Ezustean izan nuen nik bizirauteko kitaren berri; gertuko batekin telefonoz hitz egiten nenbilela, hark gaiari erreferentzia egin zion, eta behin deia amaiturik izan nuen kutxatila horren berri. Ezin izan nion kita osatzeko beharrezko osagaiak bilatzeari muzin egin; hortaz, hona hemen aurkitutako batzuk: gutxienez 5 litro ur pertsonako, medikamentuak, esku-argia, hainbat erreminta, iraungitzen ez den janaria, eta abar.
Hortik aurrera, kitaren auzia probestuz, azken asteotan, hainbat afixa nahiz iragarki ikusi ditut zenbait denda eta zerbitzutan, batzuk kaligrafia erakargarriarekin idatziak eta beste batzuk argazkiekin lagunduta: liburuz beteriko kita sortzera animatzen zuen kartela, bat-bateko zein ohiko apetak asetzeko hestebetez beteriko kita, edertasuna mantentzen lagunduko dizutela promesten duen kita, eta abar.
Orain hilabete bat, amamarekin hitz egiten eta gaur egungo itxurakeriari buruz geniharduenean, inoiz zopa berorik jan gabeko pertsona ugari daudela esan zidan, eta, kontu ugaritan bezala, arrazoia zuen. Esaera hura entzun nuen lehen aldia izan zen, edo hori uste dut, nire etsipenerako sekula ez bainaiz esaerak gogoratzeko abila izan, baina entzun nuenetik gertu sentitu dut; izan ere, bizirauteko aitzakian sortu dugu bakoitzak, ustez, bizitzeko beharrezkoa duena biltzen duen eslogana. Haatik, esloganak nekez dira pertsona oro zeharkatzeko gai, eta, beraz, pertsona ugari gaude eslogan horien guztien erpinetan eta geure bizirauteko nahiz bizitzeko kutxatila magikoaren zain.
Nik ez dut sekula bizirauteko beharrik izan, eta eskerrak, edo, behintzat, erantzun hori berori datorkit boteprontoan; hala ere, gaur egungo bizimodua aintzat harturik eta, halaber, inoiz bizitzen jakin ez dugula aintzat harturik, ez ote gabiltza aspalditik porlanetik narrasean?
Aspaldi bihurtu zen askoren arnasa arnasestu, gaztetan izandako bizkar prestua konkor, behatz lodiko kurba juanikote, eskuko azazkalak lur arrastoen nahiz azazkal-berniz arrastoen gotorleku, beharra nahiz energia salneurri, eta besarkadak denbora librean soilik eman beharreko keinu. Ildo beretik, ez dakit inoiz jakin ote dugun, eta, bidenabar, jakinen ote dugun bizitzen eta bizitza bera zer den; alabaina, ez dugu zailtasun eta oztopo handirik izan ustezko bizitza horri eusteko beharrezkoak ditugunak zerrendatzeko.
Dena den, nik ez dakit zer sartuko nukeen bizkar-zorroan, zaila egiten zait erabakitzea; hainbeste urtean ustez behar ditugun hainbeste objektu edukitzera bultzatu gaituzte, ezen ez dakit bizkar-zorroan zeintzuk sartuko nituzkeen. Auskalo; gainera, badakit, ziurrenik, ez dudala zerrenda bere horretan eta osorik betetzen jakinen; eta, nork daki, beharbada, orduan jakinen dugu zer behar dugun bizitzeko eta bizitzen ari garelako kontzientzia izateko.
Ez dakit noizbait bizirauteko kitik beharko dugun, oxala ez balitz hala; baina, behar izanez gero, behin bizitzen dakidanean izan dadila
Azken urteotan bizitzatik inoiz baino azkarrago aldentzen ari gara, hain urrun dugu noizbait laztandutako bizitza, sekula esperimentatu bagenuen, non biziraupenean pentsatzen dugun bizirik gaudela gogoratzeko; hala eta guztiz ere, horrek deus gutxirako balio du, biziraupena erdigunean jartzeak bizitza fokutik kanpo geratzea baitakar.
Ez dakit noizbait bizirauteko kitik beharko dugun, oxala ez balitz hala; baina, behar izanez gero, behin bizitzen dakidanean izan dadila. Bien bitartean, laster urtebete landaturiko ahabiari loreak loratuko zaizkiola ikusi dut, eta hori oso atsegingarria izan da.