Leire Itoiz zangozarrak 43 urte ditu, eta memorian fresko herriko ikastolari buruzko hamaika oroitzapen. 4 urterekin hasi zen ikastolan. 7 zituen 1987an, Zangozan Nafarroa Oinez lehendabizikoz ospatu zutenean, eta 16, berriz, 1998ko bigarren aldian. Estreinako Oinez bestari buruz, gogoan du, batez ere, antolatzaileek megafoniatik bere amari deika pasatu zutela eguna, Itoiz hainbat aldiz galdu baitzen, ibilbideko gune batetik bertzera. Bigarrenekoaz, berriz, «lan pixka bat» egin behar izan zuela oroitzen du, baina, batez ere, lehen besta egiteko baliatu zuela eguna. Aurtengoa laugarren Nafarroa Oinez besta izanen da zangozarrentzat, eta han izanen da Itoiz, bertze gurasoekin batera. Bide bat egina du ikastolaren ondoan.
«Ni izan nintzen seme-alabak ikastolara eraman zituen lehendabiziko ikasle ohia», kontatu du Itoizek. Haren alabak aurrekoa izan zuen azken ikasturtea ikastolan; Iruñeko Iturramako institutuan ari da orain, Batxilergoan. Semeak Zangozan segitzen du, ikastolan, DBHko bigarren mailan. «Semeak, segur aski, Batxilergoa Irunberrin egiteko aukera izanen du, han eraikitzen ari baitira eskualde osorako euskarazko institutua. Orain, Iruñera joatea da euskaraz ikasten jarraitzeko aukera bakarra».
1978. urtetik
Bere gurasoen bidetik egin duela aurrera. Horixe nabarmendu du Leire Itoizek: «Gurasoek nahi zuten nik euskaraz ikastea eta bizitzea, eta nik gauza bera nahi dut nire seme-alabentzat». Egoera anitz aldatu dela azaldu du. Batetik, egin direlako urratsak euskararen normalizazioa lortzeko bidean, eta hori sumatzen delako Zangozan ere; eta, bertzetik, ikastola handituz joan delako, eta, ondorioz, «hasierako espiritua», neurri batean, lausotu egin delako. «Ni ikastolan hasi nintzenean, denak ginen familia bat, eta guraso guztiek zuten nire gurasoen helburu bera: haurrok euskaraz ikastea eta bizitzea. Orain nork bere arrazoiak ditu ikastola hautatzeko. Familia bat gara, oraindik ere, baina handiagoa».
Zangozako ikastolak 1978an hasi zuen bere bidea. Itoizena ikastolako hirugarren promozioa izan zen. «Zortzi ginen gelan», oroitu du. Gaur egun, 167 ikasle ditu zentroak. Carmengo komentua izan zen ikastolako haurren lehen egoitza; gero, 1991n, eraikin berria inauguratu zuten, 1987ko Nafarroa Oinez-en lortutako diruari esker. Handituz joan da ikastetxea, eta, 2005ean, Haur Hezkuntzako eraikina egin zuten. Iaz, ikastolaren 45. urteurrena ospatu zuten zangozarrek, eta, aurten, Nafarroa Oinez besta dute ospatzen jarraitzeko.
«Ni izan nintzen seme-alabak ikastolara eraman zituen Zangozako ikastolako lehendabiziko ikasle ohia»
LEIRE ITOIZ Zangozako ikastolako ikasle ohia
«Kalitatezko hezkuntza euskaldun eta kooperatibo» baten alde egiteko antolatu dute zangozarrek Nafarroa Oinez, eta herritarrak parte hartzera deitu ditu Leire Itoizek. Azken urte eta erdian egindako lana nabarmendu du. 2014an egin zuten Nafarroa Oinez besta Zangozan azkenekoz, eta urte hartan materialaren arduradun aritu zen Itoiz. «Lan eta lan aritu ginen urte osoan eta bestaren egunean», gogoratu du. Aurten ere behar den tokietan ariko da lanean, etziko dena prest izateko eta besta «giro ederrean» ospatzeko.
Bihar hasiko dira Zangozako giroa berotzen, gaiteroak eta txistulariak herriko karriketan izanen baitira. Artisauen azoka eta txalaparta tailerra ere eginen dituzte, eta BERRIAren eskutik, Mantangorri tailerra. Zangozako ikastolak eta Baionako Bernat Etxepare lizeoak bazkaria eginen dute, eguerdian, eta, ondoren, arratsaldeko giroa alaitzeko, dantzariak, txarangak eta bertze izanen dira Zangozako karriketan. 20:00etan, berriz, Donostiako Mugan taldeak joko du. Igandekoa izanen da egun handia, eta Zangozako ikastolako kideak prest dira Euskal Herri osoko euskaltzaleak hartzeko, prestatu duten 3,5 kilometroko ibilbidean gora eta behera ibil daitezen.
egitaraua
- Igandea.
- 10:00. Zangozako udal banda. Lehen gunean.
- 12:00. Motxila 21. Lehen gunean.
- 12:00. Kiki, Koko eta Moko pailazoen ikuskizuna. Hirugarren gunean.
- 13:00. Sarai Robles eta Bittori Elizalde bertsolariak. Lehen gunean.
- 14:30. Leihotikan. Hirugarren gunean.
- 15:00. Ibil bedi. Bigarren gunean.
- 16:30. Anari. Bigarren gunean.
- 17:15. Eztitan. Lehen gunean.
- 17:30. Trikidantz. Hirugarren gunean.
- 18:00. Lumak. Bigarren gunean.
- 19:00. Larrain dantza. Lehen gunean.