Antzerkia, musika, dantza, zirkua... Diziplinen arteko mugak gaindituko ditu Erriberriko Antzerki Jaialdiak, datorren uztailaren 19tik abuztuaren 4ra bitarte. Jaialdiak 25. aldia du aurtengoa, eta urteurrena «eskerrak emateko» baliatu nahi dute ekinaldiko zuzendariek: «Ikus-entzuleak omendu nahi ditugu, eta erdigunean jarri», nabarmendu zuten Ane Pikazak eta Maria Goirizelaiak astelehenean, Iruñeko Baluarten egindako aurkezpenean.
Jaialdiak «bide sendo bat» egin duela azpimarratu du Nafarroako Gobernuko Kultura kontseilari Rebeca Esnaolak ere, eta Erriberrikoa dela Nafarroako kulturaren arloko ekinaldi nagusietako bat. Aurtengo aldian, 27 funtzio eskainiko dituzte. Emakumeak dira parte hartuko duten obretako hamalautan zuzendari, sortzaile edo idazle, eta ariko diren konpainietako zortzi, berriz, herrialdekoak dira. Zortzi horietako bakarra ariko da euskaraz: Yarleku konpainiak, zehazki, 104. haurra lana aurkeztuko du.
Erriberriko Antzerki Jaialdiaren aurtengo aldia da Pikazaren eta Goirizelaiaren zuzendaritzapean egindako hirugarrena —La Dramatica Errante proiektuko kide dira biak—; datorren urtekoa izanen da azkena, beraz, lau urterako kontratua sinatu baitzuten 2021eko abenduan. 11 proiektu aurkeztu ziren urte hartan, eta, lehendabizikoz, bi pertsonak osatutako zuzendaritza baten alde egin zuten kontratazio mahaiko arduradunek.
Pikazaren eta Goirizelaiaren gidaritzapean, Erriberriko Antzerki Jaialdiak «gai sozialen eta inklusioaren alde» egin du, eta emakumeen lana ikusarazteko ahalegin berezi bat egin du, gainera. «Aurtengo aldiak ere balio horiek lehenetsi nahi ditu», erran dute zuzendariek.
Bertze herri batzuk
Erriberri antzerkiaren erdigune izan dan azken 25 urteotan, Nafarroako Gobernuak antolatutako jaialdiari esker. Halaxe izanen da aurtengo aldian ere, baina jaialdiak izanen du toki bat bertze herri batzuetan ere. Azken urteotan bezala, Beiren eginen dituzte ekitaldi batzuk, bai eta San Martin Unxen, Tafallan eta Pitillasen ere; azken herri horretan, hain zuzen, Erriberriko Antzerki Jaialdia lehendabizikoz hartuko dute aurten. Herriotako kulturguneekin batera, Erriberriko Antzerki Jaialdiak karrikak ere hartuko ditu.
Tafallan eta Beiren, jaialdiaren babespean antolatu dituzten bi egoitza artistikoak eginen dituzte. Bietan Nafarroako artistak ariko dira: batetik, herrialdeko Paravan konpainiak Philia bere lana garatzeko lortu du egoitzetako bat; bertzetik, Maialen Diaz Urriza eta Emilia Ekai Arroniz aktoreek Y volver, volver, volver... proiektua landuko dute. Philia uztailaren 29an eta 30ean aurkeztuko dute, Beiren eta Erriberrin; Y volver, volver, volver..., berriz, uztailaren 30ean eta 31n emanen dute, Tafallan eta Erriberrin.
25. urteurrena ospatzeko, egitarau berezi bat antolatu dute Erriberriko Antzerki Jaialdiko arduradunek. Pikaza eta Goirizelaia zuzendariek garbi erran dute aitortza egin nahi dietela haien aurretik jaialdiaz arduratu diren lantalde guztiei, eta eskertu dute jaialdian parte hartu duten profesional guztien lana. Erriberriko agintarien eta herritarren inplikazioa ere nabarmendu dute. Mahai inguruak, erakusketak, tailerrak eta bertze eginen dituzte, eta Marta Pazosek urteurrenerako egindako instalazio bat jarriko dute, gainera, Erriberriko Teobaldos plazan.
Antzerki Jaialdirako sarrerak asteartetik daude salgai. Bertzeak bertze, Festivalteatroolite.es/eu eta Baluarte.com/eu helbideetan eskuratu daitezke.