Cannellito eta Nere jada ez dira bakarrik

Nafarroako Gobernuko basozainek fototranpaketa kamera batekin filmatu dute Garden ikusi duten hartz bat: 2021. urtean jaiotako ar bat da. Pirinioetan 83 hartz daude. Mendebaldeko gunean bizi dira haietako hamar, Biarno, Aragoi eta Nafarroa artean.

Hartz gazte bat Garden
Ekainean Garden ikusitako hartz gaztea. 2021ean jaiotako ar bat da, Soritaren kumea. NAFARROAKO BASOZAINAK
edurne elizondo
Iruñea
2024ko uztailaren 12a
05:00
Entzun

«Anitz aldatu da egoera». Horixe nabarmendu du Biarnoko (Okzitania) FIEP taldeko kide Gerard Caussimontek. Pirinioetako hartzez ari da: 1995. urtean, bost bertzerik ez zeuden Pirinio osoan; orain, berriz, 83 dira, iazko azken datuen arabera. Haietako bat, 2021ean jaiotako hartz ar gazte bat, Garden ikusi eta filmatu berri dute, ekainean; basozainen fototranpaketa kamera batek jaso du animaliaren irudia.

«Urtean %10 egiten du gora hartzen populazioak orain», zehaztu du Caussimontek. Pirinioetako erdialdean gertatu da, nagusiki, hartz arrearen berpiztea, baina mendebaldeko gunean ere egin du hobera. Dena ez da urre, halere. Erdialdean, dibertsitate genetiko eskasa arazo bilaka daitekeela ohartarazi dute adituek; mendebaldean, berriz, hartz kopuruak gora egin arren —hamar daude, Biarno, Aragoi (Espainia) eta Nafarroa artean—, kumeak izan dituen eme bakarra dago gaur-gaurkoz. «Hartz horri zerbait gertatuz gero, hogei urte eginen genuke atzera», erran du Caussimontek.

Cannelle emea Cannellito bere kumearekin, 2004. urtean. Cannelle urte hartako azaroan hil zuten tiroz. FIEP
Cannelle emea Cannellito bere kumearekin, 2004. urtean. Cannelle urte hartako azaroan hil zuten, tiroz. FIEP

Duela hogei urte, 2004ko azaroan, ehiztari batek Cannelle hil zuen tiroz; Pirinioetan jaiotako azken hartz arre emea zen —hamar urte lehenago Claude emea hil zuten—, eta hamar hilabeteko kume bat utzi zuen: Cannellito. Bakarrik gelditu zen Cannellito Pirinioetako mendebaldeko gunean, bere aita Nere hartzarekin eta Camille arrarekin. 2010ean, Camille hiltzat jo zuten, eta geroztik, bakarrik egon dira Cannellito eta Nere. Gauzak 2018an hasi ziren aldatzen: Frantziako Gobernuak Claverina eta Sorita hartz arre emeak mugitu zituen Esloveniatik Pirinioetako mendebaldera, Biarnora.

Udazkenean ailegatu ziren Claverina eta Sorita Pirinioetara; neguan zulo baten babesa bilatu zuen Soritak, eta, ondorioz, adituek pentsatu zuten ernari zegoela: udaberrian baieztatu ahal izan zuten hala zela, emea bi kumerekin atera baitzen zulotik. Ar batek, baina, kumeak hil egin zituen, emea berriz altan jartzea eragiteko. 2021ean, hiru kume izan zituen Soritak, eta hirurek lortu dute aurrera egitea. Hirurak arrak dira: Beroi, Larry eta Bious. Haietako bat da Garden agertu den hartza, hain zuzen. Iaz ere Soritak kumeak izan zituen: bi dira, eta haietako bat arra da. «Bertzea arra edo emea den ezin izan dugu zehaztu oraindik, gorotz edo ile lagin egokirik ez baitugu aurkitu, baina aurten egin ahal izanen dugula espero dugu», kontatu du Caussimontek.

Claverinaren kumeen zain

Nere, Cannellito, Sorita, Claverina, Bious, Larry, Beroi eta 2023an jaiotako bi kumeak dira, Rodri izeneko arrarekin batera, mendebaldeko gunean bizi diren hartzak. Rodri erdialdetik, Arango ibarretik, etorri da mendebalderantz, segur aski Nerek eta Cannellitok harat joateko bidean utzitako arrastoei jarraituz. Nere eta Cannellito emeen arrastoen bila mugitu izan dira mendebaldetik ekialderantz, Sorita eta Claverina ailegatu baino lehen. Cannellitok, hain zuzen, mendebaldeko gunetik at eman du azken urtea, Goi Pirinioetan. «Kontua da Cannellito dagoen eremuan emerik ez dagoela; iaz Douillous izeneko emea dagoen inguruan egon zen. 2019an jaiotako eme bat da Douillous. Hagitz berri ona litzateke Cannellitok kumeren bat izatea, Pirinioetako hartz baten azken ondorengoa baita», azpimarratu du Gerard Caussimontek.

«Sorita eta Claverina gabe, zenbait hamarkada behar izanen genituzke erdialdeko emeak mendebaldera ailegatzeko».

GERARD CAUSSIMONTFIEP taldeko kidea

Adituak, gainera, Claverinak kumeak noiz eduki zain dira. 2018an ekarri zutenetik ez du kumerik izan. «2022ko udaberrian, Nere egon zen Claverinaren ondoan, baina emea ez zen altan», aipatu du Caussimontek. Aurten bai, emea altan egon dela baieztatu ahal izan dute hartzen jarraipena egiten duten adituek; Caussimontek ezagutarazi du Claverina 2021ean jaiotako Soritaren hiru kumeetako batekin egon dela hilabete oso bat. «Aragoin egon dira. Lehen aldia da ar batekin hainbertze denbora ematen duena. Baliteke oraingoan bai kumeak izatea», erran du Caussimontek, pozik.

FIEP taldeko kideek garbi dute Sorita eta Claverina Biarnora ekarri izanak «salbatu» duela hartzen Piriniooetako mendebaldeko gunea. Emerik gabe, espezie horrek aurrera egiteko batere aukerarik ez zegoen. Emeek finkatzen dute hartz arrearen lurraldea, amaren inguruan gelditzen baitira beti. «Horrek erran nahi du poliki-poliki handitzen dela hartzen eremua», zehaztu du Caussimontek. «Sorita eta Claverina gabe, zenbait hamarkada behar izanen genituzke erdialdeko emeak mendebaldera ailegatzeko».

Sorita hartz emea Pirinioetan, 2018ko irudi batean. FIEP
Sorita hartz emea Pirinioetan, 2018ko irudi batean. FIEP

Erdialdean, hain zuzen ere, 1990eko hamarkadan egindako urratsek eragin dute egungo egoera: 1996an, Melba eta Ziva emeak ekarri zituzten Esloveniatik Pirinioetara, eta 1997an, Pyros arra. Melba tiroz hil zuten 1997an. Bi kume utzi zituen, eta Zivari esker, aurrera egitea lortu zuten. «Melba, Ziva eta Pyros hartzekin hasi zen dena; haiei esker egin du aurrera hartz arreak Pirinioetan; batez ere, Pyrosi esker, ar horren ondorengoak baitira erdialdeko hartz gehienak», nabarmendu du Caussimontek.

Pyrosen nagusitasunak badu alde txar bat: hartzen populazioaren dibertsitate genetikoari eragin dio. «Dibertsitate genetikoa eskasa da, eta horrek ondorioak izan ditzake epe ertain eta luzera», aipatu du Biarnoko FIEP taldeko kideak. Arazo horri aurre egiteko, Kataluniako Generalitateak Goiat arra mugitu zuen Esloveniatik Pirinioetako erdialdera, 2016an. «Goiatek, baina, ez du kumerik izan. Hiltzat eman dute orain. Kataluniako agintarien saiakerak, beraz, huts egin du». Pyros ere hiltzat eman zuten 2019. urtean.

Epaiketa, laster

Pyros Melbarekin eta Zibarekin iritsi zen Pirinioetara, 1990eko hamarkadan; Sorita eta Claverina, berriz, 2018. urtean. 2006an ere, Cannelleren heriotzari aurre egiteko, Frantziako Gobernuak Esloveniako hartzak mugitu zituen Pirinioetara: lau eme —Palouma, Sarousse, Hvala eta Franska— eta ar bat —Balou—. Palouma Pirinioetan askatu zuten urte berean zendu zen, eta hurrengo urtean, 2007an, Franska. Auto batek harrapatuta hil zen Franska, baina egin zioten nekropsiak agerian utzi zuen tirokatu egin zutela: perdigoiak zituen. Balou hilda aurkitu zuten, 2014. urtean, eta Sarousse, berriz, tiroz hil zuten, 2020an.

Cachou hartz arra ere 2020an hil zuten. Cachouren hilketak, hain zuzen, polemika handia eragin du Aran ibarrean, nekropsiak pozoituta hil zutela baieztatu baitzuen. Bi pertsona auzipetu dituzte: Aran ibarreko A. M. G. basozaina eta Jose Antonio Boya Lurralde kontseilari ohia. «Jakin dugunez, aurten zehaztuko dute epaiketa noiz egin», ezagutarazi du FIEP taldeko Caussimontek.

«Goiatek ez du kumerik izan. Hiltzat eman dute orain. Kataluniako agintarien saiakerak, beraz, huts egin du».

GERARD CAUSSIMONTFIEP taldeko kidea

2006ko hartzen artean, Hvala nabarmendu du Caussimontek. «Kume anitz izan zituen; Hvala ezinbertzekoa izan da erdialdeko populazioak gora egiteko. Hiltzat jo dugu jada».

«Egoera anitz aldatu da», berretsi du, Pirinioetako hartzei buruz. «Hartz gehiago daude, baina arriskuan dira, oraindik ere», zehaztu du. Adituen arabera, gutxienez 50 hartz ugaltzaile izan beharko lirateke espezie horrek aurrera eginen duela ziurtatzeko, eta kopuru hori urrun dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.