Botiketan ere bai, erraz eskuratzeko

Herrialdeko 50 botikatan ere egin daiteke orain GIB birusaren proba azkarra, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako itunari esker. Urrats hori egin izana eskertu du Sarek, eta erran du «inportantea» dela diagnosi goiztiar bat jasotzea.

GIB birusaren proba azkarra egiteko behar den materiala.
GIB birusaren proba azkarra egiteko behar den materiala. Nafarroako 50 botikatan egin daiteke orain. IDOIA ZABALETA / FOKU
edurne elizondo
Iruñea
2024ko maiatzaren 31
05:00
Entzun

Botiketan ere bai, herritarrek erraz eskuratu ahal izateko: Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak eta Nafarroako Botikarien Elkargoak hitzarmen bat sinatu dute, eta, haren bidez, herrialdeko 50 botikatan ere egin daiteke orain GIB birusaren proba azkarra. Iazko azaroan, hamabi botikak izena eman zuten proiektu pilotu batean, eta orain bertze 38k egin dute bat egitasmoarekin. Haietako bat da Pello Iturria Sarasibarrena, Iruñeko Estafeta karrikakoa. Iturria Sarasibarrek Pello Iturria Ormazabal semearekin egiten du lan; nabarmendu dute GIBaren proba azkarra «botikak herritarrei eskainitako beste zerbitzu bat» dela.

Osasunbidean, osasun etxeetan, Sexu eta Ugalketa Osasunerako Zentroetan eta larrialdi zerbitzuetan egin daiteke GIB birusaren proba; Osasunbidetik kanpo, berriz, Sare elkarteak eta Nafarroako Hiesaren Kontrako Herritarren Batzordeak egiten dute. «Garrantzitsua da proba erraz eskuratu ahal izatea; botiketan egiteak, gainera, lagundu dezake proba normalizatzen», erran du Sare elkarteko kide Leticia Remonek. Botikariek urrats hori egin izana eskertu du, eta prebentzioa eta zaintza «hagitz garrantzitsuak» direla azpimarratu.

Pello Iturria Sarasibar eta Pello Iturria Ormazabal aita-semeak, joan den astean, Iruñeko euren botikan. IDOIA ZABALETA / FOKU
Pello Iturria Sarasibar eta Pello Iturria Ormazabal aita-semeak, joan den astean, Iruñeko euren botikan. IDOIA ZABALETA / FOKU

Pello Iturria Sarasibarrek bere botikan ditu jada GIBaren proba azkarra egin ahal izateko materialak. Probaren berri ematen duen kartela paretan jarri du, eta mahai baten gainean, berriz, probari buruzko informazioa jasotzen duten eskuorriak. «Erraza da; odol tanta batekin nahikoa da», azaldu du botikariak. Hogei minutu inguru itxaron behar da emaitza jasotzeko, eta denbora hori galdetegi bat betetzeko baliatzen dute botikariek. «Proba anonimoa da. Hogei minutuz zain egon behar izatea, akaso, ez da erraza. Gure betebeharra da etortzen diren herritarrak lasaitzea eta laguntzea», gaineratu du.

Botikariek trebatu behar izan dute, hain zuzen ere, proba egiten hasi baino lehen, herritarrak behar bezala artatzeko. Proba egiten dutenak «urduri» egoten ohi dira emaitzaren zain, emaitza positibo batek ekar dezakeenaren «beldur» baitira. Horixe azaldu du Remonek, eta nabarmendu du indarrean segitzen dutela GIB birusaren eta hiesaren inguruko aurreiritziek: «Arlo klinikoan anitz egin dugu aurrera, baina esparru sozialean indarrean da, oraindik ere, 1990eko hamarkadan GIBaren eta hiesaren inguruan eraikitako iruditeria, eta iruditeria horrek estigma eta bazterketa eragiten ditu», salatu du Sare elkarteko kideak.

«Arlo klinikoan aurrera egin dugu, baina esparru sozialean indarrean da, oraindik ere, 1990eko hamarkadako iruditeria». 

LETICIA REMONSare elkarteko kidea

1990eko hamarkadatik erabat aldatu da GIB birusa dutenen egoera. Birus hori, baina, heriotzarekin lotzen segitzen dute herritar anitzek. Horixe erran dute Sareko kideek: «GIB birusa eta hiesa gauza bera dira herritar anitzentzat. Mezu hori zabaldu da, eta hiesa heriotzarekin lotzen dute», aipatu du Sareko kide Lorea Gurutxarrik. Mezu horrek ez du zerikusirik errealitatearekin, ordea, egungo tratamenduek GIB birusa detektagaitz bilakatzea lortzen baitute. «Ondorioz, ezin da birusa transmititu. Diagnosiak, beraz, eten egiten du transmisioa. Horregatik da hain garrantzitsua proba egitea, arrisku praktikak izan badituzu», berretsi du Leticia Remonek.

«Tratamendu hagitz eraginkorra»

Elenak horixe egin zuen 2017ko azaroan: proba egitera joan zen, arrisku praktika bat egin eta gero. Asmatutako izena da Elena, nahiago baitu benetakoa ez eman. «Neure burua babestu nahi dut. Erasoak jasan ditut nire diagnosiaren ondorioz», erran du. 2017ko azaroan, Iruñeko Txantreako Andraize zentroan egin zioten GIB birusaren lehen proba. Astebete zain egon eta gero, kontsultara deitu zuten, eta han erran zioten positiboa zela. «Kolpe handia izan zen», oroitu du. Orduan, Elenaren kezka bakarra zen jakitea zer urrats egin behar zituen: «Proba osoago bat egin beharko nuela erran zidaten, eta tratamendu bat emanen zidatela. 11 urteko haur bat dut, eta hura zen nire kezka bakarra».

Elenak azaldu du lehendabiziko hiru hilabeteak «gogorrak» izan zirela: «Botika hartzen hasi nintzen, eta nire gorputzak denbora hori behar izan zuen egokitzeko. Azaleko pHa aldatu zitzaidan, ilea erori zitzaidan, goitika egiten nuen egunero...». Hiru hilabete pasatuta, botikak eragindako kalte horiek desagertu ziren. «Diagnosia jaso eta hiru hilabetera, birusa detektagaitza zen jada, eta halaxe segitu du geroztik egin ditudan azterketa guztietan», kontatu du Elenak. Hilabete batez botika hartu gabe egon zela jakinarazi du, oporretan zela poltsa lapurtu eta botikarik gabe gelditu baitzen, eta, hala eta guztiz ere, haren egoerak ez zuen okerrera egin. «Tratamendua hagitz eraginkorra da», berretsi du.

Zailagoa da gizartearen begiradan eragitea. Horixe garbi dute Sareko kideek; Elenak ere bai. Saren aurkitu ditu gizartearen aurreiritziei eta bazterketari aurre egiteko tresnak, hain justu. «Sare etxe bat izan da niretzat», nabarmendu du. Lehen babesa elkarteak eman zion, eta elkarteko kideek lagundu dute diagnosia jaso zuenetik egin duen bidean. «Familiak ere babestu nau, baina urruti dago. Familiako kide batzuek nire kontra egin dute, halere; batzuek erran didate neronek deitu niola gaixotasunari».

«Diagnosia jaso eta hiru hilabetera, birusa detektagaitza zen jada, eta halaxe segitu du azterketa guztietan». 

ELENAGIB birusa duen herritarra

Lehen urtean, hiru hilabetean behin egiten zioten azterketa Elenari; bigarrenean, lau hilabetean behin; eta orain, urtean bitan. Lortu duen sareak uxatu ditu Elenak bidearen hasieran izan zituen beldurrak; atzean utzi ditu hasierako autoestimurik eza eta bakardadea ere. Txalotu egin du botikariek eta Nafarroako Gobernuak egindako hitzarmena: «Inportantea da proba erraz egin ahal izatea, eta botiketan horren berri zabaltzea. Arrisku praktikaren bat izan duenak egin dezala proba, inportantea baita birusa ahalik era azkarrena antzematea. Tratamendua eraginkorragoa izanen da, eta transmisioa etetea lortuko dugu. Nork bere burua zaindu dezala».

SARE elkartekoen GIBari buruzko kanpainetako materiala.
Sare elkartekoen GIBari buruzko kanpainetako materiala.

Zaintzaren mezuarekin bat egin dute Sareko Lorea Gurutxarrik eta Leticia Remonek, eta zaintza, komunikazioa eta autoestimua oinarri izanen dituen sexu heziketa bat aldarrikatu dute; ez bakarrik gaztetxoentzat, «helduentzat ere bai». Sexu bidez kutsaturiko gaitzei buruz, «dagokien testuinguruan» jarri dituzte Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak zabaldutako datuak; erakunde horrek 1.343 kutsatze zenbatu zituen iaz. «Kutsatze kopuruak gora egin du, eta gora egin du egiten diren proben kopuruak ere», zehaztu du Remonek. Klamidia infekzioari buruzko datuak aipatu ditu: 2023an, 840 kasu. «Kontua da Nafarroan hasi garela lehen zitologiarekin batera klamidiaren proba egiten».

Ona da gaitza duenak hori jakitea. Horixe berretsi dute Sareko kideek. Prebentzioaren eta zaintzaren alde egin dute, eta aurreiritzien eta estigmaren aurka.

37

Zenbat kasu antzeman zituzten iaz. Nafarroako 37 herritarri antzeman zieten GIB birusa 2023an. GIB birusa duten 1.257 pertsona bizi dira herrialdean, 2022ko datuen arabera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.