Diagnosia, urte eta erdi berandu

Dimitri Ermolenkok lan istripu bat izan zuen 2021ean. Salatu du mutualitatean ez zutela ongi artatu, eta ondorioz urte eta erdi berandu jaso zuela diagnosia: orno zerbikalak hautsiak zituen.

Dimitri Ermolenko. Lan istripua izan zuen, eta auzitara jo du mutualutatearen jarrera salatzeko.
Dimitri Ermolenko, Uharten, uztailaren 11n. Lan istripua izan zuen 2021ean; mutualitatearen jarrera salatu du, ez ziotelako probarik egin lesio larri bat ote zuen argitzeko. IÑIGO URIZ / FOKU
edurne elizondo
Uharte
2024ko uztailaren 20a
05:00
Entzun

Sistemaren aurrean «txiki» sentitzen delako jo du hedabideengana; «justizia» egin dadila nahi duelako, eta, batez ere, norbaitek har dezala gertatu zaionaren erantzukizuna. Dimitri Ermolenkok istripu bat izan zuen 2021eko maiatzaren 31n, Altsasun, lanera bidean; istripua gertatu eta urte eta erdira jaso zuen diagnosia, ordea: orno zerbikalak hautsiak zituen. Ebakuntza egin behar izan zioten. «Istripua gertatu zenetik hainbertze denbora pasatu eta gero, medikuek ez zidaten bertze aukerarik eman». Ermolenkok mutualitatea jo du bere egoeraren erantzuletzat, istripua izan zuenean ez baitzioten inolako probarik egin lesio larri bat ote zuen ikusteko.

2021eko maiatzaren 31 hartan, lanerako bidean, bizikletako aurreko gurpila blokeatu zitzaion Ermolenkori, eta lurrera erori zen. Buruan zauri bat egin zuen, eta lepoan mina hartu. «Altsasuko osasun etxean artatu ninduten, eta ez nintzen gai izan etzateko ere», oroitu du Ermolenkok. Osasun etxean erran zioten mutualitatera joateko, eta Iruñean artatu zuten, istripua izan eta bi egunera. «Lepoa minduta nuen. Erradiografiak egin zizkidaten, baina mutualitatean erran zidaten mina kolpearengatik izanen zela, ez nuela deus», azaldu du Ermolenkok.

Sei eguneko gaixo baimena eman zioten, eta lanera itzuli behar izan zuen gero. Mina, baina, ez zitzaion pasatzen. «Medikuarengana joan nintzen hainbat aldiz, eta pilulak eta kremak bertzerik ez zidaten ematen».

Ebakuntza egiteko beharra

Osasun etxean ematen zizkioten botikek ez zioten oinazea arintzen Ermolenkori. Espondilitis ankilosatzailea ere badu, eta, gaitz horren ondorioz, %35eko ezintasuna du onartua. Lepoko mina joaten ez zitzaionez, espezialistarekin egoteko ordua eskatu zuen osasun etxean. «Hasieran, ez ninduten espezialistarengana bideratu nahi. Behin eta berriz eskatu eta gero, eskaera bideratu, eta, azkenean, 2022ko irailean artatu ninduen erreumatologoak».

Ordura arte, lanean aritu zen Ermolenko. Espezialistarengana joan, eta gertatukoaren berri eman zion; istripua izan zuenetik lepoko mina zuela azaldu eta gero, erresonantzia magnetikoa egiteko agindu zuen medikuak. «Erresonantziaren emaitza azaltzeko deitu nindutenean, berehala ohartu nintzen zerbait gaizki zegoela; neurozirujauarengana bideratu ninduten. Erran zidaten orno zerbikalak hautsiak nituela, ebakuntza egin beharko zidatela, eta mirari bat zela paralizatuta ez egotea».

«Diagnosia istripua gertatu bezain pronto jaso ahal izateko, nahikoa zen lesio larri bat ote nuen ikusteko proba egitea» 

DIMITRI ERMOLENKO Lan istripua izan duen herritarra

Izan ere, Ermolenko bederatzi hilabetez aritu zen lanean, orno zerbikalak hautsiak zituela jakin gabe. Diagnosia jaso bezain pronto, mutualitatera jo zuen, eta erreklamazioa egin. «Mutualitateak, baina, ez zuen bere erantzukizuna onartu». Auziaren gakoa da lesio larri bat ote zuen ikusteko probarik ez ziotela egin aurrenekoz artatu zutenean. Horixe nabarmendu du Ermolenkok. Peritu batengana jo zuen mutualitatearen erantzuna jaso eta gero, eta peritu horrek esan zion orno zerbikalen haustura atzemateko erradiografiak ahoa zabalik egin behar direla. «Bertzela, haustura ez da ikusten. Niri ez zidaten horrelakorik egin», salatu du Ermolenkok.

Auzitara jotzeko urratsa

Iazko otsailaren 15ean egin zioten ebakuntza Dimitri Ermolenkori, eta gaixoaldian da geroztik. «Bi urterako eman didate. Urrian egin beharko didate azterketa berriz», kontatu du. Lanerako ezintasuna onar diezaiotela eskatu du, eta urriko azterketa egin eta gero eman beharko diote erantzuna.

Dena den, ez da jasotzeko zain den erantzun bakarra, ebakuntza egin eta gero Ermolenkok erabaki baitzuen mutualitatearen eta Osasunbidearen kontra egitea: «Erreklamazio bat egin nuen mutualitatean, eta bertze bat Nafarroako Osasun Zerbitzuan; ez dut ez baten ez bertzearen erantzunik jaso», azaldu du lan istripua izan duen herritarrak. Sei hilabeteko epea zuten mutualitateak eta Nafarroako Gobernuak erantzuteko. Epe horretan erantzunik jaso ez zuenez, auzitara jotzea erabaki zuen Ermolenkok. «Gobernuak erreklamazioa jaso duela onartu du, behintzat; mutualitateak, ezta hori ere», salatu du.

2021eko istripuak erabat aldatu du Ermolenkoren egunerokoa. Ebakuntza egin ziotenetik, lepoa ezin du mugitu ia. «Ezker-eskuin eta gora eta behera, pixka bat bertzerik ez dut mugitzen». Mendia bazter utzi behar izan du, gainera. «Anitz maite nuen, baina medikuek erran didate arriskutsua dela niretzat. Saltorik ezin dut egin, ezta bizikletaz ibili ere. Orno zerbikaletan torlojuak jarri dizkidate, eta, dar-dar egiten badute, kalte egin diezaiokete hezurrari». Ermolenkok mutualitateko medikuen «arduragabekeriaren» ondoriotzat jo du bere egoera: «Diagnosia istripua gertatu bezain pronto jaso ahal izateko, nahikoa zen lesio larri bat ote nuen ikusteko proba egitea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.