Arrazakeriaren eta Xenofobiaren Kontrako Nazioarteko Eguna da gaurkoa, eta bihar, mugimendu antirrazista karrikara aterako da Iruñean: manifestaziora deitu dute, 12:00etarako, Merindadeen plazan. Urtean behingo lerroburuez, diskurtsoez eta mezuez harago, ekintzaile antirrazistek arrazakeriari eusten dion egituraren aurka egitera deitu dute.
Ikusi gehiago
Nafarroan bada arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako plan bat, 2022tik, eta bada plan hori osatzeko sortutako arrazakeriaren eta xenofobiaren kontrako lege bat, 2023tik. Martxoaren 12an, Nafarroako Gobernuko Etxebizitza, Gazteria eta Migrazio Politiketako kontseilari Begoña Alfarok iaz arrazakeriaren eta xenofobiaren kontra egindako lanaren berri eman zuen Nafarroako Parlamentuan, eta nabarmendu bete dituztela arrazakeriaren aurkako planean 2024rako zehaztutako 50 ekintzetako 33. Gobernuko departamentuen arteko elkarlana bultzatu, eta arrazakeria prebenitzeko eta bazterketa jasan dutenak artatzeko neurriak garatu dituztela zehaztu zuen Alfarok.
«Nortasuna lantzea ezinbertzekoa da afrikar jatorriaz harro sentitzeko eta gazteek euren tokia aldarrikatzeko»
FATIMA DJARRA Nafarroako Flor de Africa elkarteko kidea
Mugimendu antirrazistarentzat, ordea, ez da nahikoa asmoak paper batean jasotzea, eta, datuez harago, sistemaren oinarrian dagoen desberdinkeria «benetan» astinduko duten konpromisoak eta politikak exijitu dituzte, gizartea denen artean eta denentzat moldatzeko. Flor de Africa elkarteko kide Fatima Djarrak garbi du helburua dela migratzaileak eta arrazializatuak bertze bilakatzen dituen sistema «agerian» uztea: egiturazko arrazakeria salatzea, eta egiturazko arrazakeria hori hutsean uzteko lan egitea. Djarrak erakunde publikoek duten ardura nabarmendu du, arrazakeriaren aurkako plana eta legea izan arren, uste baitu arrazakeria instituzionala dela, pertsona migratzaile eta arrazializatu anitzen egunerokoa bortitzen astintzen duena. «Arrazakeriaren aurkako lege bat izatea urrats garrantzitsu bat da, baina ez da nahikoa. Falta da lege horren berri zabaltzea, gizarteak bere egitea. Hori ez da gertatu, eta, ondorioz, hankamotz gelditzen da. Nafarroako Gobernuak konpromiso sendoagoak hartu behar ditu», erran du.
«Ez dut uste herritarrek arrazakeriaren aurkako legea ezagutzen dutenik; hori falta da», berretsi du Djarrak. Erakunde publikoek dagokien lana egin dezatela exijitu du, eta erantsi bitartean ekintzaile antirrazistak ere ari direla egiten euren esku dagoena: «Gazteak ahalduntzen». Afrikar jatorriko hemen jaiotako gazteen egunerokoa «zaila» dela azaldu du Djarrak: «Nortasunik gabe, galduta daude. Nortasuna lantzea ezinbertzekoa da afrikar jatorriaz harro sentitzeko eta hemen dagokien tokia aldarrikatzeko».
Flor de Africa elkarteko emakumeek euren seme-alabekin egindako lana azpimarratu du Djarrak. Lan horren ondorioz, Iruñeko Black Power taldea sortu dute afrikar jatorriko hainbat neska gaztek. «Guk izan ez genituen aukerak sortu nahi ditugu haientzat», zehaztu du Djarrak.
Erreferenteak sortu
Hezkuntzaren arloan sortu nahi dituzte aukera horiek, bertzeak bertze, eta ari dira lortzen. Kami Magassa Black Power taldeko kidea da, eta Erizaintza ikasketak egiten ari da. Aurtengoa du azken ikasturtea. Ez da haren inguruan unibertsitatera ailegatu den gazte bakarra, baina Magassak garbi du berak eta bertze gazte horiek egindako bidea «eredu» izanen dela emakume gazteago anitzentzat. «Erreferenteak behar ditugu. Orain gehiago ditugu, eta hori ona da. Ni hasi nintzenean, egoera zailagoa zen».
«Erreferenteak behar ditugu. Orain gehiago ditugu, eta hori ona da. Ni hasi nintzenean, egoera zailagoa zen»
KAMI MAGASSANafarroako Black Power taldeko kidea
Erreferenteak behar direla erran du Magassak; Hapi Berdintasunaren Aldeko Gizon Panafrikanisten Elkarteko kide Alexandre Serge Ondoak, berriz, adierazi du pertsona arrazializatuek ordezkariak behar dituztela erabakiak hartzen diren guneetan. «Hemen bizi gara, baina ez dugu gure kultura galdu nahi. Gizonok badugu trebatzeko beharra», aipatu du.
Black Power bezala, Flor de Africa elkarteko kideek bultzatuta sortu da Hapi elkartea ere. «Afrikako gizonok badugu maskulinitatea lantzeko beharra. Lan hori egin nahi dugu, eta antirrazismoaren esparruan eragiteko prestatu», kontatu du Ondoak. Hura kulturen arteko bitartekari lanetan aritzen da Nafarroako Gobernuan. Eskertu du arrazakeriaren kontrako legea garatu izana, baina arau orok garatzeko baliabideak behar dituela oroitu du, eta ez du uste administrazioa ahal duen guztia egiten ari denik arrazakeriaren aurkako lanean. «Bitartekari lanetan ari garenak gara administrazioan lan egiten duten pertsona arrazializatu bakarrenetakoak; lanaldi partzialak dituzte anitzek, eta baldintza kaskarrak. Gauza anitz hobetu behar dira».

Enpresa pribatuetan egoera ez da bertzelakoa, Ondoak zehaztu duenez: «Kontratatzen bagaituzte, eskerrak ematen aritu behar dugu beti. Guretzat zaila da gure baldintzak hobetzeko borrokatzea, lanarekin batera hemen egoteko baimena gal baitezakegu. Hori da arrazaren zama, eta zuriek ez dakite zer den».
«Errora» jo
Gaz Kalo Nafarroako ijito elkarteen federazioko buru Ricardo Hernandezek ongi ulertu ditu Ondoaren hitzak; ijito herriak badaki mendeetako bazterketa zer den, Nafarroan ehunka urte eman arren haiek ere bertze bilakatu baitituzte: «Ijitook duela seiehun urte ailegatu ginen Iberiar penintsulara, baina oraindik ez dugu lortu dagokigun tokia; ez gaude erabakitzeko guneetan. Nafarroan ere, arrazakeriaren aurkako lege bat izan arren, ijitoak atzean gelditzen ari dira, eta ez dugu hori onartu nahi».
Hain zuzen, arrazakeria egiturazko kontu bat dela adierazi du Nafarroako SOS Arrazakeria erakundeko Beatriz Villahizanek, eta ijitoek, beltzek eta gainerako pertsona arrazializatuek pairatzen duten arrazakeriari aurre egiteko «errora» jo behar dela: «Nafarroako Gobernuko departamentu guztiek inplikatu behar dute arrazakeriaren kontrako borrokan, begirada antirrazistak administrazioaren jarduera oro busti dezan». Alexandre Serge Ondoak Villahizanekin bat egin du: «Jada ez da nahikoa arrazista ez izatea; antirrazista izan behar dugu».