Olatz Azpirotz Larzabal.
IRITZIA

Bizitza irakurtzeko

2024ko ekainaren 28a
04:55
Entzun

Ekain hasieran, Gasteizko Azpimarra irakurle taldeak antolaturiko Poesia mailu bat da jaialdiko mahai ingurura agertu nintzen. Bertan, Joseba Sarrionandiak, Martin Bidaurrek eta Uxue Apaolazak hitza hartu eta hainbat galdera erantzun zituzten. Gogoan dut lehenengoa: Literatura arriskutsua da? Hirurek, umorea zein pasadizo bitxiak baliatuz, baiezko erantzuna eman zioten galderari; bai, literatura arriskutsua da, batik bat, zapaldutako genero batek egiten badu, eta zapaldutako hizkuntzan zein herrialdean sortzen bada, azken finean, diskurtso ofizialetik kanpo dagoen errealitate baten nondik norakoak islatzeko eta zabaltzeko balio baitu.

Testuari hasiera emateko literaturak har ditzakeen arriskuei buruzko aipu bat bilatzen nenbilelarik, gaur egun, globalizazioaren erruz, Interneten «literatura arriskutsua» sortzeko jarraibideak aurki daitezkeela ikusi dut. Akabo.

Halere, kultura gizatiarra den heinean, uste dut gure kulturgintzan arriskua gauzatzea beti erabaki kontziente bat izan dela, baina euskal kultura zabaltzeko irekitako liburu dendak zabaltzea, horiek kulturaz hornitzea eta denboran iraunaraztea askoz ere garrantzitsuagoa zein arriskutsuagoa izan da.

Orain dela hilabete gutxi jakin nuen San Domingo kalean kokaturiko Marcela Abarzuzaren eta Rafael Rodriguezen liburu dendak, Abarzuzak, atea itxiko zuela, eta, ordutik, ez dira gutxi izan gertukoek Iruñetik eskaini dizkidaten azken liburu aleak, ezabagomak zein erraldoien figurak. Berria jakin nuenean, ez nintzen asko harritu, denboraren bidean ezin baikaitezke arnastera gelditu; halere, berriak nahigabea sortu zidan.

Gero eta turistikoagoa den eta arrotzagoa zaigun Iruñeko Alde Zaharrean ibilbide luzeko denda batek atea ixtea, eta, are gehiago, atea ez ixteko ahaleginean lekukorik ez topatzea errealitateak emandako eztenkada bat da. Azken hori gertatu zaie Abarzuzakoei: bi urtez lekuko bila ibili ostean, ez dute liburu denda eskualdatzeko inor aurkitu; baina ez jendea gerturatu ez izateagatik, baizik eta eskualdatzeek dakarten burokraziarengatik eta bankuek jarritako zailtasunengatik.

Kultura betidanik hankamotz ibili da eta gu erabili izan gaitu makulu gisa, kontsumitzaileok hura indartu, sustatu eta zabaldu dezagun. Haatik, gurea bezalako kasuan, ardura hori ez da hain erraza eta eramangarria izaten, egunero errealitateak euskal kultura eta gu geu zanpatzen baikaitu. Ardura hori gutxi balitz bezala, gaur egungo egoera soziopolitikoa dela eta, azkenaldian kulturak guztion salbazioa ekarriko duen ideia zabaltzen ari da, baina, horrela izatekotan, nork salbatuko ote du geure kultura? Guk ezin dugu, ez digute uzten eta gutako askok ez dute eurengan ardurarik hartzen. Beraz, eztenkadetan ukenduak nahiz lotura itsaskorrak jartzen ditugularik, momentuz, arriskutsuak izaten jarraitzea dagokigu.

Eskerrik asko, zinez, Abarzuza, bai ni baita gertukoak ere etxean bezala sentiarazteagatik eta gure hizkuntza luzaroan zaindu eta zabaltzeagatik

Zientziaren arabera, egunean milaka erabaki hartzen ditugu, eta horietako %1 soilik da kontzienteki hartutakoa; akaso, zailenak, astunenak, automatikoenak, baina, batzuetan atseginenak ere bai. Marcelak Nafarroako Hitza-ri eskainitako elkarrizketan Uxue Alberdiren Dendaostekoak liburua gomendatu zuen, berak bat egiten baitu bertan kontatzen den istorioarekin. Emandako adierazpena ez da kasualitatea, momentu eta bizipen bakoitzak bere sorkuntza-lana du, lotuta gaude eta elkarrekiko menpekotasun hori beharrezkoa da, kulturak %1 horretan lekua izan dezan eta erabaki inkontzienteek iraungitzerik ekar ez dezaten.

Eskerrik asko, zinez, Abarzuza, bai ni baita gertukoak ere etxean bezala sentiarazteagatik eta gure hizkuntza luzaroan zaindu eta zabaltzeagatik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.