Begi barneko presioa handitzeak eragiten duen patologia degeneratibo bat da glaukoma. Begiak likido bat du barruan, etengabe berritzen dena, baina, drainatze sistemak huts egiten badu, begi barneko presioa handitu, eta nerbio optikoari kalte egin diezaioke. Hau da, begi barruko likidoa pilatu egiten da, begia puztu, eta horrek nerbio optikoa zanpatzen du. Glaukomaren Nazioarteko Eguna izaten da martxoaren 12koa, eta Nafarroako Retina elkarteak egun hori baliatu du gaitzaren berri emateko eta eritasunari aurrea hartzeko kanpaina bat egiteko. Bi minutuko proba bat egitea nahikoa da glaukoma prebenitzeko.
Martxoaren 11tik 14ra, Nafarroa osoko 35 optikak glaukoma antzemateko probak egin dituzte, doan. Ez da Retina elkarteko kideek egindako gisako lehen kanpaina; aurrenekoa egin zutenean, duela 11 urte, zazpi optikak hartu zuten parte. 2014tik, 2.500 pertsona inguru artatu dituzte, eta haietako 163k tentsio okular handia zeukaten.
Idoia Albeniz Nafarroako Retina elkarteko gizarte langileak azaldu duenez, tentsio okularra handia izateak ez du zertan glaukomaren sintoma bat izan. Hala ere, zehaztu du adierazle bat izan daitekeela: «Tentsioa handia izan daiteke, korneak ohi baino lodiera handiagoa duelako. Horregatik, garrantzitsua da, tentsioa handia denean, espezialistarengana joatea».
Albenizek azpimarratu du glaukoma «gaixotasun isil bat» dela. Izan ere, zaila izan ohi da sintomarik hautematea eritasuna asko garatu arte. Glaukoma asko garatu izanaren sintomak ondokoak dira buruko mina, ikusmen bikoitza, ikusmen ahula edo ikusmena galtzea. «Ikusmen periferikoa galdu ohi da hasieran. Ikusmen periferikoa ere beharrezkoa den arren, ez dugu horrenbeste erabiltzen. Ondorioz, askotan ez gara ohartzen ikusmena galtzen ari garela», esan du Retina elkarteko kideak.
«Garaiz antzematen bada, gaitza geldiarazteko moduak daude, begiko beste patologiekin ez bezala»
IDOIA ALBENIZNafarroako Retina elkarteko gizarte langilea
Nerbio optikoa lehortzen bada, ez dago ikusmen gaitasuna leheneratzeko modurik, ez dago atzera-bueltarik. Horregatik, Albenizek nabarmendu du garrantzitsua dela prebentzioa lantzea: «Garaiz antzematen bada, gaitza geldiarazteko moduak daude, begiko beste patologiekin ez bezala. Adibidez, tantak». Tanta mota asko daude, eta norberak ikusi behar du ongi zeinek egiten dion. Horrez gain, kirurgia laserrak eta beste teknika batzuk daude.
Ez dago argi zein faktorek eragiten duten glaukoma, baina 40 urtetik gorakoek, aurrekari genetikoak dituztenek, miopia handia dutenek edo beste patologia batzuk dituztenek glaukoma izateko joera handiagoa daukate, ikerketen arabera. Betaurrekoak dituztenen kasuan, optikara joaten direnean ikusmenaren azterketa egitera, tentsio okularra ere neurtu ohi diete. Albenizen arabera, halere, 40 urtetik gorako «guztiek» egin beharko lukete proba: «Nik ez dut betaurrekorik erabiltzen, eta, ondorioz, ez dut optikara joateko ohiturarik, baina horrek ez du esan nahi glaukoma izateko aukerarik ez dudanik. Duela bi urte proba bat egitera joan nintzen, eta, tentsioa handia zenez, medikuarengana bidali ninduten dena ongi zegoela ziurtatzeko. Edonori gerta dakioke».
Albenizek zenbait gomendio eman nahi izan ditu ikusmena zaintzeko; hala nola urtero azterketak egitea, eguzkitako betaurreko egokiak erabiltzea, begiak garbitzea, pantailen dirdira apaltzea, pantaila horiek ilunpetan eta denbora luzez ez erabiltzea, eta begi barneko presio neurtzea. Retina elkarteko langileak berretsi du inportantea dela gaitzari aurrea hartzea.
Proba egiteko urratsak
Begi barneko tentsioa neurtzeko proba minutu gutxiko kontua da. Iruñeko Udaletxe plazan dagoen Joaquin Alforja optika da kanpainan parte hartu duten optiketako bat, eta hango Saioa Salbarredi optikari optometristak jakinarazi du aurtengo kanpainan hamasei lagun inguru artatu dituztela: «Oso proba azkarra denez, eta, behin ordua eskatuta, aldizkako azterketa egiteko aprobetxatzen dugu».
Begi barneko tentsioa neurtzeko, aire-tonometroa erabiltzen dute azterketan, pazientearen begiarekin inolako kontakturik izan gabe,. «Gaur egun, proba askoz zehatzagoa da», esan du Salbarredik. «Lehen, gailuak ez zuen erretinaren loditasuna kontuan hartzen, eta, batzuetan, tentsio handia neurtu eta medikuarengana bidaltzen genituen».
Proba egin aurretik, hitzordua eskatu duenari aurrekari genetikoengatik galdetzen diete. Ostean, aire-tonometroari begira jarri, eta banan-banan aztertzen dituzte begiak. Salbarredik Iker Lopez Alforja lankideari neurtu dio tentsioa, kasurako: «Haize pixka bat ateratzen da, baina Iker ez da ia mugitu». Guztiz ongi dagoela ziurtatzeko bi edo hiru aldiz egin behar izaten da proba, baina pare bat minutuko kontua da.
Emaitzaren balioa 10-21 mmHg-koa bada presioa normala da. «Tentsioa handia izateak ez du zertan larritzekoa izan. Besterik gabe, esan nahi du oftalmologoak artatu behar zaituela», zehaztu du Salbarredik. Proba amaituta, emaitza azaldu eta paper bat ematen dute. «Dena ongi», ondorioztatu dio lankideari.