Ana Jaka
IRITZIA

Bollo-bollo

2024ko apirilaren 19a
04:55
Entzun

Hurrengo asteburuan, apirilaren 26tik 28ra, EHko Bollotopaketak egingo dira Leitzan. Hilabete dezente dira bollera talde bat hauek antolatzen ari zela jakin nuela, eta nik bezala, beste bollo, kuku, marioker askok; ikusi besterik ez dago izena emateko epea hasi eta hurrengo egunean 100 lagun jada izena emanda zeudela, eta jendaurreko aurkezpenak egin baino lehen 400eko langa gainditua zela, bestaldetik langarik ez daukaten topaketetan 500 bat biltzera erraz iritsiko direlarik.

Nola enteratu nintzen? Ez nago ziur. Bollokide batek esango zidan. Birbidalitako mezua jasoko nuen... Dakidana da jakin bezain laster hasi nintzela lagun bollerei esaten, data gorde zezaten eskatuz, eta, zehaztasunak jaso ahala, horiek partekatzen. Eta horrela, bolo-bolo, bolloz bollo, bollo-bollo, aritu garela, haiek eta ni, zuek eta gu, hura eta hi.

Aurreko ostiralean Iruñean egin zen aurkezpenean antolatzaileetako bati galdera egin nion ea zein bide erabili dituzten deialdia egiteko, eta aipatu ere egin nion ez dudala ohiko hedabideetan ezer ikusi, ez sare sozialetan ere (beharbada ez naizelako oso sarezalea, egia osoa esatera). Ya.., erantzun zidan ezaxola, baina iritsi gara, ez? Irribarretsu begiratu genion elkarri, harro.

Hitz zahar bat etorri zitzaidan gogora: radarra (gaydar ere esaten genion, maskulino generiko horretatik oraindik askatu gabeok) eta, horrekin batera, errima erraza: beharra, edo, hobeto esanda, beharrak (pluralean aritzen ere aspaldi ikasiak gara). Beharrek eraman gaituzte gure bizitza bolleroak posible egiten dituzten tokietara, irudikatzen dituzten liburu eta filmetara eta, batez ere, beste bollerengana. Radarrak funtzionatu du, ez dago zalantzarik, baina radar hitzari zegokion kode sekretuko kutsua gainditu dugula gehitu behar dut ezinbestez. 

Beharrek eraman gaituzte gure bizitza bolleroak posible egiten dituzten tokietara, irudikatzen dituzten liburu eta filmetara eta, batez ere, beste bollerengana.

2023an 40 urte bete ziren Zamalbiden lehen Euskadiko Lesbianen Jardunaldiak egin zirenetik. Urteurren honen harira sortu zen aurten egingo diren Bollotopaketen ideia. Hitzak eta horiek izendatzen/ikusarazten/sortzen dituzten errealitateak aldatu egin dira. Elkartzeko beharrak dirau. Eta maila nazionalean egitekoa azaleratu da urte askoren ondoren (1997an egin ziren horrelako azkenak).

Landuko diren edukiei garrantzia kendu gabe (egitarau itzela ondu dute), moduei, hau da, topaketak antolatzeko eta gauzatzeko hartu diren erabakiei, eskaini nahiko nizkieke azken lerro hauek. Izan ere, aktibismoak erakutsi dit aritzeko moduak duela egiten denaren bezainbeste garrantzia, edo gehiago. Hona hemen antolatzaileen apustuak: bidean egindako bileren izaera irekia eta asanblearioa, identitate anitzen aitorpena, autogestioaren aldeko hautua, transinklusibitatea, irisgarritasuna, umeen zaintza, deszentralizazioa eta euskara erdigunean jartzea. Bidaide ederragorik ba al da? Bihotzez eskerrik asko, zorionak eta laster arte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.