialtasuna ekarri dute berekin; influencer-ek arretaz hautatutako une zoriontsu eta idilikoak saltzen dituzte, narratiba horren eta bizitza errealaren arteko aldea areagotzen doa, eta pertsonen arteko benetako harremanak, aurrez aurrekoak, bigarren plano batera pasatu dira. Horrek guztiak, segurutik, lotura handia du txostenak erakusten dituen datuekin.
Nolanahi ere, pentsatu beharko genuke sentimendu hori nondik datorkigun edo zerk sentiarazten gaituen bakarrik, sozialki markatuta dauden arauek guztiz baldintzatzen baitituzte gure emozioak. Ez al gara presio horren ondorioz geure burua gehiegi kuestionatzen ari?
Duela gutxi arte, bilatutako bakardadea, norberaren hautu propioa dena, ez zen ondo ikusten. Bakarrik bizitzea eta bikotekiderik edo seme-alabarik ez edukitzea porrotaren sinonimo zen; zer esanik ez emakumea izanik. Karmele Jaiok horren inguruan hausnartzen du bere azken nobelan: «Nola erakutsi diguten maitatzen, nola gure heziketa emozionala ezberdina izan den, emakumea edo gizona izan. Nola, adibidez, txikitatik esan zaigun emakumeei ez egin hau edo bestea, bakarrik geldituko zara».
Duela gutxi arte, bilatutako bakardadea, norberaren hautu propioa dena, ez zen ondo ikusten. Bakarrik bizitzea eta bikotekiderik edo seme-alabarik ez edukitzea porrotaren sinonimo zen; zer esanik ez emakumea izanik.
Bakarrik geratzearen mehatxu hori gainditzeke dago oraindik. Izan ere, emakume baten errealizazioa bere egoera zibilari lotuta egon da historikoki eta gure osotasuna lortzeko bikotekidea beharrezkoa dugula sinetsarazi digute. Maitasunari egun ere ematen zaion gehiegizko zentralidadeak, ordea, ez du laguntzen.
Dena dela, ezin da ukatu maitasunak, erromantikotasuna alde batera utzita, gure bizitzan duen pisua. Izan ere, bakardade sentimendua berezko dugun harremantzeko behar horren seinale da, maitatzeko eta maitatuak sentitzekoa. Benetako konexioen beharra dugunaren oroigarri, nolabait.
Era berean, inportantea da bilatutakoaren eta ez bilatutakoaren arteko alde hori. Bakarrik egon eta bakarrik sentitzearen arteko ñabardura, alegia. Lehenengoari errespetatzea eta bigarrenari babesa ematea. Eta horretarako, komunikatzea, halako gaiak ez saihesten saiatzea.